Olabek «iraunkortasuna» jo du bermetzat: «Hori da hartu beharreko bidea»

Isaken etorkizunaz galdetuta, Realeko futbol zuzendariak esan du «lasai» dagoela. Atezain bat ekarriko dute, «lehiakortasuna sortzeko»

Roberto Olabe Realeko futbol zuzendaria, azalpenak ematen, atzo. REAL SOCIEDAD.
Jon Ander De la Hoz.
Donostia
2021eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Roberto Olabe Realeko futbol zuzendaria komunikabideekin bildu zen atzo, klubeko taldeek egindako sasoia aztertu, eta etorkizunari begiratua egiteko: «Gustura gaude, taldeen errendimenduari iraunkortasuna eman diogulako». Horixe izan zen Anoetako bilkuraren zeharlerroa: iraunkortasuna.

Olabek ideia horren inguruan ardaztu zituen azalpenak: bai lehiari dagokionez, bai Zubietako formakuntza aldiari dagokionez, baita Imanol Alguacilen lanaren inguruan ere. Azaldu zuenez, zelaian aurrerako urratsa egin du Realak, «edozein une eta egoeratan lehiatzeko gaitasuna» eskuratuta: «Jokalari nintzen garaian, astean zehar Juventusen aurka jokatu behar bagenuen, kosta egiten zitzaigun aurreko asteburuan Albaceten aritzea. Orain, taldea berdin lehiatzen da Cadizen eta Napolin. Hori da loriarako gakoa».

Reala bosgarren geratu da Espainiako Ligan, Europa ligarako sailkatu da, eta Espainiako Kopa irabazi du, baina lehiakortasunak klub osoari eragin dio, Olaberen esanetan: «Sansek [Reala B] Bigarren Mailan jokatuko du datorren sasoian, Anoetan. Hirugarren taldeak ere igoera lortu du, eta emakumezkoen talde nagusiak inoizko sasoirik onena osatu du». Azken horien inguruan, Olabek zehaztu zuen kontratua amaitzen zaien hamar jokalariri otsailerako egina zietela berritzeko eskaintza: «Haien esku dago onartu ala ez». Pixkanaka belaunaldi aldaketa egin nahi duela azaldu zuen.

Taldeak egokitu beharra

Realaren kirol arloko buruzagiak taldeetan zenbait egokitzapenaurreikusi ditu. Luca Sangalli, Roberto Lopez eta Gaizka Aiesa bigarren taldean ariko dira: «Haiek jokatzea da nahi duguna». Miguel Angel Moyak utzitako hutsunea beste atezain bat fitxatuta beteko dute, Alex Remirori «berehalako lehiakortasuna» sortzeko.

Alexander Isaki buruz, Olabek esan zuen Borussia Dortmundera joateko aukeraren azken erabakia jokalariak duela, eta hitzarmena egokitzeko lanean ari direla: «Isaken ordezkariekin biltzen ari gara, eta lasai gaude. Bide onean gaudela uste dut». Baliteke, ordea, Willian Josek taldea uztea, behin betiko. Reala Aihen Muñozekin, Jon Guridirekin eta Adnan Januzajekin hizketan ari dela jakinarazi zuen: «Bakarren batek kezka agertu du haren rolaren inguruan, baina inork ez du esan joan nahi duenik». Olabek iraunkortasunean oinarritu nahi zuen Reala, alor orotan: «Sanse ez da paseatzeko igo, eta ez dugu nahi Europara halaxe joaterik ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.