Surflariek makina bat ordu igarotzen dute uretan olatu ona iritsi zain, eta iristen denean, ahal duten gehien aprobetxatzen dute. Horixe egin nahi du Keoni Lasa Iturainek (Zarautz, Gipuzkoa, 2005): olatu ona hartu du, eta ahal duen gehien aprobetxatu nahi du. Sari handia lortzekotan da: Challenger Series zirkuituan aritzea, surfaren bigarren mailan.
Bideratua du sailkapena. «Lehena naiz Sailkapen Series zirkuituko Europako surflarien artean, eta aurreneko zazpiak ariko dira Challenger Seriesen. Bi proba besterik ez da falta jokatzeko. Oso gertu dut», azaldu du.
Duela hiru aste egin zuen urrats ia erabakigarria. Angelun (Lapurdi) jokatutako proba irabazi zuen. Oraindik ez du ahaztu han bizitakoa. «Sekulakoa izan zen: etxean eta etxekoen aurrean irabazi nuen. Asko eta ondo prestatu nuen proba, eta horren saria jaso nuen. Gainera, lagunekin igo nintzen podiumera [bigarren sailkatu zen Adur Amatriain zarauztarra, eta hirugarren Yago Dominguez sopeloztarra]».
Ez zen kasualitatea izan euskal surflariak horren ondo aritzea. «Baldintza zailetan aritu ginen, olatuak oso txikiak baitziren. Baina Euskal Herrian ohituta gaude olatu horietan aritzera. Olatu ona hartzea da gakoa, eta nik, zorionez, ona hartu nuen, eta probetxua atera nion».
Garrantzi handia eman dio garaipen horri: «Nire kirol ibilbideko lorpenik handiena da. Sailkapen Series zirkuituko proba garrantzitsuenetakoa da: 3.000 puntu balio du. Nik mila lortu nituen. Asko da hori».
Halako garaipen handiak pareko ospakizuna izan zuen. «Bete-betean ospatu genuen. Gero, gaixotu egin nintzen, eta ezinean aritu nintzen parte hartu nuen hurrengo proban, Galizian. Angelun egindako ahalegina ordaindu nuen: tentsioa askatzearena eta ospakizunarena».
Hasi da prestatzen
Horren gertu du Challenger Series zirkuituan aritzea, ezen horretan ari direnei gertutik erreparatzen ari baitzaie. «Portugalen egon berri naiz, Ericeiran. Challenger Serieseko proba jokatu da han, eta hori aprobetxatu dut datorren denboraldian aurkari izan ditzakedan surflariak gertutik ikusi, eta haiekin entrenatzeko».
Argi geratu zaio «jauzi handia» dagoela. «Sekulako maila dago Challenger Seriesen. Ez da harritzekoa, mundu osoko surflariak aritzen baitira: australiarrak, brasildarrak... Denak oso ondo prestatzen dira, eta oso onak dira euren baldintzetan aritzen direnean. Zaila izango da haiei irabaztea, baina saiatuko naiz haien parera iristen. Ondo moldatu beharko dut olatu ezberdinetan, eta horretarako, asko bidaiatu beharko dut, aurten baino gehiago. Zarautzen oso olatu onak ditugu, baina ez dira egokiak halako txapelketa garrantzitsuak prestatzeko».
Badaki «erronka oso zaila» dela, baina badu itxaropentsu egoteko arrazoirik: «oso erregular» ari da. «Lehen, askotan erortzen nintzen taulatik. Orain, berriz, ez; orain, askoz konstanteagoa naiz. Asko hobetu dut. Hori izan da gako nagusia aurten horren ondo aritzeko».
«Hurrengo bi urteetan bete-betean ariko naiz surfean. Sinetsita nago hau oso bolada garrantzitsua dela nire kirol ibilbidean»
KEONI LASA ITURAINSurflaria
«Zirt edo zart» egiteko garaia dela dio. «Orain arte, ikasketak eta surfa uztartu ditut [administrazioko erdi mailako gradu bat ikasi du], baina hurrengo bi urteetan bete-betean ariko naiz surfean. Sinetsita nago hau oso bolada garrantzitsua dela nire kirol ibilbidean, eta buru-belarri aritu behar dudala. Ea ondo ateratzen zaidan. Bi urte barru helduko diot berriro ikasteari. Serio hartu nahi ditut hurrengo bi urteak».
Aita du entrenatzaile
Etxean izango du akuilua, aita baitu entrenatzaile: Julen Lasa. «Zortekoa» dela dio. «Sekulako zortea da aita izatea entrenatzaile. Aita-semeak gara, baina hondartzan bera ez da aita, entrenatzailea baizik. Gauzak serio jartzen dira». Eta etxean? «Saiatzen gara deskonektatzen, baina ia beti ari gara surfari buruz hitz egiten. Gainera, ama eta anaia ere surfean ibiltzen dira. Ama venezuelarra da, eta haren familia aitzindari izan zen surfa egiten herrialde horretan».
Hain zuzen, Venezuelako selekzioarekin aritzen da bera. Gutxigatik ez zen sailkatu Parisko Olinpiar Jokoetarako, eta «sekulako inbidia» pasatu zuen telebista aurrean. Hori dela eta, Los Angeleskoetan (AEB) aritu nahi du kosta ahala kosta. «Han egotea da helburu nagusietako bat. Saiatuko naiz. Hobeto prestatuta egongo naiz, eta esperientzia handiagoa izango dut. Horrek mesede egingo dit».
Lau euskal surflari aritu ziren Parisen: Nadia Erostarbe, Janire Gonzalez Etxabarri, Andy Criere eta Joan Duru. Horiez gain, beste hainbat ari dira nazioartean lehiatzen. Lasaren iritziz, horrek agerian uzten du «sekulako maila» dagoela Euskal Herrian eta gauzak «oso ondo» egiten ari direla. «Ereduak izatearen garrantzia» azpimarratu du. «Zarauztarrok Aritz [Aranburu] eta Hodei [Collazo] izan ditugu eredu. Haiek munduko txapelketetan ari zirela hasi ginen gu surfean».
Etxeko hondartzan hasi zen, eta oso kutuna du, baina «ilusio handia» pizten dio urrutiko olatuetan aritzeak. «Aurten, lehen aldiz ariko naiz Hawaiin. Sekulako gogoa dut. Oso olatu ezberdinak eta indartsuak daude».
Pixkanaka, ari da gerturatzen haren idoloengana. Gabriel Medina du gustukoen. «Onena da. Izugarri miresten dut. Asko ikasi dut hura ikusten. Haren parera iritsi nahiko nuke. Oso zaila da, baina daukadan guztia emango dut gero eta surflari hobea izateko».