Frantziako Tourra

Oinazearen bi aldeak

Pedersen Philipseni nagusitu zaio esprintean. Cavendish erori egin da, eta erretiratu egin da. Landa ere erori da, eta 47 segundo galdu ditu

Oinazearen bi aldeak.
enaut agirrebengoa
2023ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Oinazea eta gozamena ez daude beti etsaituta. Galde diezaiotela Mads Pederseni (Lidl). Sufrimendu hutsezko esprinta egin zuen atzo Limogesen (Frantzia), maldan gora, eta ahalegin itogarriak Tourreko zortzigarren etapa irabazteko balio izan zion. Oso urrutitik abiatu zen, baina tinko eutsi zion Jasper Philipsenen (Alpecin) oldarrari. Hankako minez eta irribarrez bukatu zuen. Kontrara, oinazearen alderik gordinena nozitu zuen Mark Cavendishek (Astana): erori egin zen helmugarako 60 kilometro falta zirela, eta erretiratu egin zen. Ihes egin dio, beraz, Tourraren historiako ziklistarik irabazleena bihurtzeko ametsak.

Mikel Landaren (Bahrain) ilusioak ere ezerezean ari dira gelditzen. Atzo, erori egin zen etaparen amaieran, Simon Yatesekin batera (Jayco), eta 47 segundoko atzerapena izan zuten. Landak hiru postu galdu zituen, eta 14. dago, Jonas Vingegaarden (Jumbo) esku segitzen duen lidergotik 6.36ra. Yatesek, berriz, bi postu egin zuen atzera, seigarrenera; aurrea hartu zioten Carlos Rodriguezek (Ineos) eta Adam anaiak (UAE).

Esprinterrek ez ezik, iheslari ameslariek eta errematatzaile gosetiek ere bazuten irabazteko esperantza. Ondorioz, oso hasiera bizia izan zuen etapak. Txirrindulariek bipil jokatu zuten irten orduko, eta askok egin zuten tropelaren zaintzatik ateratzeko saiakera. Azkenean, baina, hirukote bat osatu zen buruan: Tim Declercqen (Soudal), Anthony Turgisen (Total) eta Anthony Delaplaceren (Arkea) eskutik.

Bost minuturen errenta izan zuten gehienez. Buruan igaro zuten tarteko helmuga, bukaeratik 121 kilometrora. Han, puntuak biltzeko lehia izan zen tropelean, eta, behin sua piztuta, aurrerantz jarraitu zuten zenbait txirrindularik: Cavendishek, Philipsenek eta Mathieu van der Poelek (Alpecin), besteak beste. Ez ziren urrunera joan, kate motzean lotu baitzituen Jumbok. Atzo Wout van Aerten alde egin zuen lan lasterketako liderraren taldeak.

Geroago ere zeresana eman zuen Cavendishek, baina txarrerako: lurra jo zuen, eta eskua lepauztaira eraman zuen berehala. Begirada galdua zuen anbulantzian. Ez zegoen jarraitzeko moduan. Tourrean 35. etapa garaipena lortu nahi zuen, eta Eddy Merckx gainditu. Ez da posible izango, sasoi hau baitu azkena ziklista profesional gisa.

Turgisek iraun zuen gehien ihes egindakoen artean. Helmugarako zortzi kilometro falta zirela harrapatu zuten, bukaeran zeuden igoera laburrak igaro ondotik. Erritmo gogorra jarri zuen Jumbok, baina ez zen erasorik izan maldan gora. Dena esprinterako utzi zuten. Azken zuzenguneak ere goranzko joera zuen, eta oso egokia zen Van Aertentzat. Baita Pedersenentzat ere. Bata itxita gelditu zen; bestea, aldiz, indartsu irten zen eskuinetik, eta joari helmugara arte eutsi zion. Flandriarrak ezin izan zion bolada onari jarraipena eman. Hirugarren Van Aert izan zen.

Gaur azterketa garrantzitsua izango dute faboritoek, Puy de Dome mendatean bukatuko den etapan. Tourra 35 urte geroago itzuliko da igoera horretara. Hamahiru kilometro luze da, eta %7,7ko pendiza du. Aurrez, laugarren mailako bi mendate eta hirugarren mailako mendate bat igoko dituzte. Norgehiagokan ariko dira berriro Vingegaard eta Tadej Pogacar (UAE). 25 segundo eskaseko aldea dago bien artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.