Euskal Herriko surflariek olatu ederra harrapatu berri dute Arecibon (Puerto Rico), Munduko Txapelketan; horren ederra, oso urrun eraman baititu: Parisko Olinpiar Jokoetara. Lau sailkatu dira: Nadia Erostarbe zarauztarra, Janire Gonzalez-Etxabarri zumaiarra, Joan Duru baionarra eta Andy Criere donostiarra. Laurak ariko dira uztailaren 27tik abuztuaren 4ra Teahupo’on (Tahiti). Han jokatuko da Olinpiar Jokoetako surfeko lehia.
Laurek Pauline Adori hartuko diote lekukoa. Angeluarra 2021eko Jokoetan aritu zen, Tokion. Bederatzigarren izan zen. Ekitaldi horretan lehiatu ziren aurrenekoz surflariak Olinpiar Jokoetan. Hiru urte geroago, euskal surflariak orduan halako lau izango dira. Sekulako jauzia da.
Euskal Herrian daude jada Puerto Ricon aritu diren euskal surflariak. Gaur, Eusko Jaurlaritzaren Basque Team fundazioak harrera egin die Erostarberi, Gonzalez-Etxabarriri eta Criereri Donostiako Aquariumean, eta Munduko Txapelketan egindako lan bikaina aitortu: Erostarbe laugarren izan da, Criere seigarren, eta Gonzalez-Etxabarri hamabosgarren. Duru, berriz, laugarren izan da.
Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak goratu egin du euskal surflarien lorpena. «Egun historikoa da euskal surfarentzat eta kirolarentzat. Jende askoren ametsak bete dira».
Pozarren daude Erostarbe, Gonzalez-Etxabarri eta Criere. «Oso-oso pozik nago. Helburua Olinpiar Jokoetarako sailkatzea zen, eta, hori lortuta, lasaiago aritu naiz. Laugarren izan naiz. Sekulako emaitza da, inoiz lortu dudan onena. Oso zoriontsu naiz, batez ere hirurak sailkatu baikara. Bete-betean ariko gara Jokoetan. Oso ondo aritzen bagara, agian hiru domina ekarriko ditugu etxera: zergatik ez?», azaldu du Erostarbek.
Criere ere oso pozik dago, elkarrekin biziko baitute Olinpiar Jokoetako esperientzia. Oso argi du zein izan den gakoa: «Familia bat izan gara: elkarrekin bazkaldu dugu, eta elkarrekin hitz egin gauza onei, txarrei, garrantzitsuei eta sinpleei buruz. Elkar babestu dugu, eta horrek indar handia eman digu». Zalantzarik ez du zergatik ariko diren horrenbeste euskal surflari Jokoetan: «Eredu handiak izan ditugulako». Hori esan, eta berehala begiratu dio Aritz Aranbururi. Parean zuen surflari zarauztarra.
Teahupo'oko olatu berezia
Gonzalez-Etxabarrik, berriz, aitortu du egindakoa «sinetsi ezinda» dagoela. «Ametsetan nago oraindik. Maila nagusiko lehen munduko txapelketa izanda, gozatzea zen helburua, baina ezin hobeto atera da dena. Izugarri pozik nago». Kezka bakarra du: mina du belaunean. «Gaur bertan joango naiz fisioterapeutarengana, eta buru-belarri jarriko naiz lanean belauna ondo osatzeko. Oso garrantzitsua da datorrena, eta oso ondo egon behar dugu».
Teahupo’oko olatuan ariko dira Jokoetan. Erostarbek eta Gonzalez-Etxabarrik ez dute han surf egin sekula. Crierek, aldiz, bai, eta azpimarratu du «oso olatu berezia» dela. «Aldakorra da, eta txundituta uzten zaitu. Oso garrantzitsua izango da egokitzea. Ea aukera dugun han ahalik eta gehien entrenatzeko». Zailtasunak zailtasun, ondo aritzeko itxaropentsu daude. Erostarbek argi du: «Badago aukera».