Ez dira gutxi azken asteetan kirolean lorpen handiak erdietsi dituzten gazteak. Esaterako, Tadej Pogacarrek, 21 urterekin, Frantziako Tourra irabazi zuen igandean; adin berberarekin, Luka Doncicek txundituta utzi ditu mundu osoko saskibaloi zaleak; 20rekin, Armand Duplantisek munduko errekorra hautsi zuen pertika jauzian aurreko astean. Belaunaldi berriek erreleboa hartu dute, eta, antza denez, ez dute laster emateko intentziorik.
Euskal Herriko kirolari gazteak ere sasoiko daudela erakutsi berri dute, eta horren adibide da iragan asteburuan Sopelako Arriatara hondartzan (Bizkaia) jokatu zen Euskadiko Surf Txapelketa. Bi bizkaitar gazte gailendu ziren: Iker Trigueros (Sopela, Bizkaia, 2004) eta Ariane Otxoa (Etxebarri, Bizkaia, 1998).
16 urterekin bihurtu da Trigueros Euskadiko txapeldun maila absolutuan.«Pozik» dago lortutako garaipenarekin, baina are ilusio handiagoa egin dio etxean erdiesteak, Sopelan : «Oso polita izan zen etxean irabaztea. Jende dezente hurbildu zen, eta horrek hauspoa eman zidan. Asteburua oso ondo joan zen». Egindakoaz kontziente da, eta badaki ezohikoa dela: «Ez da normala hain gazte horrelako txapelketa bat irabaztea. Euskadiko Txapelketa irabazi duen mutilik gazteena naizela uste dut».
Otxoak ere 22 urte ditu bakarrik, baina denbora dezente darama itsasoan onenekin lehiatzen. Azkenaldian gazteek duten protagonismoak ez du ustekabean harrapatu: «Urtetik urtera, maila igotzen ari da, eta hori txapelketetan ikusten ari gara. Fenomeno hori ez da bakarrik Euskal Herrian gertatzen, mundu osoan baizik».
Azken hamarkadetan surfa Euskal Herrian asko hazi dela bat datoz bi surflari gazteak. Otxoak, olatu aldetik, Euskal Herrian «zorte handia» dutela uste du: «Oso olatu onak ditugu, eta munduko beste puntatik etortzen diren surflariek esaten dute oso olatu onak ditugula». Olatu onak izateaz gain, Triguerosek uste du hazkundean «Aritz Aranbururen moduko euskal erreferenteak izateak» ere laguntzen duela.
Biak ala biak surfean aritzen dira, baina oso bide ezberdinak izan dituzte surfeko oholaren gainean jartzeko. Sopelarrak herriko hondartzan eman zituen lehen pausoak,aita bidelagun zuela: «Aitarekin hasi nintzen surfean. Gazte garaietan, surfean lehiatzen ibiltzen zen bera ere. Hasieran, gure kontura joaten ginen surfera, entrenatzailerik izan gabe. Gustatzen zitzaidala ikusi nuenean, Sopelako surf eskola batean eman nuen izena. Orduan hartu nuen serioago surfa». Otxoaren kasua bereziagoa da; Bizkai barnealdekoa da bera, lehorrekoa, eta familian ez dute itsasoarekin lotutako tradiziorik: «Nire familiak Hendaian etxe bat dauka, eta txikiagoa nintzenean ia asteburuero hara joaten ginen. Hasieran, nire ahizpa hasi zen surfean, eta ondoren ni hasi nintzen. Baina nire gurasoek ez daukate harremanik itsasoarekin; bat-bateko gauza bat izan zen surfarena».
Emaitza onak lortzea ez da erraza: «Gure kirolean, ezin duzu inoiz jakin zer gertatuko den. Zu surflari ona izan arren, olatuarekin zorterik ez baduzu, akabo. Batzuetan, olatu baten zain zaude, eta itsasoak ez dizu ematen».
Olinpiar Jokoak jomugan
Estreinakoz izatekoa zen Tokion olinpiar kirol. COVID-19a dela eta, ordea, datorren urtera arte itxaron beharko da. Surfa kirol olinpikoa izateak lanean jarraitzera bultzatu du Trigueros: «Gustatzen zaizun kirola beste kirol garrantzitsuenen pare ikustea pozgarria da». Otxoari, berriz, zirrara sortzen dio surfa olinpiar kirolen artean sartu izanak: «Guk beste kirolak etxetik ikusi behar izaten genituen, eta orain han egoteko aukera izango dugu».
Otxoaren «helburu nagusia» Tokioko Olinpiar Jokoetan parte hartzeko sailkatzea da: «Amets bat da han lehiatzea; urte hauetan guztietan egin dudan lanaren saria izango litzateke». Halere, jakitun dago ez dela erraza izango. Aurretik, Espainiako selekzioan sartu beharko du, eta, ondoren,maiatzean El Salvadorren jokatuko den proban sailkatzea lortu.
Gaztea bada ere, Triguerosek ez du baztertzen noizbait olinpiar joko batzuetan egotea. 2024an Parisen jokatuko direnak dauzka begiz jota: «Amets bat izango litzateke, baina oso zaila izango da han egotea».
Surfaren munduan «urte luzez» jarraitzea gustatuko litzaiekeela argi dute. Azken urteetan «profesionalizatu» egin dela uste du Otxoak, eta horrek urte gehiagotan maila gorenean surf egiteko aukera eman die: «Estrukturalki aurrerapauso garrantzitsuak eman dira, eta horrek surflariei urte gehiago irauteko balio izango digulakoan nago. Kenny Slaterren moduko kasu gehiago ikusiko dira».
Olatuari txinparta eman diote
Ariane Otxoa eta Iker Trigueros nagusitu ziren iragan asteburuan Euskadiko Surf Txapelketan. Bi gazteek luzaroan segitu nahi dute olatuen indarraz gozatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu