'Oilarra' isildu egingo da

Etxeberria izango da protagonista gaur, Athletic-Deportivo partidan ezer ez baitago jokoan

haritz gallastegi
Bilbo
2010eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Joan den ostegunean bete zen urtebete Athleticek Espainiako Kopako finala galdu zuela. Talde zuri-gorria ez dago ohituta finalak jokatzera. Horregatik, galdu arren, gogoan hartzeko moduko eguna izan zen. Jarraitzaileek, batez ere belaunaldi berriek, ilusioa berreskuratzeko baliatu zuten Kopa. Bada zerbait. Baina asteon ia ez da final horren inguruko aipamenik egin. Bestalde, inork ba al daki zein talderen kontra jokatuko duen Athleticek gaur? Zale gehienek jakingo dute, bai. Baina aste gutxi egongo dira txapelketan zehar Athleticen aurkariaren gainean ia ezer esaten eta idazten ez dela.

Jakinekoa da Athleticek eta Deportivok ez dutela ezer jokoan. Beraz, norgehiagokak ez dauka aparteko interesik. Horrenbestez, hasiera batean aste egokia zirudien sasoiaren balantzea egiteko. Taldeari nota ipintzeko, alegia. Zenbait jokalarik egin dute. Guztiak etorri dira bat. Denboraldia ona izan da, baina azken hilabetean huts egin du taldeak. Etxean, gainera. Prentsa agerraldietan ez dute esaten, baina mikrofonorik aurrean ez dutenean jokalari batek baino gehiagok onartu izan du sekulako aukera galdu dutela sei onenen artean sailkatzeko.

Baina asteon Athleticek hamar hilabetean egin duen lana ere bigarren mailan geratu da. Elastiko zuri-gorria azken hamabost denboraldietan jantzi duen mutil gazte batek kendu dio garrantzia. Hamabost denboralditan 513 neurketa ofizial jokatu -gaur jokatuko du 514.a- eta 104 gol sartu dituen futbolari bat da asteko protagonista nagusia eta ia bakarra. Joseba Etxeberria da. Elgoibartarraren estatistikak kontuan hartzekoak dira. Jose Angel Iribarren atzetik Athleticen partida gehien jokatu duen futbolaria da. Gainera, talde zuri-gorriaren historian ez dira egon ehun gol baino gehiago sartu dituzten futbolariak. Baina, batez ere, bere fitxan agertzen ez diren gauzengatik da estimatua aurrelari beteranoa. Goi mailako jokalaria izateaz gain, bere izaerak egin du berezi Etxeberria. Mutil baikorra, ausarta eta gauzak garbi dituena dela erakutsi du Athleticera etorri zenetik. Ardurak hartzea egokitu zaionean ez du hutsik egin. Zelai barruan sarritan hartu behar izan du bere bizkar gainean taldearen zama. Bere kirol ibilbideko sasoirik onenean Athleticeko jokalari garrantzitsuena izan zen. Beti laguntzeko prest, beti aurrera egiteko asmoarekin, eta une zailenetan ere beti baloi eske. Hori guztia ikusi egiten du harmailetan dagoen jarraitzaileak. Ikusi eta kontuan hartu ere bai.

Yeste, harmailetan

Batez ere zelaian erakutsi duenagatik da maitatua oilarra, jokalari guztiei gertatzen zaien legez. Baina zelaitik kanpo mugitzen jakitea ere garrantzitsua da egungo futbolean. Zaleei igorri beharreko mezua argia izan behar da. Eta horretan ere profesional jokatu du Etxeberriak. Eta zer esanik ez aldagelan izan duen portaerarekin. Oso gaitza da kapitainaren kontra hitz egin duen taldekide bat aurkitzea. Egunerokoan mutil alaia izateaz gain, jokalarien interesak defendatzeko orduan ere lehena izan da: zuzendaritzaren aurrean, zaleen aurrean, hedabideen aurrean... Gogor egin du lan taldekideen alde. «Haren falta sumatuko dugu», esan dute asteon jokalariek Lezaman. Ez da taldea utziko duen izarraren aurrean ondo geratzearren egindako adierazpena izan, mikrofonoa aurrean ez dutenean ere gauza bera esaten baitute futbolari gehienek. Eta ez pentsa beti gertatzen den kontua denik hori.

Merezi du Etxeberriak agur eder bat. Izango du, gainera. Klubak badauka zerbait prestatuta. Baina elgoibartarrarena ez da agur bakarra izango. Athleticen historian garrantzi gutxiago izan duten futbolari bik ere azken aldiz jantziko dute talde bizkaitarraren elastikoa. Armandok gaur jokatuko du azken aldiz talde bateko atezain postuan. Sopeloztarrak ere agur esango dio futbolari. Kirol ibilbideko zatirik handiena bigarren mailako taldeetan egin ostean, azken partida Katedralean jokatzeko aukera izango du. Hori, jarraitzaile zuri-gorri batentzat, sekulako zortea eta ohorea da. Iñaki Muñoz ere badoa, baina futbolari nafarrak ez dauka futbola uzteko asmorik. Beste talde batean jarraituko du jokatzen. Joaquin Caparrosek haren jokoan erakutsi duen konfiantza kontuan hartuz gero, oraindik ere kosta egiten da zertarako fitxatu zuten ulertzea.

Bestalde, ez dira zale gutxi izango zelaian ez dagoen futbolari batekin oroituko direnak. Izan ere, azken momentuko aldaketarik ez baldin badago behintzat, Yestek ere egin ditu egin beharrekoak Athleticen, hamabi denboraldiren ondoren. Basauritarra min hartuta dago eta ezin izango du jokatu. Athleticek azken hamarkadan izan duen jokalari garrantzitsuenetariko bat izan da, eta jarraitzen ez baldin badu, amaiera tristea izango da harentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.