Oier Sanjurjok jokatzen jarraituko du, gutxienez beste urtebetez. Atzerrian egingo du, Zipren, AEK Larnaka taldean. Osasunako jokalari ohiak denboraldi baterako kontratua adostu du herrialde horretako Lehen Mailako txapeldunordearekin. Hitzarmena beste denboraldi batez luzatzeko aukera du.
Oierrek Osasuna utzi berri du, lehen taldean hamalau denboraldiz jokatu eta gero. 36 urterekin, ikusteko zegoen ea jokatzen jarraituko zuen edo erretiroa hartuko zuen. Eskaintza batzuk jaso ditu; garrantzitsuak, bi: Sporting Gijon Espainiako Bigarren Mailako taldearena eta AEK Larnakarena. Lehenak, etxetik gertu egoteko aukera ematen zion, eta, bigarrenak, maila nagusian, baita nazioarteko txapelketetan ere.
Oierrek beste euskal jokalari bat izango du taldekide: Mikel Gonzalez erdiko atzelari arrasatearra. Realeko jokalari ohiak lau denboraldi daramatza AEK Larnakan jokatzen. Jose Luis Oltra espainiarra da taldeko entrenatzailea.