Asko sufritu zuen ligaxkan, etalarri sailkatu da finalerdietarako Oinatz Bengoetxea (Leitza, Nafarroa, 1984). Asteak pasatu ahala, baina, hobeto dago, eta horrek konfiantza eman dio etziko.
Txapelketa justu antzean hasi zenuen, eta gorantz egin duzu. Zein da arrazoia?
Oinazpiko arazoak izan nituela. Faszititisa izan dut, eta horrek entrenatzeko arazoak sortzen ditu. Hankak indartzeko ariketak ezin dituzu egin, eta nabaritu egiten da kantxan mugitzeko garaian. Minak hobera egin ahala, baina, gora egin dut txapelketan. Olaizolaren aurka ondo jokatu nuen, baina ez nenbilen ondo kantxan. Elezkanoren aurka ere ez nintzen gustura ibili, baina hurrengo astean hanketako ariketak egin ahal izan nituen. Hori falta zitzaidan, jokoz-eta ez nengoelako gaizki, baina niretzat garrantzitsua da kantxan azkar mugitu ahal izatea.
Oina sendatu, baina hatza mindu. Zer moduz zaude?
Oraindik kolpea ematen dit, baina partida jokatu ahal izan nuen igandean. Takoak oso egoki jarri nituen, eta dena ondo irten zen. Duela bi aste ia ziurtzat jotzen nuen ezingo nuela jokatu, baina astelehen hartan erabaki nuen saiatu egin behar nuela, eta orain finalerdietan nago.
Zein aholku emango zenioke Urrutikoetxeari? Hark ere hatz punta hautsi du.
Ez du behar, hark ere hautsi izan du hatza aurretik, eta badaki zer egin behar duen. Hori bai, etzi egoera berdintsuan egongo gara. Agian ni lasaiago egongo naiz, joan den astean ikusi nuelako maila onean joka dezakedala.
Urrutikoetxea oso ondo ari da.
Maila ikaragarria eman du. Hori da hori ahala erakutsi duena! Bera izan da pilotaririk onena ligaxkan; nik uste dut inork ez duela zalantzarik izan hor.
Hartu dio neurria lau eta erdiari.
Pilotari garaiei gehiago kostatzen zaie. Baina berak ahal handia du, gorputz horrekin oso bizi mugitzen da, eta pilotari edozein tokitik emateko jarrera egokiak ditu. Pilotari osoa da, ez du zulorik. Defentsan, esaterako, ahal handia du pilota errazik ez uzteko.
Iaz bi finalerdi irabazi zenizkion. Eragingo dio horrek?
Ez dut uste. Lau eta erdikoan 22-21 irabazi nion, leon-kastillo izan zen, eta ez dut uste eragingo dionik.
Iaz zuen finalerdiko pilotalekuak zeresana eman zuen. Gustatzen al zaizu Adarraga?
Bai, gustuko dut. Logroñon egokitu da. Victorrek aukera asko zituen sailkatzeko, eta uste dut hortik joango zela tratua. Nire aldetik, arazorik ez, Labriten ere gustura jokatuko nuen. Nagusiek erabakitzen dute, eta jartzen gaituzten tokian jokatu behar dugu.
Zein traza hartzen diozu beste finalerdiari?
Partida ikaragarria. Altunak partida handia egin zuen Ezkurdiaren aurka, eta txapela irabazteko hautagai da. Baina Olaizola ongi dago... Pilota ongi mugitzen ari da, eta ezkerrez ukitu egiten du. Erne harekin, fresko dago eta.
Oinatz Bengoetxea. Asegarceko pilotaria
«Oinazpiko minak hobera egin ahala, gora egin dut txapelketan»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu