Iraupena. 51 minutu.
Pilotakadak. 185.
Saketik. Irribarriak sei —eta lau falta—; eta Jaunarenak lau —eta falta bat—.
Markagailua. 0-1, 1-1, 1-4, 2-4, 2-5, 3-5, 3-10, 4-10, 4-14, 5-14, 5-15, 8-15, 8-16, 12-16, 12-18, 17-18, 17-19, 21-19, 21-20 eta 22-20.
Bestelakoak. 500 ikusle inguru Bergarako udal pilotalekuan.
«Ez dakit nola irabazi dudan». Ezin da hitz egin askoz argiago. Iker Irribarriak, buruz buruko txapeldunak, pare bat huts falta izan zituen Lau t'erdiko Txapelketatik kanpo gelditzeko. Sakearekin uzkurtuta, eta kantxan galduta eta kabitu ezinik, 5-15 ihes egin zion Jon Jaunarenak markagailuan, eta amore emateko zorian egon zen. «Etxera joan naiz ia-ia, baina, burua hotz, sufritzen jakin izan dut, eta gaitz erdi».
Aramarrak okerretik ekin zion partidari, eta Jaunarenaren are amaiera okerragoari esker sartu zen final-laurdenetako ligaxkan. Egin behar ez denaren zatirik handiena egin zuen atzo gipuzkoarrak, eta gauza asko txukundu beharko ditu final-laurdenetan lehiakor aritu nahi badu, behintzat. Victor eta Untoriaren arteko gaurko partidaren zain —Tolosan jokatuko dute—, Altuna III.a eta Urrutikoetxearen multzoan jokatuko du Irribarriak.
Buruz buruko egungo txapeldunak goiko txapara bidali zuen lehen sake-errestoa; defentsan gora 1-3koa; lau t'erdiko marratik atzera 1-4koa; txapara 2-5ekoa, ezker gantxoa; sakea berreskuratu berritan, lehen pilotakada luzeegi 3-6koan; pilota erraza galdu zuen hurrengo tantoan... Ohartzerako, 3-10 atzetik zen aramarra. Presio handiko partida zeukan Jaunarenak ere, kontratua amaitzear duela etorkizuna bera jokoan zeukalako leitzarrak, baina oso ona egin zuen partidaren lehen erdia.
Kantxan kabitu ezinik hutsak pilatuz, 4-14 eta 5-15 atzetik joan zen Irribarria, baina sakeak eman zion lasaitasuna, eta 12-16 gerturatu zen lehen kolpeari eta ezker finari esker. 12-18koan final-laurdenei begira jarri zen Jaunarena, baina, askotan bezala, leitzarrak atzo ere ez zuen asmatu partida amaitzen. 17-18 gerturatuta, saketik huts egin zuen Irribarriak (17-19), eta 21-19koan ere huts egin zuen lehen pilotakadarekin, luzeegi aterata (21-20). Baina aurkariak ezker gantxoarekin huts eginda lasaitu zen txapelduna.
Victor eta Untoriaren arteko partidaz gain, beste bat ere jokatuko dute gaur, Bartzelonan, Retegi Bi eta Gorkaren artekoa. Bihar jokatuko dute Arretxe II.ak eta Ezkurdiak, Lekunberrin.
Irribarria 22. Jaunarena 20
Okerretik okerragora
Lau t'erdiko Txapelketatik kanpo gelditzeko zorian egon da Iker Irribarria, baina Jon Jaunarenak berak egin dio oparia azkenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu