Reala 1-1 Manchester United

Old Trafforden amets egin nahi du Realak

Realak bana egin du Europa ligako final-zortzirenetako joanekoan, Manchester Uniteden aurka, eta Ingalaterran erabakiko da kanporaketa. Mikel Oiartzabalek sartu du, penaltiz, txuri-urdinen gola.

Mikel Oiartzabal, penaltia jaurtitzen. JON URBE / FOKU
Mikel Oiartzabal, penaltia jaurtitzen. JON URBE / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2025eko martxoaren 6a
21:00
Entzun

Dena erabakitzeko dago. Realak bana egin du gaur, Anoetan, Manchester Uniteden aurka, Europa ligako final-zortzirenetako joanekoan. Beraz, datorren astean erabakiko da kanporaketa, Old Trafforden. Lehen zatian hobeto aritu da Manchester United, baina neurketa erasoan eta garaipenaren bila amaitu dute txuri-urdinek. Zaleak pozik etxeratu dira.

Elkarri neurria hartzen aritu dira bi taldeak lehen zatian, jokoari erritmo handirik jarri gabe. Mila modu daude partida bati aurre egiteko, eta planteamendu desberdina egin dute Realak eta Manchester Unitedek. Donostiako taldea baloia izan eta jokaldiak harilkatzen saiatu da, baina txuri-urdinak kamuts aritu dira erasoan; edo defentsan ondo Ingalaterrako taldea. Kontua da Imanol Alguacilek zuzendutako taldeari asko kostatu zaiola lerroak gainditu eta aurkariaren area ingurura arriskuarekin iristea. Apenas izan duen lanik Onanak. 

Manchester Unitedek, berriz, pazientzia izan du. Reala baloiaren jabe zenean, zelaian ondo kokatu dira jokalariak, atzean itxaron dute, eta baloia lapurtutakoan azkar jo dute erasora. Hegalera bidalitako baloi luzeekin egin dute minik handiena, eta 37. minutuan izan dute lehen zatiko aukerarik garbiena. Jokaldi berean aukera hirukoitza izan du Unitedek, baina ez du asmatu: ez lehenengoan, ez bigarrengoan, eta ezta hirugarrengoan ere. Aritzek, Remirok eta enparauek salbatu dute Reala. Txuri-urdinek izan dute baloiaren jabetza lehen 45 minutuetan, baina Manchester United hobeto aritu da.

Lehen zatian ezer gutxi gertatu da, baina bestela hasi da bigarren zatia. Erritmoa bizitu du Realak atsedenalditik bueltan, eta urratsa egin du, aurkariari kilimak egin nahian. Jarrera berarekin erantzun dio, ordea, Ruben Amorimek zuzendutako taldeak. Eta oraingoan ere, hobeto. Hark izan du lehen aukera garbia, eta hurrengoan ez du barkatu. Kontraeraso batean, Garnachok eskuin hegaletik pasea eman dio Zirkzeeri, eta hark sarera bota du baloia, area kanpotik egindako jaurtiketa batekin; erdira atera zaio, baina Remirok ez du garaiz erreakzionatu.

Aldaketa hirukoitza egin du orduan Imanol Alguacilek, partidaren joera aldatzeko asmoz: Aramburu, Oskarsson eta Pablo Marin sartu dira Aritzen, Barrenetxearen eta Turrientesen ordez. Ez espero bezala, baina lortu du teknikariak nahi zuena. Hortik gutxira, Bruno Fernandesek eskuarekin jo du baloia, eta, VAR sistema erabilita, penaltia adierazi du epaileak. Mikel Oiartzabalek ez du huts egin, eta markagailuan banakoa jarri du.

Hazi egin da Reala, eta bigarrena ere gertu izan dute txuri-urdinek. 84. minutuan, Beckerrek pase bikaina eman dio Oskarssoni, baina dena alde zuela, aurrelariak kanpora bota du baloia. Luzapenean, berriz, Onanak geldiketa on batekin urrundu du islandiarraren jaurtiketa. Azkenean, ez da gol gehiago izan Anoetan, baina ondo amaitu du lehia Realak.

Partida amaitutakoan, Mikel Oiartzabal kapitaina anbiziotsu agertu da: «Dena irekita dago, eta gogotsu gaude Old Trafforden zertarako gai garen erakusteko».

Hutsuneak bi taldeetan

Azken orduko hutsune garrantzitsu bat izan du Alguacilek: Martin Zubimendi. Euskarria deialditik kanpo geratu da, gaixo zegoelako. Donostiarra Realeko jokalaririk onenetakoa da, funtsezkoa taldeak funtzionatu dezan, eta haren falta sumatu dute taldekideek, batez ere lehen zatian. Hutsune gehiago izan ditu, ordea, Manchester Unitedek: min hartuta hamar jokalari geratu dira deialditik kanpo.

Hutsuneak hutsune, lehia gorabeheratsua eta parekatua jokatu dute bi taldeek, eta, bana amaituta, Old Trafforden erabakiko da dena. Ametsen antzokia da Ingalaterrako estadioa. Bada, Realak amets egin nahi du, eta final-laurdenetarako sailkatu.

Reala-Manchester United

Reala. Remiro; Aritz (Aramburu, 63. min.), Aguerd, Zubeldia, Aihen; Turrientes (Marin, 63. min.), Brais Mendez, Sucic (Olasagasti, 88. min.); Take Kubo (Becker, 80. min.), Oiartzabal, Barrenetxea (Oskarsson, 63. min.).

Manchester United. Onana; Mazraoui, De Ligt, Yoro (Lindelof, 87. min.); Dalot, Casemiro, Fernandes, Dorgu; Zirkzee (Collyer, 87. min.), Garnacho (Eriksen, 78. min.) eta Hojlund.

Golak. 0-1: Zirkzeek (57. min.); 1-1: Oiartzabalek, penaltiz (70. min.).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.