Donostia Arraun Lagunak-eko entrenatzaile Juan Mari Etxabek esana zuen bere kuadrilla arraunketa egokia bilatu ezinik zebilela azken estropadetan. Bada, donostiarrek zalantza eta mamu guztiak uxatu zituzten atzo misterioz josita dagoen estropada eremu batean, Lekeition (Bizkaia); Euskadiko Txapelketa irabazi baitzuten, bigarrenez. Lehen txandatik aritu zen Lugañene, eta nagusitasunez gailendu zitzaien Hondarribiari, Donostiarrari eta Hibaikari. Orio, Arraunen aurkari zuzenak, bigarren txandatik aritu zen, eta aise irabazi zuen arren, ez zuen lortu Etxaberen taldeak egindako denbora hobetzea. Zilarrezko domina kolkoratu zuen; Hondarribiak, berriz, brontzea.
Irteera eman orduko, esperotako gidoia bete zen: Arraun Lagunak estropada haustera joan zen. Bai hautsi ere; hiru minutu bete zirenerako, Hondarribiari bost segundo ateratzen zizkion, Donostiarrari zortzi, eta Hibaikari hamabi. Lugañene airean zihoan, eta, ziabogara heldu zirenean, Andrea Astudillok eta haren kuadrillak aldeak are gehiago handitu zituzten: hamar Hondarribiarekiko, hemeretzi Donostiarrarekiko, eta 27 Hibaikarekiko.
Lantza giroa zegoen, eta popareko jardunerako egoera dotorea. Halere, patroiek galtzak bete lan izan zuten beren ontziak zuzenduta eta gogortuta eramateko. Lugañene traineruan, esaterako, Ane Pescadorrek, zeina istribor hankean lehendabizikoz aritu zen, behin baino gehiagotan lagundu zion Astudillori, arraun egiteari utziz eta lemazainaren arraunaren norabidean uretan sartuz. Bitartean, Ama Guadalupekoa lehen kaletik, isil-isilik, olatu gainean zetorren, eta, aldea laburtuz, bederatzi segundora jarri zen.
Azken luzeko bigarren zatian, ordea, Arraun Lagunak-ek, bigarren kaletik, poparean gehiago asmatu zuen, eta hegan joan zen, minutuko 37 arraunkadako erritmoan. Astudillok mezu zuzena bidali zien arraunlariei: «Gozatu!». Halaxe zeharkatu zuten helmuga, gozatuz. Bigarren posturako lehian, Hondarribia heldu zen Donostiarra baino segundo bat azkarrago; Hibaika, berriz, garaileengandik 50era iritsi zen.
Haizea gogorrago
Haizea gehiago harrotuko zela iragarrita zegoen, eta aurreikuspen hori guztiz bete zen. Hala, itsasoa gehiago berdatu zen. Arraun Lagunak-ek egindako denbora buruan ondo gordeta irten zen Orio, inork nahi ez zuen laugarren kaletik; harekin batera arraun egin zuten Tolosaldeak, Deustuk eta Ondarroak. Kaleak kale, oriotarrak lanean serio aritu ziren brankaz, minutuko 34 arraunkadako erritmoan. Halere, Patxi Frances Orioko prestatzaileak Nadeth Agirre patroiari eman zizkion datuak ez ziren gozoak. Lehen luzearen erdirako, Arraun baino hamar segundo atzerago zihoan.
Ziabogan, donostiarrek hamabost segundoko altxorra zuten Oriorekiko. San Nikolas-ek txanda eskura zuen ordurako. 21 segundo atera zizkion Tolosaldeari, 41 Deusturi, eta 42 Ondarroari. Maniobraren ostean, Agirrek laugarren kaletik hirugarren kalerako bidea hartu zuen; zenbat eta istriborrerako joan, olatuak orduan eta bilduagoak ziren. Hain zuzen, Oriok olatu bat hartu ostean, Arraunengandik zortzira jarri zen. Datu horrek erabat hauspotu zituen traineru horian zihoazen arraunlariak. Dena dela, egindako ahalegina ez zen nahikoa izan Etxaberen taldeak egindako denbora hobetzeko. Amaieran, hamazazpi segundo beranduago helmugaratu zen.
Arrauna
Olatuei etekina ateratzeko gai dela erakutsi du Arraun Lagunak-ek
'Lugañene' bigarrenez nagusitu da Euskadiko Txapelketan, Lekeition. Estropada biribila egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu