Berasaluze II.a-Zubieta 9. Bengoetxea VI.a-Untoria 22

Olatu onaren gainean

Bengoetxea VI.ak eta Untoriak indartsu ekin diote finalerdietako ligaxkari

Alvaro Untoria amorru keinua egiten atzoko partidan. Atzean, Pablo Berasaluze eta Aitor Zubieta, etsita. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
2015eko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Iraupena. 59.31.

Pilotakadak. 496.

Saketik. Berasaluzek alerik ez; Bengoetxeak bost.

Markagailua. 2-0, 2-1, 3-1, 3-3, 3-7, 5-7, 5-10, 6-10, 6-11, 8-11, 8-17, 9-17 eta 9-22.

Bestelakoak. 850 ikusle Bizkaia pilotalekuan, Bilbon. Apustuak parean irten ziren. Partida hasi aurretik urdinek aukeraturiko pilotetako bat pitzatu egin zen eta bost izan zituzten saskian.

Olatu ona hartu dute Oinatz Bengoetxeak eta Alvaro Untoriak. Azkenekoak izan ziren binakako txapelketako finalerdietako ligaxkarako sailkatzen, ondo sufrituta lortu ere, baina egun sasoi hoberenean dagoen bikotea da. Iragan astean, Irunen, erakustaldia eman zuten Juan Martinez de Irujo eta Abel Barriolaren aurka, eta atzo, Bilbon, Pablo Berasaluze eta Aitor Zubieta hartu zituzten mendean. Irabazi baino gehiago izan zelako, menderatu egin zituzten, eta tanto alde polita lortu. Finalerdiak hiru jardunaldi baino ez dira eta hamahiru tantoren aldearekin hastea berme handia da balizko berdinketetarako.

Oinatz Bengoetxea txapelketako pilotaririk onena izaten ari da. 30 urterekin, sasoi bikainean dago, eta Bizkaia pilotalekuan berak jotako doinuan egin zuten dantza guztiek. Partidako gakoa, halere, atzean egon zen, Zubieta ez baitzen Untoria baino gehiago izan. Zubieta ez zen aritu lehen fasean bezala, eta Untoriak ondo kontrolatu zuen. Eutsi baino gehiago egin zion gainera, partida erdi aldetik aurrera ondo hartu ziolako gaina. Untoriak ahalegin fisiko harrigarria egin zuen, kantxa goitik behera estali eta beti ondo kokatuz. Horri eta Bengoetxearen laguntzari esker, partida sufrikario bilakatu zen Zubietarentzat.

Hasierako orekaren ondoren (3-3), irabazleek lehen tarteak ireki zituzten (5-10 eta 8-11). Bengoetxeak oso ondo ekin zion partidari, bikain sakatuz. Lehen pilotakadarekin min handia egin zuen. Errematean ere oso fin ibili zen: 13 tanto egin zituen guztira. Berasaluze eta Zubieta, aldiz, deseroso zebiltzan. Atzelariak ezin zuen agindu eta gidoia ez zen espero zutena. Kontrakarrean ibili behar izanaren poderioz, tanto batean baino gehiagotan elkarri traba eta guzti egin zioten. Sakea errestatzeko garaian ere ez ziren moldatu. Berasaluze ez zen airez sartu, eta Zubietak eraman beharreko sakeak utzi zituen. Bengoetxeak bost tanto egin zituen saketik eta bi sake errematean.

Galtzaileei asko kosta zitzaien tantoa egitea. Zubietak ezin zuen Bengoetxea saihestu, eta aukera onak izan zituztenean urdinek defentsa lan erraldoia egin zuten. Berasaluzek sei tanto egin zituen, baina ez zuen bere eguna izan, Bengoetxea eta Untoria toki guztietan zeudelako. Nabarmentzekoa, esaterako, 8-14ko tantoan eginiko defentsa. Berasaluzek hiru aldiz izan zuen tantoa eginda, baina, azkenean, berak bidali zuen pilota txapara.

Partida luzatu zenean are ageriago gelditu zen ezina. Berasaluze arriskatzen saiatu zen, baina hutsak pilatu baino ez zituen egin. Tanto aldea murriztea zen asmoa, baina ezta hori ere. Emaitza txar honek gelditzen zaizkien bi partidak irabaztera behartzen ditu Berasaluze eta Zubieta. Ligaxka lehen postuan bukatu zuten, baina orain hormaren aurka daude. Bengoetxeak, eta Untoriak, aldiz, beste garaipen batekin aski izango dute finalean sartzeko. Heldu den larunbatean izango dute aukera, Gasteizen, jardunaldiko beste irabazleen aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.