Frantziako Tourra. Ion Izagirre. Cofidiseko txirrindularia

«Oinarriko lanari esker gaude gu orain hemen»

«Emozioz lehertu» zen Izagirre Tourreko etapa irabazita, eta barrua dardarka nabaritzen du oraindik. Taldekideen eta herrikideen jardunarekin ere pozarren da.

BENOIT TESSIER / EFE.
enaut agirrebengoa
2023ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Bazkalosteko lo-kuluxkaren aurretik erantzun dio deiari Ion Izagirrek (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1989). Amets gozoak ari da izaten egunotan, Tourreko hamahirugarren etapa irabazi eta gero. Garaipena etxekoekin ospatzeko irrikaz dago, baina, lehenago, aukera berriak bilatuko ditu lasterketako azken astean. Atseden eguna izan zuten atzo, eta 22 kilometroko erlojupekoa jokatuko dute gaur. Erabakigarria izan daiteke maillot horiaren borrokan.

Zer da atseden egunez gehien gustatzen zaizuna?

Iratzargailua alde batera utz dezakegu goizean, eta hori asko eskertzen da. Gorputzak nahi duenean esnatzen gara. Gero, lasai gosaltzeko aukera dugu, presarik gabe. Batzuei ez zaie bizikleta hartzea gustatzen, baina niri ondo etortzen zait. Egun asko dira jarraian lehiatzen, eta, atseden egunean guztiz geldituta, gero asko kostatzen da berriro martxa hartzea. Bihar [gaur] erlojupekoa dugunez, bizikleta bereziarekin atera gara saioa egitera.

Zer egin ohi duzu denbora librean?

Atseden eguna nahiko azkar pasatzen da, eta ez dugu denbora libre askorik izaten. Arratsaldean masajea hartzen dugu, eta osteopatarekin izaten gara. Gainera, frantziarrek goiz afaltzeko ohitura dute. Tarte handirik ez dugu izaten lagunartean karta jokoan aritzeko. Etxekoekin eta lagunekin telefonoz hitz egiteko aprobetxatzen dut.

Etapa irabazi eta gero, sakelako telefonoa kea dariola edukiko duzu oraindik.

Pentsa dezakezu. Zorion mezu asko eduki ditut, eta eskertzekoa da. Egindakoa barneratzen ari naiz, pixkanaka. Hasieran kosta egiten da, denek laino batean bezala jartzen zaituztelako: komunikabideek, jendeak, taldekideek... Etxeko lasaitasunean errazago barneratuko dut.

Gorputzak zer diotsu oraintxe? Nola iritsi zara azken astera?

Ondo. Igandean ihesaldia hartu nuen, eta fisikoki ondo ikusten dut neure burua. Beste urte batzuetan neke sentsazio handiagoa izan dut, eta lasterketa bukatzeko gogoa ere sentitu dut, emaitza txarren, erorikoen edo gaixotasunen ondorioz. Baina Tour honetan gogotsu jarraitzen dut.

Garaipen bat lortzeak asko errazten ditu gauzak?

Noski. Taldean bi garaipen lortu ditugu jada: nirea, eta Donostian Victorrek [Lafay] lortu zuena. Sekulakoa da Cofidis talde apalarentzat. Urte asko zeraman Tourrean irabazi gabe, eta aurtengoa lasterketa itzela ari da izaten: bi etapa irabazi ditugu, eta Guillaume [Martin] sailkapeneko lehen hamarren artean dugu. Hori bai, ez gara erlaxatzen; borrokan jarraituko dugu.

Barrenean zer sentitzen da Tourreko etapa bat irabaztean?

Gauza asko sentitzen dira, batez ere helmugara iristen zarenean. Emozioz lehertu egiten zara. Gainera, Iraia alabaren urtebetetzea zen, eta ume txikiak dituzunean, aldatu egiten da zure lanbideaz eta bizitzaz duzun ikuspuntua. Guk egun bereziak galtzen ditugu familian, eta umeek etxean nahi dituzte gurasoak. «Aitatxo, noiz itzuliko zara etxera?», galdetzen dit alabak. 4 urte dauzka bakarrik. Hari berdin zaizkio lasterketak eta garaipenak. Oraindik ez da jabetzen. Irabazi ostean, askatu egin nituen sentsazio horiekguztiak, eta oso hunkigarria izan zen.

Oraindik ez zinen aita 2016an Morzineko etapa irabazi zenuenean. Zazpi urte pasatu dira garaipen batetik bestera. Bietako zein da bereziagoa?

Biak dira oso bereziak. Momentu, egoera eta talde ezberdinetan lortu ditut, eta asko gozatu dut biekin. Azkenean, garaipenak lortzea oso zaila da, eta zer esanik ez Tourrean. Ziklista batzuek oso erraz irabazten dituzte etapak, ia nahieran, baina besteoi askoz ere gehiago kostatzen zaigu. Ikaragarria da bigarrenez irabazi izana, eta gogo handia dut etxekoekin ospatzeko, behin lasterketako zurrunbilotik aterata.

Erasoa jo, eta bakarrik egin zenituen azken 30 kilometroak. Halakoetan zer pasatzen da burutik?

Ezer berezirik ez. Arreta guztia esfortzuan jartzen saiatzen zara. Ondo kudeatu beharreko distantzia zen. Nik tartea ahalik eta lasterren ireki nahi nuen, psikologikoki abantaila izateko. Gainera, atzean nuen Guillaume, eta hark multzoko harmonia zapuztu zuen. Zuloa handituz joan zen, baina kilometroak ez ziren oso azkar pasatzen. Era berean, Bingen [Fernandez, kirol zuzendaria] ondoan izan nuen autoan, erreferentziak eta animoak ematen.

Bost urte zeneramaten euskal ziklistek Tourrean irabazi gabe. Eta, halako batean, hiru egunetan bi garaipen lortu zenituzten, Pello Bilbaok eta zerorrek.

Tour biribila ari da izaten zentzu guztietan. Batzuetan, horrela tokatzen da. Argi dago maila badaukagula. Ez dakit loturarik badagoen euskaldunon garaipenen eta Euskal Herriko irteeraren artean. Niretzat neuretzat oso egun bereziak izan ziren. Ikaragarri gozatu nuen errepideak jendez gainezka ikusita. Oso gertutik sentitu nuen zaleen berotasuna, eta oso alai ibili nintzen. Egun garrantzitsuak izan ziren, gazteei begira batez ere. Haien azalean jarrita, handia izan behar du zure idoloak Tourra etxean lehiatzen ikusteak. Ea harrobia indartzen eta etorkizunean Euskal Herrian txirrindulari gehiago izaten laguntzen duen.

Horren harira, 30 urte baino gehiago duzue Tourrean zabiltzaten txirrindulari euskaldunek, Alex Aranburuk izan ezik. Kezkagarria da?

Garbi dago oinarrizko txirrindularitza bultzatu beharra dagoela, eskoletatik hasita. Ia inoiz ikusten ez den lana da, baina jende asko dago ezer kobratu gabe asteburuero lasterketetara joaten dena, eta umeei bizikletan aritzen irakasten diena. Oinarrian egiten den lan horri esker gaude gu hemen.Eta oinarria bultzatu egin behar dute erakundeek.

Bestalde, nolako lasterketa ari da izaten Tourra, barrutik ikusita?

Onenak Pogacar eta Vingegaard dira, alde handiarekin. Hori kanpotik ere ikusten da. Ikaragarria da daramaten abiadura. Erakustaldi txundigarriak ari dira egiten. Beste kirol bat dirudi ia. Podiumaren lehia ere nahiko zabalik ikusten dut, eta ihesaldiak ere maila handikoak ari dira izaten. Jende askok sartu nahi du aurrean, eta inoiz ez dakizu ihesaldia noiz osatuko den. Ni ihes egin ezinik ibili nintzen etxeko etapetan eta Pirinioetan, eta etsipen apur bat sentitu nuen. Baina fisikoki ondo ikusten nuen neure burua, eta banekien, lehenago edo beranduago, lortuko nuela gutxienez ihesaldi bat harrapatzea.

Busti zaitez: Pogacarrek edo Vingegaardek, nork irabaziko du Tourra?

Bietako bat esatea nahi baduzu, Vingegaard esango dut. Baina Pogacarrek ere berdin irabaz dezake. Hark sekulako erritmo aldaketak egiten ditu, eta metro batzuk atera, baina Vingegaard oso ondo ari da esfortzuak eta distantziak kudeatzen. Giltza biharko [gaurko] erlojupekoa izango da, eta ikusteko dago bietako nork ematen duen kolpea.

Beste garaipen baten bila ariko zara zu?

Bai, saiatu behintzat saiatuko naiz. Ez dira egun asko gelditzen ihesean zeresana emateko, baina dudan maila aprobetxatu egin nahi dut. Guillaumeri ahal den neurrian lagunduko diot, eta aldi berean, nire aukera bilatzen eta baliatzen saiatuko naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.