Oinarria sendotuta iritsiko da Plazaz Plazaren laugarren aldia

Sei bikotek jokatuko dute txapelketa, eta bina partida jokatuko dituzte ligaxkan. Lehen sailkatua zuzenean sailkatuko da finalerako; Donostian jokatuko da. Bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdiak jokatuko dituzte horretarako sailkatzeko.

Txapelketan parte hartuko duten pilotarietako batzuk, Iñaki Gabarain Donostiako Udaleko zinegotziarekin, gaur. ANDONI CANELLADA / FOKU
Txapelketan parte hartuko duten pilotarietako batzuk, Iñaki Gabarain Donostiako Udaleko zinegotziarekin, gaur. ANDONI CANELLADA / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko abuztuaren 1a
13:50
Entzun

Ados Pilota beste uda mugitu bat eskaintzeko prest dago. Udara Caixabank txapelketa betean murgilduta, Plazaz Plaza txapelketa aurkeztu du gaur enpresak. Donostiako udaletxean egin dute aurkezpen ekitaldia, eta bertan izan dira udako txapelketa horretan parte hartuko duten pilotari gehienak. Hilaren 10ean abiatuko da lehia, Azkoitian (Gipuzkoa), eta final handia Donostian jokatuko da, irailaren 15ean, Trinitate plazan. Zortzi jardunaldi izango ditu txapelketak: hiru Gipuzkoan, lau Nafarroan eta bat Araban.

Egutegian egonkortuta iritsiko da Plazaz Plaza txapelketa. Izan ere, laugarren aldiz arituko dira pilotariak Euskal Herriko hainbat herritako frontoietan. Egonkortze hori aldarrikatu du Iera Agirre Ados klubaren sortzaileetako batek: «Oso garrantzitsua da guretzat gaur Donostian egotea, eta eskerrak eman nahi dizkiogu Donostiako Udalari. Duela hiru urte Ados sortu genuenean esan baligute gaur hemen izango ginela, ez genukeen inola ere sinetsiko. Bide horretan lan handia egin dugu; Ados familia bat da, eta auzolanean egiten dugu dena. Emakumeen pilota eta Ados kluba inoiz baino indartsuago daude».

Aurkezpenean izan da Iñaki Gabarain Donostiako Udaleko Kiroletako eta Bizitza Osasungarriko zinegotzia, eta pozik agertu da horrelako txapelketa batek Donostian tokia izateagatik: «Donostia Pilota planaren barruan daude Ados Pilotaren txapelketak, eta proiektu berriekin pilotak Donostian duen tokia sendotu eta bultzatu nahi dugu. Kasu honetan, emakumezkoen pilota profesionala bultzatu nahi dugu, eta, horretarako, ezinbestekoa da Ados Pilotak Donostian lehiatzeko tokia izatea».

Txapelketari dagokionez, Plazaz Plaza txapelketak zortzi jardunaldi izango ditu. Lehen seiak multzoen faseari dagozkionak izango dira. Hilaren 10ean jokatuko da lehen jardunaldia, Azkoitian. Ligaxkako gainerako partidak ondorengoak izango dira: hilaren 15ean Areson (Nafarroa), 16an Eltziegon (Araba), 25ean Getarian (Gipuzkoa), 31n Tirapun (Nafarroa) eta irailaren 1ean Arazurin (Nafarroa).

Sei bikote arituko dira nor baino nor gehiago, eta bikote bakoitzak bina partida jokatuko ditu fase horretan. Ligaxkako lehena zuzenean sailkatuko da finalera: Donostiako Trinitate plazan jokatuko da. Finalean arituko den beste bikotea erabakitzeko, finalerdietako partida bat jokatu beharko dute ligaxkako bigarrenak eta hirugarrenak. Etxaurin jokatuko da partida hori, irailaren 8an. Berezitasun handiko frontoia da Etxaurikoa, ezker paretarik ez baitu. «Zaila da bertan jokatzea, eta horregatik da polita finalerdia bertan jokatzea, finalerako sailkatzea bertan erabakitzen delako», adierazi du Agirrek.

Norekin eta noren aurka jokatu behar zuten jakin gabe iritsi dira pilotariak Donostiara, eta Agirrek bertan argitu dizkie zalantzak. Zozketa bertan egin da, lehen aldiz, jokalarien aurrean. Banan-banan atera dituzte pilotarien izenak kutxetatik, eta, patuak hala nahita, ondorengoak izango dira sei bikoteak: Aranburu-Agirre, Barrokal-Oskoz, Ruiz de Infante-R.L. Mujika, Aldaregia-Galeano, Arrieta-Orbegozo eta Iturriaga-Zabala. 

«Berezia da plazan aritzea. Erdigunean kokatzen da emakumezkoen pilota, eta ingurutik pasatzen den edonork pilotariak ikusteko aukera dauka; kasu honetan, denak emakumeak»

IERA AGIRREAdos Pilotako sortzailea

Txapelketa horretan ohikoa den bezala, Euskal Herriko zenbait herritako frontoi irekietan jokatuko dituzte partidak. Erabaki horrekin «asmatu» egin zutela nabarmendu du Agirrek: «2021ean abiatu genuen txapelketa, pandemia betean. Ordutik argi geneukan egokiena herrietako plazetara ateratzea zela, eta esan dezakegu horrekin asmatu genuela. Horregatik da berezia guretzat Plazaz Plaza».

Herriko plazetan aritzeak zailtasuna handitzen du, baina plazara irteteak alderdi positiboak badituela nabarmendu du Agirrek: «Frontoi itxietan jokatzera ohituta gaude, eta errazagoa da, gainera. Herrietako plazetan jokatzea zailagoa da, pilotak bote oker samarrak egiten dituelako. Baina, aldi berean, berezia da plazan aritzea. Erdigunean kokatzen da emakumezkoen pilota, eta ingurutik pasatzen den edonork pilotariak ikusteko aukera dauka; kasu honetan, denak emakumeak».

Bi txapelketa uztartuz

Plazaz Plaza txapelketan gain, Udara Caixabank txapelketa berrian ere lehiatzen ari dira Ados klubeko pilotariak. Lehen aldiz uztartuko dituzte bi txapelketa horiek udan. «Txapelketa berriak bultzada behar izaten du, baina aurten ahalegin berezia egin dugu Plazaz Plaza txapelketa aurrera irten zedin, biak uztartu nahi genituelako udan».

Udara Caixabank txapelketaren harira, Donostian jokatuko den jardunaldia aurkezteko baliatu nahi izan du klubak gaurko eguna. Abuztuaren 24an bi partida jokatuko dituzte Atano pilotalekuan, 18:00etan: Ruiz de Infante-Zabalak Arrieta-Mendibururen aurka jokatuko dute, eta Barrokal-Orbegozok Iturriaga-Agirreren aurka.

«Trinitate plazan jokatzea berezia da, baina ohituta gaude», adierazi du Agirrek: «Horregatik, are bereziagoa izango da Atanon jokatzea. Ohituta gaude gizonezkoen partidak harmailetatik ikustera, eta inbidia puntu batekin ikusi izan ditugu beti partida horiek. Orain kantxan aritzeko aukera izango dugu, eta oso jaialdi garrantzitsua izango da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.