Pilota

Olatz Arrizabalagak bakarra izan nahi du

Aurrelari gernikarrak Emakume Master Cupeko binakako finala jokatuko du bihar, Oiartzunen. Irabaziko balu, seigarren txapela lortuko luke, inork baino gehiago. «Sekulako meritua du», nabarmendu dute haren ingurukoek.

Olatz Arrizabalaga. IKER AMARIKA
Olatz Arrizabalaga, Emakume Master Cupeko binakakoan irabazi dituen bost txapelekin. IKER AMARIKA
Julen Etxeberria.
2025eko apirilaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Palmaresak ez dio dena, baina bai asko. Eta Olatz Arrizabalagarenak (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1997) dio sekulako pilotaria dela, inoizko onenetako bat. Datu batek ematen dio distirarik handiena haren garaipenen zerrendari: bost aldiz irabazi du Emakume Master Cupeko binakako txapela. Inork ez du halakorik egin, eta, gizonezkoetan, lauk baino ez dute jantzi bost aldiz txapela maila nagusiko binakakoan: Antton Maizek, Julian Retegik, Juan Martinez de Irujok eta Jose Javier Zabaletak.

Arrizabalaga, ordea, bakarrik gera daiteke txapeldunen gailurrean. Bihar, finala jokatuko du Oiartzunen (Gipuzkoa), Madalensoro frontoian (12:00, ETB1), eta, irabaziko balu, seigarren txapela lortuko luke, inork baino gehiago. Aurrelari gernikarra Arrate Bergararekin ariko da, Mirian Arraizaren eta Enara Gaminderen aurka.

Palmaresak dena ez badio, hortxe ditu ingurukoak haren dohainak eta egin dezakeen balentria azpimarratzeko. «Erraz esaten da seigarrenez irabaz dezakeela txapela, baina oso-oso zaila da hori lortzea; gauza handia da. Meritu handia du Olatzek», azaldu du Amaia Aldaik (Dima, Bizkaia, 2000). Haren aurkari nagusia da, baina baita entrenamendukide eta laguna ere.

Bost atzelarirekin izan da txapeldun Arrizabalaga: 2017an eta 2018an, Leire Etxanizekin; eta, azken hiru urteetan, Gaminderekin, Uxue Osesekin eta Itxaso Erasunekin (Zizurkil, Gipuzkoa, 1999), hurrenez hurren. Bihar, beste batekin irabaz dezake, Bergararekin. Seigarrena da. Hori aski ez, eta bitan izan da txapeldunorde, bi atzelariekin: 2020an, Gentzane Aldairekin, eta, 2021ean, Naroa Agirrerekin. Bederatzigarren ekitaldia du txapelketak, eta 2019koan ez beste guztietan jokatu du finala. Ikusgarria da zein erregular aritu den.

«Une oro adierazten dizu bete-betean sinesten duela zugan, hitzez eta ekintzez, eta horrek indar handia ematen dizu»

ITXASO ERASUNPilotaria

Hain zuzen, horrenbeste bikotekiderekin horren ondo aritu izana nabarmendu du Erasunek. «Bikotekideak aldatu egiten dira, eta, edozer gerta daiteke: adibidez, atzelariak min hartzea edo eskuak gaizki izatea. Pilota oso gorabeheratsua da, baina, hala ere, Olatzek seigarrenez irabaz dezake txapela. Horrek agerian uzten du ez dela atzelarien kontua, baizik eta Olatzek gaitasun handia duela binaka aritzeko». «Badaki nola moldatu edozein bikotekiderekin. Ez da lan erraza, baina berak oso ondo egiten du», gehitu du Aldaik.

«Bikotekide perfektua» 

«Bikotekide perfektua»; halaxe definitu dute. «Izugarri laguntzen dizu, baita lasaitasun eta konfiantza handia transmititu ere. Une oro adierazten dizu bete-betean sinesten duela zugan, hitzez eta ekintzaz, eta horrek indar handia ematen dizu. Gozamena da harekin jokatzea», esan du Erasunek. «Biok aurrelariak izan arren, elkarrekin aritu izan gara: hura aurrelari eta ni atzelari. Plazera da hura bikotekide izatea», laburbildu du Aldaik. 

Aldaik argi du: «Pilotaririk osoena da. Ezin hobeto jotzen du ezker airez pilota, baita gantxoz ere, eta artista da pilota txokoan uzten. Oso polit jokatzen du, eta oso indartsua eta eraginkorra da». Erasunek horri heldu dio, eta azpimarratu du «pilotari oso sendoa» dela. «Oso huts gutxi egiten ditu. Sakez min handia egiten du, eta, aurrean, aukera duenean, berehala datorkio inspirazioa tantoa bukatzeko, airez zein botez». «Ederra da haren aurka jokatzea. Denok nahi dugu haren kontra aritu, gure maila neurtzeko», gaineratu du Aldaik.

«Lan handia egin du azken urteetan arlo mentalean. Horri esker, gorenean eutsi bakarrik ez, aurrerapausoa eman du»

AMAIA ALDAIPilotaria

Baina biek nabarmendu dute Arrizabalaga batez ere «oso lehiakorra» dela. «Ez zaio batere gustatzen galtzea, ezta entrenamenduetan ere», aitortu du Aldaik. Horren harira, azaldu dute lehen «oso gaizki» pasatzen zuela galtzen zuenean, eta «asko» haserretzen zela. Baina, diotenez, azken urteetan «lasaiago» dabil, eta «patxada handiagoz» hartzen ditu gauzak. Psikologoarekin lan eginez hobetu du hori. «Goi mailako kirolean oso garrantzitsua da arlo mentala, eta, Olatzek lan handia egin du azken urteetan esparru horretan. Horri esker, gorenean eutsi bakarrik ez, aurrerapausoa eman du. Lehen baino pilotari hobea da». 

«Langile fina»

Lanaren poderioz lortu du gero eta pilotari hobea izatea. Eguneroko lan horren lekuko da haren prestatzaile fisikoa: Gontzal Urionabarrenetxea (Markina-Xemein, Bizkaia, 1991). Haren prestatzaile fisikoa ez ezik, nagusi eta lankide ere bada, Arrizabalaga haren kirolgunean baitabil entrenatzaile, ordezkapen bat egiten: Geroa du izena, eta Gernika-Lumon dago. 

Urionabarrenetxea «izugarri pozik» dago Arrizabalagak egiten duen lanarekin. «Olatz oso langilea eta diziplinatu da; makina hutsa da eguneroko lanean», azaldu du. Datu bat eman du baieztapen horri indarra emateko. «Aplikazio baten bidez bidaltzen diegu bezeroei egunero egin beharreko lana, eta haien ardura da lan hori euren kasa egitea. Bada, Olatzek bidali dizkiogun lanen %93 egin ditu. Horrek agerian uzten du zein fina den lanean».

Ia hiru urte eta erdi daramatzate elkarrekin lanean, eta, hobekuntza sumatu dute. «Indartsuagoa da, hobeto mugitzen da, eta, kolpe indartsuagoa du». Hobekuntza hori kantxan islatzen dela dio. «Borrokalari hutsa da. Fisikoki indartsua da, eta, horri esker, eutsi egiten du kantxan; beti egiten du aurrera».

«Indartsuagoa da, hobeto mugitzen da, eta, kolpe indartsuagoa du. Kantxan, borrokalari hutsa da; beti egiten du aurrera»

GONTZAL URIONABARRENETXEAArrizabalagaren prestatzaile fisikoa

Beti dago hobetzeko tartea, eta Urionabarrenetxeak badaki non hobetu dezakeen. «Erresistentzia lantzen ari gara, tantoz tanto 22ra ahalik eta mailarik onenean irits dadin». Lan zama ere kudeatzen ari dira. «Sorbaldak arazoak eman dizkio, eta, gure ustez, horren arrazoia da asko eta modalitate askotan jokatzen duela. Lan zama eta atsedena hobeto kudeatu nahi ditugu halakorik ez gertatzeko».

Kantxan lagun ederra, eta, kantxatik kanpo, beste horrenbeste. «Oso alaia da, baita hiztuna ere. Beti dago laguntzeko prest: lagunen oso laguna da», aitortu du Erasunek. Iritzi bera du Aldaik. «Hasieran, kosta egin zitzaigun gure arteko lehia kudeatzea, baina, egun, oso lagun ona dut: niretzat pribilegioa da haren laguna izatea». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.