Lau t'erdiko txapelketako finala. Ekaitz Saralegi. Altuna III.aren botileroa

«Oinatzi partida eroa komeni zaio; guk hori eragozten saiatu behar dugu»

Imanol Magro Eizmendi.
Gasteiz
2016ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Lehen final handia du herrikidearen alboan. Pilota aukeraketa ondo joan da, eta lasai dago. Ekaitz Saralegik (Amezketa, Gipuzkoa, 1979) konfiantzaz ikusten du Altuna gaztea.

Inbidiarik ba al duzu?

Asko. Bizi osoa pilotan ibili naiz, eta ez dut horrelako aukerarik izan. Finaleko atarian bi aldiz gelditu nintzen, baina ez dut jokatu horrelako tamainako partidarik. Inbidia sanoa da, dena den, alboan eserita herrikoa dudalako.

Zer moduz joan da pilota aukeraketa?

Jokin oso gustura gelditu da. Beti antzeko pilotekin jokatzen du, eta aurkitu ditu. Oinatzenak bizi xamarrak dira, baina, tira, enpresa bakoitzak komeni zaizkionak jartzen ditu; normala da.

Altuna txapelketa guztiko sasoirik onenean dagoela dirudi.

Behetik gora egin du txapelketan, hala egin beharra zeukan gainera. Olaizolaren aurka indartsu ikusi nuen, eta azken bi aste hauetan entrenamendu oso onak egin ditu. Sasoi betean dago.

Finalari buruz hitz egiten hasi al zarete?

Gutxi gorabehera bai, hemen entrenatzen egon denean-eta hitz egin dugu. Badakigu nola jokatu behar den, baina orain, kantxan hori lortzea falta da. Teoria badakigu, orain praktika falta da.

Onartu duzu hitz egin duzuela, eta zer erabaki duzue?

Denok dakigu Bengoetxeak nola jokatzen duen. Kontua da bere jokoarekin irensten zaituela; hark beti azkar bueltatzen du pilota. Frontisetik ahalik eta urrunen izaten saiatu behar dugu.

Bengoetxeak partida eroa espero duela esan du.

Hari hala komeni zaio. Saiatu egin behar dugu horrela izan ez dadila. Eta, eroa bada, hark bere lurraldera eraman duen seinale.

Bengoetxea faboritoa da apustuetan.

Normala da. Zer-nolako txapelketa egiten ari den ikusita, normala da. Hark ere jakingo du faboritoa dela. Baina, tira, hutsetik hasten da partida. Pilotariak arreta gutxi jartzen dio horri.

Altunaren lehen finala da. Eragin al diezaioke?

Altuna lasaia da, eta pilotalekua betetzen denean aurrera egiten duten horietakoa. Ez da kikiltzen. Finala hasi arte ezingo dugu ikusi giroak eta egoerak eragingo dion. Oraingoz lasai dago, eta igandea irits dadin irrikan. Udan erakutsi du egun handietan bere maila ematen duela. Nik oso lasai ikusi dut, konfiantzaz beteta.

Zer moduz zu eserlekuan? Sufritzen al duzu?

Eserita, ondo, nekatu gabe. Urduritzen naiz pixka bat, tentsioa ere egon behar du. Lasai egoteko, hobe harmailan partida ikustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.