Oiartzabalek lotailu gurutzatua apurtu du, eta agur esan dio sasoiari

Ezker belaunean egin du lesioa, eta datozen egunetan egingo diote ebakuntza. Gutxienez zazpi hilabete emango ditu jokatu ezinda

Mikel Oiartzabal Realeko jokalaria denboraldi honetako partida batean. MIGUEL TOÑA / EFE.
ainara arratibel gascon
2022ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Albiste oso txarra Realean. Mikel Oiartzabal kapitainak ezker belauneko lotailu gurutzatua apurtu du, eta gutxienez zazpi hilabete eman beharko ditu jokatu gabe. Klubak ezagutarazi duenez, datozen asteetan egingo diote ebakuntza. Atzo goizeko entrenamenduan hartu zuen min, jokaldi batean, nahi gabe, eta arratsaldean eman zuen berria Realak. Azaroan Qatarko Munduko Kopagatik ligak etena izango duela kontuan hartuta, litekeena da Oiartzabalek datorren denboraldira arte berriro ere elastiko txuri-urdina jantzi ezin izatea.

Jokalariak berak sare sozialetan mezu bat zabaldu zuen, klubak berria eman eta berehala. «Futbolari batek nahi ez duen momentua iritsi zait: ezker belauneko lotailu gurutzatua apurtu dut. Zaila da barneratzen, baina une honetatik aurrera helburu bakarra dut: indartsuago itzultzea. Mila esker emandako babesarengatik».

Realak ere babes mezua zabaldu du kapitainarentzat: «Duela urtebete zerua ukitu genuen zure golarekin. Hau harri bat baino ez da zure ibilbidean. Indartsuago itzuliko zara, eta zure ondoan egongo gara». Oiartzabalek penaltiz sartutako gol batek eman zion Realari Espainiako Kopako titulua iazko apirilaren 3an, Athleticen aurka, Sevillan.

Taldekideen berotasuna ere jaso zuen. Esanguratsuenetakoa taldeko beste kapitainetako baten mezua izan zen, Asier Illarramendirena: «Beti zurekin». Mutrikuarrak ondo daki zer den denbora luzez jokatu gabe egotea. Cristian Portu hauxe idatzi zion:«Indartsuago bueltatuko zara, lagun». Mikel Merinok hau idatzi zion: «Mila batailako taldekidea. Denak zurekin gaude, kapitain».

Garai erabakigarrian

Beste taldeetatik ere jaso zuen elkartasuna. Alavesek eta Athleticek mezu bana bidali zioten. Zuri-gorrien kasuan, gainera, hauxe idatzi zion Iker Muniain kapitainak: «Animo, Mikel. Lana eta lana, ahalik eta azkarrena zelaian elkar ikus dezagun berriz. Eutsi gogor».

Denboraldiko garai erabakigarri batean iritsi zaio lesioa kapitainari. Izan ere, hamar jardunaldi baino ez dira falta liga amaitzeko, eta txuri-urdinak bete-betean daude sartuta Europarako sailkatzeko lehian. Seigarren daude,48 punturekin.

Eibartarra jokalari erabakigarria da Realarentzat bai zelaian eta bai zelaitik kanpo azken denboraldietan. Kapitaina da, eta erasoan jokalari funtsezkoa. Talde txuri-urdinari kostatzen ari zaio aurten golak sartzea, eta bera da golegile nagusia: 33 partidatan hamabost gol sartu ditu.

Ikusteko dago nola betetzen duen Imanolek kapitainaren lekua. Izan ere, taldea nahiko estu dago fisikoki, eta hainbat jokalari ere kili-kolo dabiltza: Mikel Merino eta David Silva, besteak beste. Oiartzabal ere hala egon zen iragan astean, eta Imanolek ez zuen hasieratik jarri Alavesen kontrako derbian. Bigarren zatian irten zen.

Denboraldi honetan ez da Realeko jokalari batek halako lesio bat duen lehen aldia. Oraindik liga hasi gabe zegoela, uztailaren 31n, Carlos Fernandezek ere lesio bera izan zuen. Jokalaria zelaietara itzultzear dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.