Oinordekoak hartu du tronua

Aurreikuspenak bete, eta Fleche Wallonne klasikoa irabazi du Anna van der Breggenek, Alejandro Valverdek ez bezala. Julian Alaphilippek apurtu du haren bolada historikoa

Anna van der Breggen eta Julian Alaphilippe, Huyko hormako azken aldapan, Fleche Wallone irabazten, atzo. BERRIA ETA JULIEN WARNAND / EFE.
enaut agirrebengoa
2018ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Arkularien tronua bere egina zuten Anna van der Breggenek (Boels) eta Alejandro Valverdek (Movistar). 2015etik hasita, Fleche Wallonne urtero zuen irabazia Van der Breggenek; 2014tik zeraman Belgikako klasikoan kale egin gabe, berriz, Valverdek. Bada, atzo, herbeheretarrak ez zion uko egin urteroko saioari. Azken aldietan ez bezala, esprintean erabaki zen lasterketa, baina hori gutxi inporta izan zitzaion Van der Breggeni, nagusitasunez irabazi baitzuen. Lau garaipenekin, berdindu egin du Marianne Vosen marka. Valverdek seigarrena lor zezakeen atzo, baina, ezustean, Julian Alaphilippe gailendu zitzaion. Frantziarrak indar erakustaldia eman zuen Huyko azken metroetan.

Valverderen antzeko ezaugarriak ditu Alaphilippek. Askok haren ondorengotzat jotzen dute. Bigarren izan zen 2015ean eta 2016an. Etsita helmugaratu zen bi aldietan. Atzo ez zuen pozik erakutsi helmugara sartzean, ez baitzekien irabazlea zenik matxuratuta zuen irratia, baina ondo ospatuko zuen gero. Izan ere, atzo arte ezinezkoa zirudiena lortu zuen: Huyko aldapa pikoan Valverde menperatzea. Jelle Vanenderten (Lotto Soudal) gurpila hartu, eta helmugatik 250 metrora bizi jota lortu zuen balentria.

Lasterketa ikusgarria izan zen. 45 kilometro falta zirela, erasoa jo zuen Vincenzo Nibalik (Bahrain), eta aurrean 24 kideko multzoa sortu zen. Gauzak serio jartzen hasiak zirela ikustean, tropelaren lema hartu zuen Mikel Landak. Movistarren lanari esker, lasterketa buruan sei txirrindulari gelditu ziren bakarrik: Nibali bera, Jack Haig (Mitchelton), Tanel Kangert (Astana), Maximilian Schachmann (Quick Step) eta aurrez ihesean ibilitako Cesare Benedetti (Bora) eta Anthony Roux (FDJ). Horiek lanak eman zizkioten atzeko taldeari. Ia minutuko aldea ere izan zuten.

Faboritoak urduritzen hasi ziren, eta Kwiatkowski eta Tiesj Benoot (Lotto Soudal) ere batu zitzaizkion Landari jazarpen lanean. Hala, Cheraven aitaren batean jaitsi zen aldea, eta, azkenean, faboritoen artean jokatu zuten garaipena. Valverderen hamaikagarren erakustaldia espero zuen mundu guztiak, baina espainiarra gaizki kokatuta iritsi zen azken metroetara: seigarren postuan abiatu zuen esprinta. Ia lortu zuen Alaphilipperen gurpilera iristea, baina azkenean bigarren postuarekin konformatu behar izan zen. Hurrena Jelle Vanendert (Lotto Soudal) helmugaratu zen. Bestalde, Gorka Izagirre izan zen lehen euskalduna: 38.01.34ra.

Urtebetetze oparia

Emakumezkoen lasterketan ere ez zen ikuskizunik falta izan. Urrutitik hasi ziren izen handiak borrokan Cheraveko lehen igoeran erasoa jo zuen Pauline Ferrand-Prevotek (Canyon), eta mugimendu horrek hamalau txirrindulariko multzoa sortu zuen. Bertan ziren faboritoetako hainbat. Horiek hala, Huyra iritsi aurreko ordekan erasoa jo zuten lau ziklistak: Ferrand Prevotek berak, Megan Guarnierrek (Boels), Janneke Ensingek (Ale Cipollini), eta Amanda Sprattek (Mitchelton-Scott). 40 eta 50 segundo arteko aldea izan zuten une askoan, eta azken igoerara hogei segundoko errentarekin iritsi ziren.

Azkar harrapatu zituzten faboritoek, eta aurrera egin zuten Van der Breggenek, Ashleigh Moolmanek (Cervelo), Megan Guarnierrek (Boels), Annemiek van Vleutenek (Mitchelton). Esprintean nagusi izan zen Van der Breggen. 28 urte bete zituen atzo, eta garaipen handi batekin ospatu zuen. Bestalde, Ane Santesteban izan zen euskal herritarrik indartsuena. Eguneko ihesaldian sartu, eta 16. bukatu zuen, 37 segundora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.