Oilar ugari oilategian

Gaur hasiko da Europako Saskibaloi Txapelketa. Lopez-Arostegi eta Brizuela bertan izango dira. Finala irailaren 18an jokatuko da

Nikola Jokic saskiratzea lortu nahian, Giannis Antetokounmporen aurrean, uda honetan. ANDREJ CUKIC / EFE.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Iritsi da iraila, eta horrekin batera Europako saskibaloiaren festa. Iaz jokatzekoa zen Europako Txapelketa, baina izurria zela eta, beste hainbat jarduera bezala, aurten jokatuko da. Alemania, Txekiar Errepublika, Georgia eta Italia izango dira egoitzak. 24 selekziok hartuko dute parte, eta munduko jokalari onenetarikoak ikusteko aukera izango da: Giannis Antetokounmpo, Luka Doncic, Nikola Jokic, Domantas Sabonis, Rudy Gobert...

Faborito nagusiak Eslovenia, Grezia, Serbia eta Frantzia dira. Esloveniarrak dira egungo txapeldunak. Doncic izango dute gidari. Haren ibilbideko unerik gozoenean dago Dallas Maverickseko jokalaria, eta bigarren aldiz lortu nahi du loria. Talde indartsua da, eta jokatzeko modu alaia daukate. Multzo zailena egokitu zaie, baina ez lukete arazorik izan behar final-zortzirenetan egoteko.

Greziak azken urteetako emaitza txarrak atzean utzi nahi ditu, eta Antetokounmpok lehenengo domina kolkoratu nahi du selekzioarekin. Greziarekin jokatutako txapelketetan zailtasun asko izan ditu Milwaukee Buckseko izarrak FIBA arauetara egokitzeko, eta askotan zonakako defentsa izan da arerioen arma nagusia hura geratzeko. Baina min handia egiten du trantsizio bizkorretan.

Serbiak ere badu bere izarra.Jocik oso jokalari desberdina da haren postuan aritzen direnekin alderatuta. Maila teknikoa, paseak emateko gaitasuna eta jokoaren interpretazioa dira Denver Nuggetseko jokalariaren gaitasunak. Aurten Milos Teodosic kapitain handia ez da taldean izango, Svetislav Pesic prestatzaileak deialditik kanpo utzi baitu.

Frantziak talde bikaina darama. Rudy Gobert, Evan Fournier eta enparauak Tokioko Olinpiar Jokoetan egindako lan ona errepikatzen saiatuko dira —zilarra lortu zuten—, baina horiek ere multzo gogorrenean daude. Oso joko fisikoa erabiltzen dute aurkaria menderatzeko, eta barruko jokalariekin egiten dute min handien.

Lituaniak eta Espainiak onenen ondoan egon nahiko dute. Saskibaloia nazioaren parte izatearen sentimenduarekin identifikatu izan da beti Lituanian. Garaipen zerrenda oparoa daukate, eta Sabonis eta Jonas Valanciunas dira izarrak gaur egun. Espainia, berriz, eraberritze prozesuan murgilduta dago. Munduko txapeldunak diren arren, urterik onenak atzean gelditu dira urrezko belaunaldiaren agurrarekin batera. Izar nagusia aulkian daukate: Sergio Scariolo. Xabi Lopez-Arostegi eta Dario Brizuela euskal jokalariak bertan izango dira.

Zaleek ez daukate lehiaketa galtzeko aitzakiarik, baina hobea ere izan zitekeen. Hainbat izar min hartuta edo osatze lanetan daude, eta ez dira txapelketan izango: besteak beste, Danilo Gallinari, Sergio Llull, Ricky Rubio, Tornike Shengelia eta Bogdan Bogdanovic.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.