Athletic

Oinak lurrean, hegan egitera

Erronkaz beteriko denboraldia abiatuko du gaur Athleticek, San Mamesen, Getaferen aurka. Zazpi urteren ondoren Europara itzultzeak ilusioa piztu du Bilbon, eta kalitate handiko jokalari multzoa osatu du zuzendaritzak.

Athleticeko jokalariak entrenamendu batean, erdian Nico Williams delarik. JAVIER ZORRILLA / EFE
Athleticeko jokalariak entrenamendu batean, erdian Nico Williams delarik. JAVIER ZORRILLA / EFE
jon eskudero
2024ko abuztuaren 15a
05:05
Entzun

San Mames zuri-gorriz jantziko da berriro ere gaurtik aurrera. Iragan denboraldia hain distiratsu eta emankor joan ondotik, ilusioz beteriko beste sasoi bati ekingo dio gaur Athleticek, Getaferen aurka. Denboraldi aurreko partidetan hain ondo ez sentitu arren, lehiaketari ekiteko prest dira zuri-gorriak, eta hiru puntu batuz hasi nahi dute urtea. Lan faltarik ez dute izango, zazpi urteren ondoren, Europara itzuliko baita Ernesto Valverderen taldea. Europa ligako finala Bilbon izateak, gainera, areagotu egin du zaleen ilusioa. Guztira lau lehiaketatan parte hartuko du Athleticek, eta, horretarako, kalitatez betetako multzoa osatu du zuzendaritzak. Hots, urrunago begiratu gabe, denboraldia ondo hasteko asmoa du taldeak, eta Getafe mendean hartzea besterik ez du buruan.

Emaitzei dagokienez, denboraldiaurrea ez da nahi bezala igaro. Zazpi lagunarteko jokatuta, lau porrot bildu ditu Athleticek, eta hiru garaipen. Porrot batzuk esanguratsuak izan dira: Portugalgo Sportingen aurka (3-0), Aston Villaren aurka (3-2) eta Stuttgarten kontra (4-0). Hiru talde horiek Txapeldunen Ligan ariko dira sasoi honetan, eta maila handiko kontrarioek hainbeste gol sartu izanak ardura piztu dio Valverde entrenatzaileari. Halaxe aitortu zuen atzo prentsaurrekoan: «Oro har, ondorioak ateratzeko izaten dira lagunarteko partidak, eta egia da defentsako lanean ez garela fin ibili. Lan saioetan ahalegindu gara arazo horiek konpontzen. Konforme nago denboraldiaurreak eman duenarekin, eta taldea prest eta ongi ikusten dut ligari ekiteko». Lagunarteko neurketetan zortzi gol sartu ditu talde zuri-gorriak, eta hamalau jaso.

Ondorioak ateratzeko, ordea, kontuan hartu behar da herren dagoela oraindik Athletic. Eurokopan aritu ziren jokalariek ez dute parte hartu lagunartekoetan, eta, horretaz gain, hainbat lesio egon dira taldean. Besteak beste, Unai Simon eta Julen Agirrezabala atezainak min hartuta daude, eta jokalari garrantzitsu gehiago badira zerrenda horretan: Oscar de Marcos, Iñigo Ruiz de Galarreta eta Alvaro Djalo. Dani Vivian ere oraindik ez dago jokatzeko moduan, aste honetan itzuli baita entrenamenduetara. Horiek guztiak ez daude Getaferen aurkako deialdian, eta garrantzitsua izango da pixkanaka jokalariak errekuperatzen hastea. Izan ere, abuztuan bertan malda galanta topatuko du taldeak. Datorren asteburuan Bartzelonari egin beharko dio bisita, eta, ondoren, bi talde on hartuko ditu San Mamesen: Valentzia hilaren 28an eta Atletico Madril 31n.

Zalantzarik gabe, fisikoki eta mentalki ikasturte gogorra izango du Valverderen taldeak, baliteke-eta hirurogei neurketa inguru jokatu behar izatea. Ahalik eta berme handieneko jokalari multzoa osatu du zuzendaritzak, eta bi fitxaketa egin ditu orain arte: Djalo eta Andoni Gorosabel. Lehenak erasoko lerroko edozein postutan joka dezake, eta bigarrenak, defentsako eskuin hegalean. Askoren ustez, Athleticek inoiz izan duen talderik onena edukiko du sasoi honetan. Valverdek nahiago du zuhurra izan, eta aurreratu du ez dela erraza izango lehiaketa guztiak uztartzea. «Ligak ematen digu jaten, eta hori izango da gure lehentasuna. Horregatik, Getaferi irabazteak urrearen balioa izango du. Europa ligari begira ere ilusio izugarria daukagu, baina aste barruko partidak ezin digu fakturarik pasatu asteburuan. Horixe izango da lanik nekezena aurten».

Getafe, hanka motz

Ohiko legez, udako merkatuak irekita jarraituko du hilaren azken egunera arte, eta Athleticek ez du itxitzat ematen taldea. Valverde multzoarekin «gustura» dagoen arren, baliteke zuzendaritzak merkatura jotzea defentsako beste jokalari baten bila. Aymeric Laporteren izena bolo-bolo dabil aspaldian, baina ez da erraza izango Saudi Arabiatik ekartzea. Zeruak eta lurrak bat egin ezean, Bilbon jarraituko duena Nico Williams izango da. 10 zenbakiarekin ariko da sasoi honetan, eta, Valverderen hitzetan, jokalari garrantzitsua izango da. «Eurokopan ederki eman du bere mailaren berri, eta nik zoriontsu ikusten dut Athleticen. Ezinbesteko pieza da guretzat».

Hasierako hamaikakoa osatzeko buruhauste batzuk izango ditu gaur Valverdek; esate batera, atepean Alex Padillak jokatuko du, bigarren taldeko atezainak. Hori bai, are zailtasun handiagoak izango ditu Getafek talde lehiakorra osatzen. Soilik hemezortzi jokalariko deialdia osatu du, eta horietatik hiru atezainak dira. Aurrelari bakar bat ere ez dauka deialdian. Valverde ez da fio, dena den: «Azken bi sasoietan berdindu egin dugu etxean Getaferen aurka, eta aurten ere zailtasunez beteriko partida izango dugu. Oso zaila da haien lerroak gainditzea; badakite zertan jokatzen duten, eta izerdia latz bota beharko dugu irabazteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.