Jaisteko postuetan ekingo dio Osasunak 2013-2014ko denboraldiko azken norgehiagokari. Mailari eusteko aukera ez dago haren esku, horrenbestez. Betisen aurka Sadarren jokatu beharreko norgehiagokan galdu ala berdinduz gero —igandean, 18:00etan—, Bigarren Mailako taldea izango da Osasuna. Azken partida hori irabazita soilik salba daiteke Iruñeko taldea. Oraintxe bertan, %20ra ez da iristen Osasunaren aukera (19,75). Betisi irabaziz gero, ordea, %60 ingurukoa izango litzateke probabilitatea (%59,26). Azken jardunaldian bere partida irabazteaz gain, Vallecasera, Valladolidera eta Almeriara begira jarri beharko du Osasunak.
Espanyolen zelaian herenegun jokatu norgehiagokan, Osasuna nabarmen konformatu zen berdinketarekin. Irabazteak salbazioa asko gerturatuko ziela jakin arren, Javi Graciaren jokalariek ez zuten izan kemenik partidaren azken txanpan erasora jotzeko. Bi taldeek emaitza aurrez hitzartua zutela zirudien. Galduz gero, automatikoki Lehen Mailan geratzeko aukerarik gabe geratuko zen Osasuna, eta galtzeko arrisku horrek hiru puntuen bila joatea galarazi zien nafarrei. Berdinketa ziurtatu eta beste zelaietako emaitzen zain geratzea zen plana.
Eta plana biribila suertatuko zen Almeriak Granadan galdu izan balu, berdinketa batekin Valladolidi eta Almeriari aurre hartu, eta azken jardunaldira jaisteko postuetatik at iritsiko baitzen Osasuna. Almeriak irabazi egin zuen, ordea, Getafek bezalaxe. Valladolidek soilik egin zuen kale, eta haiei soilik hartu die aurre Osasunak, Cornellako puntuari esker. Okerragoa izan zitekeen, Valladolid hiru aldiz aurretik jarri baitzen Betisen zelaian, 0-1, 1-2 eta 2-3.
Orain, Betisi irabazteaz gain, Valladolidek Granadari irabaztea behar du Osasunak, azken jardunaldian salbatzeko. Hori izango da biderik zuzenena. Baina, Betis mendean hartzeko gai izanez gero, beste aukera batzuk ere badira. Valladolidek eta Granadak berdinduz gero, Athleticek Almerian irabaztea eta Rayok Getaferi irabaztea beharko dute gorritxoek, esaterako. Granadarekin berdinduta amaituz gero, lau talderen arteko berdinketak soilik salbatuko luke Osasuna. Granada tartean badago, edozein berdinketa hirukoitzek Osasuna Bigarren Mailan utziko du. Valladolid tartean bada, berriz, edozein berdinketak balio dio Osasunari—Valladolidekin bakarrik, beste batekin edo beste birekin berdindu arren—.
Granadak Valladolidi irabaziz gero, Getafek edo Almeriak galtzea beharko lukete nafarrek, azkenik. Biek galduz gero, Osasuna salbatuta legoke; Getafek soilik galduz gero ere bai. Eta Almeriarekin soilik berdintzeak ere balio diezaioke Osasunari. Baina azken kasu horretan gol alde orokorrak erabakiko luke bietako zeinek eutsiko liokeen mailari —Almerian 1-2 irabazi zuen Osasunak, eta etxean 1-0 galdu—. Eta oraintxe bertan -28koa da Almeriaren gol aldea, eta -31koa Osasunarena. Betisi hiru golen aldeaz irabazi eta Athleticek Almerian irabaztea beharko luke Osasunak, edo Athleticek gol zaparrada sartzea Almeriari.
Sadarren irabaziz gero, eta Vallecasen, Valladoliden eta Almerian dituzten kiniela aukera guztiak aintzat hartuta, 27 emaitza konbinazio egon daitezke; bada, horietatik hamaseik Osasuna salbatuko lukete, eta beste bitan Almeriaren eta gorritxoen aldeko gol alde orokorrak argituko luke auzia. Era berean, eta irabazita ere, hamabi emaitza konbinaziok Bigarren Mailara bidaliko lukete Osasuna. Igandekoa irrati arratsaldea izango da Sadarren, asko baitago jokoan, eta dena ez dago gorritxoen esku.
Okerragoa izan zitekeen
Osasunak mailari eusteko duen aukera ez da iristen %20ra, baina, igandean Betisi irabaziz gero, ia %60raino igoko litzatekeValladolidek Granadari irabaztea da biderik zuzenena, hark ere garaipena behar baitu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu