Urtetik urtera emaitza hobeak erdiesten ari da Begoña Lazkano (Pasaia, Gipuzkoa, 1994). Goranzko joerarekin jarraitu nahi du Munduko Txapelketako finalean egonda. Bi mailatan hartuko du parte.
Seguru ekingo diozu txapelketari?
Ongi sentitzen naiz, eta asko entrenatu gara. Ea ongi lehiatu gaitezkeen eta aurrean egon.
Zure kirol ibilbideko txapelketarik garrantzitsuena da?
Aurretik birritan lehiatu naiz olinpiar distantzian. Hortaz, hirugarren aldia izango da elitean jardungo dudala, baina prestakuntza serio bat egin dudan lehen aldia da.
Ongi iritsiko zara, beraz.
500 metrokoen K1 eta K4 mailetan hartuko dut parte. Munduko Kopan oso emaitza onak lortu genituen, eta irrikaz nago aurkariekiko maila mantentzen dugun ikusteko. Azken finean, Munduko Kopak neurria hartzeko egokiak dira, baina denon helburu nagusia Munduko Txapelketa da, eta garesti egongo da finalerako sailkatzea.
Zein asmorekin irtengo zara?
Guztiaren bila irtengo naiz. Ea zorte apur bat dudan kanporaketetan, bidean aurkari gogorrekin topo egitea posible delako, eta finalean lehiatu naitekeen. Horixe da nire helburua.
Mugarria finalak dira?
Olinpiar distantzian ez dut finalik jokatu, eta ilusioa egiten dit. Horra iristea Munduko Kopan lana ongi egin eta maila dudan seinale izango litzateke. Gero, finalean, zenbat eta aurrerago gelditu, orduan eta hobe. Bereziki K4 mailan, horretara bideratu baititut entrenamendu gehienak. K1 mailan gogotsu jardungo dut, baina helburu nagusia K4 maila da.
Zeintzuk izango dira zure aurkari nagusiak K4ko finalean sartzeko?
Itxuraz, selekzio onenak Hungaria, Zeelanda Berria, Alemania, Frantzia eta Polonia dira, besteak beste. Baina edozer gerta daiteke. Gauzak asko aldatzen dira denbora gutxian: ez dakit inork errepikatu duen garaipena Munduko Kopa eta Europako Txapelketan.
Lehia estua egongo da, hortaz.
Tarteak oso txikiak dira. Selekzioen maila asko ari da hazten, eta asko borrokatu beharko gara emaitza ona lortzeko.
Nolakoak izan dira prestaketa lanak?
Munduko Txapelketa abuztuan da, baina denboraldia urrian hasi nuen. 11 hilabete entrenatzen. Entrenatzaile berria dut orain, eta bi sasoi koska izateko egin dugu lan: Munduko Kopa eta Txapelketa. Maiatz amaieran izan zen kopa; ondoren, apur bat behera egin genuen eta, orain, berriz ere, gora. Asmatu dugulakoan nago.
Urtean zehar Sevillan bizi zara.
Urte osoko egonaldia egiten dugu Sevillan hamar neskek. Halere, udan egiten duen beroarengatik Asturiasera joan gara. Txekiako klimaren antzekoagoa da gainera Asturiasekoa.
Ur lasaietako piraguismoa goraldian dago?
Piraguismoa, oro har, eta neskena bereziki. Taldea asko ari da hazten. Aspaldi ez zegoen horren talde handia.
Eta euskal piraguismoa nola ikusten duzu kanpotik?
Oso talde handia dago Euskal Herrian. Palista asko eta onak daude. Geroz eta euskal herritar gehiago ari dira Espainiako selekzioan. Ongi lan egiten ari den seinale da.
Begoña Lazkano. Piraguista
«Olinpiar distantzian ez dut finalik jokatu, eta ilusioa egiten dit»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu