Oinordekoa iritsi da

Caeleb Dresselek zazpi urrezko domina irabazi ditu Munduko Igeriketa Txapelketan, Budapesten. Dressel izan da izar nagusia, eta Michael Phelpsek 2007an ezarritako marka berdindu du.

Imanol Magro Eizmendi.
2017ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Eskuineko masailean col du idatzia, ezkerrekoan, 3.17. Igeriketa proba bukatu arren, ez zaio ezabatu. Bibliako txatal bat lokalizatzeko kodea da. Kolosarrei eskutitza Itun Berrian dago, Paulo Tarsokoak idatzi omen zien, eta hala esan zien: «Eta egiten duzun edozer gauza, hitzez edo ekinez, egin ezazu Jesus Erregearen izenean, haren bitartez Jaungoikoari eskerrak emanez». Aurpegi hori Caeleb Dresselena da (Green Cove Springs, Florida, 1996), eta Dressel igeriketako abiadura proben izar handi berria da. Dresselek esana du familiari eta Jaungoikoari esker iritsi dela egungo mailara, eta ahal duen gehienetan ematen dizkie eskerrak. Munduko Igeriketa Txapelketa herenegun bukatu zen, eta Dresselek urrezko zazpi domina irabazi ditu Budapesten. Michael Phelpsek 2007an ezarritako marka berdindu du. Dagoeneko jarri diote titulua: oinordekoa da. Dresselek, baina, ez du zama hori nahi: «Maila onean jarraitzen badut etorriko dira alderaketak, baina ni ez naiz Michael».

Dresselek iaz taldekako bi urrezko domina irabazi zituen Rion, Phelpsen alboan. Dressel, baina, igerilari ezberdina da; marrazoa baino gihartsuagoa da, eta proba motzetan nabarmentzen da, hala tximeleta estiloan nola estilo librean. Besteak beste, haren uztari esker bukatu dute AEBek domina zerrendan lehen postuan: 46 irabazi dituzte, hemezortzi urrezkoak. Domina zerrendan, Txina izan da bigarren, jauzietan jokoan zeuden 39 dominetatik hamabost irabazita; eta Errusia hirugarren, igeriketa sinkronizatuko bederatzi urreetatik zazpi irabazita.

Munduko Txapelketa oparoa izan da; hamar munduko marka hobetu dira, inoiz baino gehiago plastikozko bainujantziak debekatu zituztenetik. Markak baino gehiago, dena den, Dresselek uztailaren 29an eginiko balentria gogoratuko du jendeak. Hiru urrezko domina irabazi zituen bi ordutan: estilo libreko 50 metrokoa, tximeleta estiloko 100 metrokoa eta estilo libreko 4x100 metroko mistoan. Ez Olinpiar Jokoetan ez Munduko Txapelketan egun batean inork lortu gabeko uzta. Phelpsek berak ere bere harridura zabaldu zuen sare sozialetan. «Txikia gaur sutan dago!», idatzi zuen. Beste lau urreak estilo libreko 100 metroetan, estiloetako 4x100 metroko bi erreleboetan —gizonezkoena eta mistoa— eta 4x100eko gizonezko estilo libreko erreleboan lortu ditu. Zazpitik lau taldeka irabazi ditu, eta, Phelpsekin gertatu bezala, AEBetako selekzioko kidea izateak domina bilduma handitzen erraztu dio. Halere, izan du orbaina, laugarren izan baitzen 50 metroko tximeleta proban.

Floridako unibertsitatean entrenatzen da, AEBetako igerilari haztegirik onena, eta gimnasioan igerilekuan adina ordu sartuz. Igeriketa berria da, oso fisikoa, eta proba motzetan ez du parekorik. Dressel, baina, langilea bezain kristaua da. 2015ean ez zioten deitu Munduko Txapelketarako. 19 urte zituen, eta, ustez, AEBetako igeriketaren etorkizuna harena zen. Krisi sakon batean sartu zen, eta igeriketa utzita egon zen. Hilabete batzuetara unibertsitate mailako AEBetako txapelketan hasi zen berriro. Berriz ere aurpegia marraztuta: Isaias 40.31: «Jehovaren zain daudenak indarberritu egingo dira, hegoak zabalduko dituzte arranoen antzera; korrika egin eta ez dira nekatuko, ibili eta ez dira akituko». Eskuineko sorbaldan arrano hori tatuatu zuen, eta estilo libreko 50 eta 100 metroko txapeldun izan zen.

Erlijioak asko lagundu zion «deabruak» baretzen, eta eredu izan nahi du: «Inspirazio iturri izan nahi dut. Jaungoikoari eskertua natzaio, zoriontsu egin ninduen, eta jendeak aurpegian idatzita daramadana ikustean zoriontsu izateko arrazoi bat aurki dezala nahi dut». Jaungoikoak, baina, ez du igeri egiten, eta Dresselek bai, oso bizkor gainera, eta haren irteerak harrigarriak dira. Hor du sekretu handia: ur azpiko tartean hartzen duen abiaduran. Tximeleta estiloko 100 metroetako proban, esaterako, bere burua tranpolinetik bota zuenean eta 50 metroko itzuliaren ondoren hamar ostikada eman zituen uretara irten aurretik. 21 urte ditu bakarrik, erne.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.