Hiru aste igaro dira saskibaloi denboraldia abiatu zenetik, eta Baskonia talde izaera aurkitu nahian dabil. Azken denboraldian ACB ligako kanporaketetatik kanpo gelditu ondoren, Pablo Laso ekarri zuen zuzendaritzak: etxekoa eta Europako entrenatzaile entzutetsuenetakoa da. Hilabete ere ez da sasoia hasi zutela, baina dagoeneko agerikoak dira teknikariaren lehen pintzelkadak. Arabako taldeak gaur izango du garatzen jarraitzeko beste aukera bat: Alba Berlin hartuko du Buesa Arenan, Euroligako bosgarren jardunaldian (20:30, Movistar).
Aldaketa ugari izan zituen Baskoniak udan. Iragan denboraldiak harrabotsa sortu zuen Gasteiz aldean, eta klubak norabidea aldatzearen alde egin du apustu. Pablo Laso da kluba helmuga onera eramateko aukeratu duten gidaria. Taldean ere hainbat aldaketa egin zituzten. Sei jokalarik utzi zuten taldea, eta bost jokalari iritsi dira: Donta Hall pibota, Timothe Luwawu-Cabarrot eskolta eta Trent Forrest, Kamar Baldwin eta Ognjen Jaramaz joko antolatzaileak.
Aurreko sasoia eta oraingoa alderatuta, lehen partidak ikusi gabe ere jakina zen talde fisikoago bat izatea zela bide berriaren helburua. Eta hala erakutsi du taldeak orain arte jokatu dituen partidetan. Aurreko denboraldiko taldeak puntu asko sartzen zituen, jokalariek norbere puntuak eskuratzeko gaitasuna baitzuten. Marcus Howard zen izarra, taldearen gidaria, eta jokaldiaren helburua. Haren eskuetan abiatzen ziren jokaldiak, eta, gehienetan, haren eskuetatik irteten zen baloia jokaldia amaitu behar zenean.
Orain, ordea, aldatu egin da hori. Howard garrantzitsua da oraindik ere, baina jada ez dira hainbeste baloi igarotzen haren eskuetatik, eta ez ditu hainbeste jaurtiketa bere gain hartzen. Behartuta jokatzea haren jokoaren parte da, baina ez ditu jokaldiak hainbeste behartzen: adibidez, aurreko sasoian, Euroligan, bederatzi hiruko jaurtitzen zituen batez beste partidako. Aurten, aldiz, sei ere ere ez ditu jaurtitzen.
Hori dela eta, erasoan hainbat jokalariren artean banatzen dituzte puntuak. Orain arte, Luwawu-Cabarrot, Chima Moneke eta Tadas Sedekerskis dira Howardekin batera erasoan erantzukizunik handiena hartu duten jokalariak. Beste jokalari batzuek ere izan dute egun onen bat; esaterako, Hallek Murtziaren aurka, eta Forrestek Bartzelonaren kontra. Forrest, hain zuzen, gero eta garrantzitsuagoa da taldearen jokoan. Hark jokatzen du minutu gehien joko antolatzaile gisa. Puntuak sartzea ez da haren gaitasun nagusia, baina taldeari ordena ematen dio, eta hark ezartzen duen erritmoan egin behar dute dantzan gainerakoek. Hala ere, aurreko denboraldikoarekin alderatuta, erritmoak ez du zerikusirik: lehengo erritmo bizi eta zoroa ahaztu, eta erritmo geldoagoa ekarri du Forrestek.
Saskipea, indartuta
Defentsako lana da orain arte Lasok gehien aldatu duena. Fitxaketek ere helburu hori zeukaten: alderdi fisikoan aurrerapausoa ematea, norbere saskia zaintzerakoan oldarkorragoak izateko. Hori ahalbidetu diote Forrestek, Luwawu-Cabarrotek eta, batez ere, Hallek. Vincent Poirierrek Gasteiz utzi zuenetik ez du halako pibotik izan taldeak. Haren beso luzeek eta jauzi egiteko gaitasunak eragin handia daukate defentsan; aurkariak beldurtzen ditu saskipean, eta jaurtiketa askoren norabidea aldatzeko gaitasuna dauka.
Goraipatzekoa da, era berean, errebotean egiten ari den lana. Erasoan zein defentsan, garrantzi handia eman dio Lasok alor horri, eta hori da Hallen indargune nagusia. Baina ez dago bakarrik lan horretan. Khalifa Diopek ere —azken denboraldian min hartuta egon zen— aurrerapausoa eman du saskipean, eta, Monekerekin eta Sedekerskisekin batera, errebotean gailentzeko gai dira. Hala ere, oraindik hobera egin behar du taldeak lan horretan.
Hau da Lasok orain arte gehien erabili duen bostekoa: Forrest, Luwawu-Cabarrot, Sedekerskis, Moneke eta Hall. Oso adierazgarria da alderdi fisikoan nabarmentzeko nahia. Moneke minutu asko ari da jokatzen hegaleko pibot postuan, eta horrek minutu ugari eman dizkio Sedekerskisi hegaleko postuan. Haiek elkarrekin jarrita, errebotean nagusitzeko eta taldeko defentsan oldarkorrago aritzeko gaitasuna irabazi ditu Lasok. Luwawu-Cabarroten garrantzia, bestalde, berebizikoa da: kantxaren bi aldetan da garrantzitsua taldearentzat, eta, horri esker, Howardek atseden gehiago har dezake gero kantxan dagoenean are zitalagoa izateko.
Taldearen jokoari dagokionez, baliabide ugari ditu Lasok. Une txarretan neurketa eraldatzen ahalegindu da orain arte, eta Murtziaren aurka, adibidez, bikain atera zitzaion. Galtzen ari zela jarri zuen zonakako presioa, eta, hortik aurrera, Murtziak kostata aurkitu zituen zirrikituak. Gainera, nahiz eta jokalari batzuk hainbat minutu jokatu behar izan zuten —Monekek, adibidez—, jokalari ugari erabili ditu partida bakoitzean. Azken neurketetan, esaterako, Ousmane Ndiaye eta Pavel Savkov gazteak erabili ditu. Beharraren beharrez, akaso, baina bi horiek ere ondo aritu dira; Ndiaye fin aritu zen Real Madrilen eta Bartzelonaren aurka, eta Savkovek itzalpeko lana egin zuen azken neurketan Nicolas Laprovittolaren defentsan.
Orain arteko emaitzak ez dira ikusgarriak izan. Zortzi partida jokatu ditu Arabako taldeak, eta lau irabazi ditu: bi ACB ligan, eta beste bi Euroligan. Hori bai, Real Madril eta Bartzelona garaitu ditu dagoeneko, Euroligan espainiarrak eta ACB ligan kataluniarrak. Orain, bi talde horiek lortuko duten eta Unicajak jada lortu duen erregulartasuna lortzea da Lasoren helburua. Margolariak eman ditu lehen pintzelkadak, baina asko falta da oraindik margolana amaitzeko.
IDK-k hirugarrenez irabazi nahi du europa kopan, grezian
Europa kopako lehen bi partidetan irabazi ostean, hirugarren garaipena eskuratu nahi du IDK-k. Azu Muguruzaren taldea Grezian ariko da gaur, Proteas Voulas taldearen aurka (19:30, ETB4). Gaur irabaziz gero, bideratuta izango luke hurrengo fasean aritzea.
Ligan ez zuen denboraldia nahi bezala hasi IDK-k, lehen bi neurketak galdu baitzituen, baina Europa kopan jokatu dituen bi partidak irabazi ditu, Izar Gorriaren eta Sepsiren aurka. Igandean, gainera, lehen garaipena eskuratu zuen ligan, eta une onean iritsiko da. Etxeko taldeak partida bat irabazi du, baina, bestean, 93-53 jipoitu zuen Izar Gorriak.
Donostiarrek ez dakite Iris Mbulitok jokatuko duen edo ez. Azkeneko hiru partidetan ez da aritu, mina baitzuen orkatilan.