Olaberria bederatzigarren izan da 'scratch' proban, Munduko Txapelketan

Calvo 12. izan da abiaduran, eta Peralta eta Mazkiaran pattal aritu dira keirinean; Elorriaga 12. doa omniunean

Erredakzioa
Donostia
2013ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Leire Olaberriak ez du pozik egoteko arrazoi asko. Ikaztegietako (Gipuzkoa) txirrindularia podiumetik urrun ibili zen atzo scratch proban, Minsken, pistako Munduko Txapelketan. Bederatzigarren postuan sailkatu zen, dominetatik oso urruti. Dominak Katarzina Pawlowska poloniarrarentzat (urrezkoa), Sofia Arreola mexikarrarentzat (zilarrezkoa) eta Eugenia Romaniuta errusiarrarentzat izan ziren (brontzezkoa). Olaberriak, halere, badu atzoko arantza ateratzeko aukera, gaur eta bihar omniumean lehiatuko baita.

Olaberriaz gain, Tania Calvo, Juan Peralta, Hodei Mazkiaran eta Unai Elorriaga ere aritu ziren atzo. Calvok oso lan txukuna egin zuen. 20 urterekin, bere lehen Munduko Txapelketan, hamabigarren postuan sailkatu zen gasteiztarra abiaduran. Ezin horrelakorik esan Peralta eta Mazkiaranen inguruan. Keirinean lehiatu ziren bi nafarrak, eta biek lehen kanporaketan esan zuten agur. Gaur esprintean ariko dira, Sergio Aliaga nafarrarekin batera.

Elorriaga ere gaur lehiatuko da omniuneko azken hiru probatan. Atzo zazpigarren postuan amaitu zuen bizkaitarrak: hamabigarren izan zen itzulian eta kanporaketan, eta laugarren puntuazioan. Asko hobetu beharko du dominetatik gertu egon nahi badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.