Olabe: «Lehengo talde lehiakorra eta fidagarria izan nahi dugu»

Realeko futbol zuzendariak nabarmendu du «nortasuna eta pazientzia» izan behar dituztela denboraldi hasiera kaskarra iraultzeko. Gainera, berretsi du ez dagoela Imanol Alguacil baino pertsona egokiagorik taldea zuzentzeko.

Roberto Olabe
Robert Olabe—eskuinean—Luca Sucicekin, Kroaziako erdilaria Donostiara iritsi zen egunean. JUAN HERRERO / EFE
ainara arratibel gascon
Donostia
2024ko irailaren 24a
13:22
Entzun

Realak bihar jokatuko du Europa ligako ligaxkako lehen partida, Nizan (Frantzia). Taldeak bidaiatu aurretik, Roberto Olabe futbol zuzendariak gosari informatiboa egin du kazetariekin. Bertan taldearen egunerokoa aztertu du. Olabek adierazi duenez, bai bera eta bai Imanol Alguacil teknikaria, «kezkatuta egon baino gehiago, buru-belarri ari dira lanean» taldearen denboraldi hasiera kaskarra iraultzeko. Realak azken urteetan izan duen lan egiteko modua eta eredua defendatu ditu, eta bai Imanolengan eta bai jokalariengan konfiantza osoa duela azaldu. Berretsi du udako fitxaketen merkatuan ez dutela gauza desberdinik egin. Agerraldi amaieran telebistako eta irratietako kazetariak kexu azaldu dira, ezin izan baitute irudia eta soinua grabatu, klubak proposatutako agerraldi ereduarengatik. Olabek barkamena eskatu du.

Liga hasiera kaskarra

Makal ekin dio sasoiari Realak. Jokoan izan dituen 21 puntuetatik bost baino ez ditu eskuratu. Azken denboraldiak kontuan hartuta, Bigarren Mailara jaitsi zenean baino ez zituen lortu puntu gutxiago. Olabek onartu du ez dituztela «90 minutu biribil» egin. «2019tik ez dugu halako egoera bat bizi izan. Ordutik dena izan dira txaloak eta irribarreak. Orain, lasaitasuna eta nortasuna izan behar ditugu, egoera onartu eta aurrera egiteko. Lehengo talde fidagarria eta lehiakorra izan nahi dugu. Uste osoa dugu egiten ari garen lanean, entrenatzailearengan, jokalariengan eta dugun talentuan».

Golak sartzeko zailtasuna izan da talde txuri-urdinak denboraldiko lehen partidetan erakutsi duen gabezia nagusietako bat. Hiru baino ez ditu sartu zazpi partidetan. «Denbora daramagu gabezia horrekin. Baina horrek baino gehiago kezkatzen nau golak sartzera iristeko bideak: nola elikatuko dugun area hori lortzeko. Baditugu azken paseak emango dituzten jokalariak, urrutitik jaurtiko dutenak eta golak sartzeko erabakigarria den txinparta hori emango digutenak. Baliabideak hor daude, eta denen artean jokatzeko dugun eredu hori indartu behar dugu. Izan nahi dugun horren antza eduki behar dugu ahalik eta azkarren. Lanean ari gara gure jokoaren esentzia hori aurkitzeko, hortik iritsiko baitira emaitzak».

Imanol Alguacil

Denboraldi hasiera kaskarra izan arren, Imanol Alguacil teknikaria «lasai» ikusten du. «Kazetariei esan zizuen lasai zegoela, eta ez dut uste itxurakeria denik. Taldeak hazteko tarte handia dauka, eta arreta osoa hor dauka jarrita». Orioko prestatzaileari 2025eko ekainean amaituko zaio kontratua. Haren jarraipenaz galdetuta, argi mintzatu da Olabe. «Oraintxe bertan, ez dago Imanol baino pertsona aproposagorik ezarri dugun eredua aurrera eramateko. Oso barneratua dugun eredua da, gainera».

Udako fitxaketak

Olabek zenbait kritika jaso zituen udako fitxaketetako bi azken unean iritsi zirelako. Horren harira, orain arteko lan egiteko modua defendatu du. «Uda honetan ez dugu ezer desberdina egin». Gogorarazi du Realak filosofia jakin bat duela. «Oso oinarrituta dago gazteen talentuaren garapenean, eta hori kontuan hartuta egin behar dugu kudeaketa. Kasu batzuetan kudeaketa hori ez da zuk nahi duzun modukoa, beste batzuek nahi dutenaren menpe ere badagoelako. Faktore askok eragiten dute horretan. Aurten, adibidez, Eurokopa eta Olinpiar Jokoak izan dira, eta jokalari batzuk etorri zaizkigu taldea utzi nahi zutela esanez. Baina berriro diot, berdin egin dugu lan».

Bi jokalari oso garrantzitsuk utzi dute taldea: Mikel Merinok eta Robin Le Normadek. Horren inguruan hausnarketa hau egin du. «Ezin gara geratu dagoeneko ez daukagun horri begira. Daukagunaren gainean eraiki behar ditugu gauzak. Denak dauka hazkunde edota prozesu bat, eta gu garapenaren eta pazientziaren aldekoak gara. Egia da azken urteetan espektatiba batzuk sortu ditugula, eta horiek kudeatzen asmatu behar dugula. Baina prozesuaren beste garai batean gaudela jakinda. Futbolean ezin duzu denbora eskatu, baina horixe behar dugu. Ez emaitzak lortzeko, hori futbolean ezinezkoa baita; baizik eta etorri direnak egokitzeko, lanean jarraitzeko... Uste dut hiru txapelketetan aritzeak mesede egingo digula zeregin horretan».

Era berean, adierazi du taldean jarraitzen duten jokalariengan sinesten dutela: «Etxeko jokalarien esperientzian sinesten dugu: Alexengan [Remiro], Igorrengan [Zubeldiarena], Mikelengan [Oiartzabal]... Izan ere, iritsi ginenetik etxeko talentua sustatzen ari gara, eta kanpokoa erakartzen. Kanpoko talentu horrek adin jakin bat du: gehienak gazteak dira».

Harrobia

Atzerritik jokalari gazteak ekartzeak, baina, ez al du eragiten harrobiko jokalariek zailago izatea gorenera iristea? Olabek ez du uste hala denik «Argi izan behar duzue gure lehen begirada beti dela etxe barrura, eta ez dugula zalantzarik harrobiko jokalariek duten kalitateaz. Zubieta gure proiektuaren oinarria da, eta egiten ari garena gazteak gorenera iristeko agertokirik egokienak sortzea da. Borrokan jarraituko dugu haien alde». Talde txuri-urdinaren apustua izan da lehen taldeko jokalarien %60 etxekoak izatea eta %40, atzerritarrak. Filosofia hori ez du arriskuan ikusten, eta bidegabeak iruditu zaizkio hainbat alderaketa: «Bidegabea da, adibidez, Jon Martin egungo Le Normadekin alderatzea. Egin dezagun alderaketa lehen taldera iritsi berri zen Le Normadekin».

Emakumezkoen taldea

Aulkian izan da aldaketarik handiena, lau urteren ostean Natalia Arroyok taldea utzi baitzuen, eta Jose Luis Sanchez Verak hartu baitu taldea zuzentzeko ardura. «Nataliaren aroa amaituta zegoela pentsatu genuen. Lau urteak oso aberasgarriak izan ziren, emaitzengatik ez ezik, ezarri zen ereduarengatik ere. Orain, Jose Luisekin beste urrats bat egin nahi dugu, batez ere lehiakortasunean. Ez da erraza, hark ere denbora behar baitu egokitzeko. Baina ondo ezagutzen du liga, eta uste dugu egokiena dela behar dugun txip aldaketa hori egiteko».

Profesionalizazioaren eta hazkundearen bidean egin diren urratsak ere gogorarazi ditu: «Azken lau urteetan bi talde berri sortu ditugu harrobian. Gainera, goi errendimenduko eraikin bat ere eraikitzen ari gara, emakumezkoen taldeari lotuta, Gipuzkoan gertatzen ari denaren isla izaten jarraitu nahi dugulako».

REALAK ONDO EKIN NAHI DIO, NIZAN, EUROPA Ligari

Espainiako Ligako nahigabeak ahaztu, eta Europa ligan lehiatzen hasiko da bihar Reala, Nizan (21:00, Movistar). Txapelketa eredua aldatu dute aurten, eta hasierako ligaxka honetan zortzi neurketa jokatuko ditu Imanol Alguacilen taldeak.

Nizak 8-0 irabazi zion Saint  Etienneri. Javi Lopez eta Brais Mendez jokatzeko moduan dira, eta Imanolek deialdian sartu ditu. Realeko 200 zale izango dira taldea animatzen. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.