Athletic

Oinarriaren gainean eraikitzeko garaia heldu zaio Athletici

Zuri-gorriak lanean dira jada. Bi fitxaketarekin eta zenbait hutsunerekin ekin dio sasoi berriari talde bizkaitarrak; jada, Garazi Murua, Yulema Corres eta Eunate Arraiza gabe.

Athleticeko jokalariak lehen lan saioan. ATHLETIC
Athleticeko jokalariak lehen lan saioan. ATHLETIC
Beñat Mujika Telleria.
2024ko uztailaren 19a
09:50
Entzun

Athleticek ere abiatu du denboraldiaurrea. Zuri-gorriek osasun azterketak eta gaitasun probak egiteko aprobetxatu dituzte atzoko eta gaurko egunak, eta bihar egingo dute lehen lan saioa Lezamako berdegunean (12:00). Zaleek ateak zabalik izango dituzte, gainera. Aspaldiko sasoi onena egin zuen Athleticek, eta proiektuaren oinarria finkatzeko balio izan zion. Hori dela eta, David Aznarrek kontratua berritu zuen, eta hura izango da berriro ere taldearen arduradun nagusia. Orain, iragan sasoian ezarritako oinarri sendo horren gainean eraikitzeko garaia iritsi zaie bizkaitarrei.

Azkenaldian behera eginda egon da Athletic. Geroz eta talde indartsuagoak sartu dira ligan, eta horrek min handia egin zien Athleticen moduko taldeei. Sailkapenaren aurreneko postuetan egotera ohituta zegoen talde bizkaitarra, baina kostata aritu da azken urteetan. Iaz, baina, denboraldi aparta egin zuen. Gutxien espero zenean, akaso. Iraia Iturregiren agurra medio, entrenatzaile aldaketa baliatu zuen Jon Uriarte presidenteak proiektuari 180 graduko bira emateko. Taldea gaztetzeko asmoz, trantsizio urte bat egitera behartuta zegoen kluba; baina trantsizio urtea hainbat jokalari goi mailan finkatzeko urtea bilakatu zen.

David Aznar aukeratu zuen Athleticek trantsizio urte horri aurre egiteko, eta ondo baino hobeto atera zitzaion apustua. Eta egindako lanari esker, kontratua berritu dio klubak. Hala ere, jokalariak dira proiektua hauspotu dutenak, eta horietako hainbati ere kontratua berritu die Athleticek, udan. Naia Landaluze (2026), Irene Oguiza (2026) eta Jone Amezaga (2027) dira horren erakusle nagusiak. Aurrerapausoa eman zuten hirurek, eta klubak gertu eustea erabaki du. Egoera desberdina den arren, Mariasun Quiñonesi eta Marta Unzueri (2025) ere berritu die kontratua klubak.

Ligako talde gazteenetako bat da Athletic. Iaz ederki uztartu zituen gazteak eta beteranoagoak, eta aurten beste urrats bat egin du taldea gaztetzerako orduan. Athleticen historia urre kolorez idatzi dute haien izena Garazi Muruak, Yulema Corresek eta Eunate Arraizak. Baina iritsi zaie gazteei tokia uzteko garaia. Aspaldiko partez hiru jokalari horiek gabe itzuli da taldea Lezamara. Lehen biek futbola utzi dute, eta azkenak Osasunara joateko hautua egin du. Haiei luzaroan aldagelan egin duten lana beste batzuen kargua izango da orain.

Beste modu bateko hutsuneak ere sumatu dira aurreneko egunetan, Lezaman. Bibiane Schulze ez da taldekideekin batera aritu, Alemaniako selekzioarekin ariko baita Olinpiar Jokoetan. Ainize Barea Peke ere ez da bertan izan, haurdun baitago oraindik.

Gazteen aldeko apustua

Hala ere, aurpegi berriak ere ikusi dira Lezaman, denboraldiko aurreneko lan saioan. Orain arte iritsi diren bi fitxaketak gainerako taldekideekin batera aritu dira. Maitane Vilariño gazteak urte bikaina egin du Osasunan, eta, Athleticek bigarren taldean aritzeko fitxatu badu ere, lehen taldearekin batera ariko da sasoi aurrean, behintzat. Gauza bera egingo du Osasunan taldekide zuen Silvia Perezek. Leire Baños izan da lehen egunetako beste aurpegi berria. Realeko haztegiko jokalariak hiru urte egin ditu Levanten, baina Euskal Herrira itzuli da orain. Athleticek 2027ra arte fitxatu du, eta Realean taldekide izan zituen hainbat jokalarirekin elkartu da.

Gazteen aldeko apustu sendoa egiten ari dira bizkaitarrak, eta hori datuetan islatzen ari da. Itsaso Miranda harrobiko jokalaria lehen taldera igo da, eta bertan arituko da aurrerantzean. Eta harrobiko beste jokalari batzuek ere izango dute udan lehen taldearekin aritzeko aukera. Beste modu bateko apustua egin du klubak Amaia Martinezekin eta Marina Arterorekin. Lehen mailan arituko dira biak, baina Lezamatik kanpo. Espanyolen arituko da lehena, eta Deportivon bigarrena, utzita.

Adiskidantzako partidei dagokienean, oraingoz hiru ditu talde zuri-gorriak. Abuztuaren 3an Eibarren aurka ariko dira, Tafallan. Abuztuaren 10ean Coruñan ariko dira, Teresa Herrera txapelketan. Eta, azkenik, sona handiko txapelketa batean hartuko du parte, goi mailako hiru talderekin batera: PSV, Erroma eta Paris FC. Laster emango du klubak gainerako partiden berri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.