Arrauna. Eusko Label liga. Jon Salsamendi. Orioko entrenatzailea

«Ohorezko txandan sartu nahi dugu, nor den nor ikusteko»

Emaitza aldetik Orio ez dago Jon Salsamendik uste zuen lekuan, baina lanari ez dio aitzakiarik jarri, eta garbi du ez duela motiborik plangintza aldatzeko. «Sailkapenak ez du islatzen egiten ari garen guztia».

Aitor Manterola Garate.
2018ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Eusko Label ligako lehen sailkatua hamasei puntura dauka Oriok, bost estropada soilik jokatuta, eta bigarren txandan ari da San Nikolas trainerua. Gipuzkoako Txapelketan, herenegun, bigarren izan zen, baina Hondarribiak 22 segundo atera zizkion. Orioren jarduna ari da zeresana ematen, eta, gauzak argitze aldera, onena entrenatzaileari galdetzea, Jon Salsamendiri (Orio, Gipuzkoa, 1970).

Orio ez dago espero zen lekuan liga hasiera honetan.

Kanpotik begiratuta, eta nola iazko Kontxako Banderan garaile izan ginen aurtengo ligako irabazletzat jo izan gaituzte, baina gauza bat dago garbi: Oriok ez du inoiz irabazi liga nagusia. Guretzat ez ginen faboritoak, baina ez dizut esango espero genuenikorain gauden bezala egotea. Baina horrela gaude, eta onartu egin behar dugu errealitatea.

Beste aurreikuspen batzuk zenituzten?

Udari ekin genion emaitza aldetik orain baino hobeto egoteko ilusioarekin, baina onartuta daukagu non gauden, lehiaketak hor jarri gaituelako. Bestelakoan, lasai nago. Ligak eskatzen duen logistikak eraman gaitu hona.

Zer esan nahi duzu?

Zortzi-bederatzi segundora geratu ginen bandera irabaztetik lehen jardunaldian, baina seigarren egin genuen. Ligan berdintasun handia dago. Iaz, estropada berean, minutu erdi atera zizkigun garaileak, eta laugarren egin genuen. Horri esker ohorezko txandan aritzeko aukera izan genuen hurrengo egunean, eta igande hartan bandera irabazi genuen. Hilabete osorako bitamina eman zigun.

Hainbesteko eragina izaten ari da zuengan ohorezko txandan arraun ez egitea eta bigarrenean joan beharra?

Beste txanda batean gabiltza, bigarrenean bigarren jardunalditik. Erritmoa ez da azken txandako bera. Iaz Zierbena egoten zen larunbatetan bigarren txandan, eta oso emaitza onak atera zituen, baina igandetan, ohorezko txandan, minutu erdira geratzen zen irabazlearengandik, erritmoa ezberdina delako txanda batetik bestera.

Oztopoak oztopo, nolakoa ari da izaten Orioren lana, emaitzak alde batera utzita?

Ligako bigarren estropadan, Portugaleten, lehen kaletik oso estropada ona egin genuen, sekulakoa. Baina haizeak behera egin zuen azken txandan, eta bosgarren izan ginen. Zierbenan ere irabazi egin genuen bigarren txandan, baina ez zen nahikoa izan ligako sailkapenean laugarren jartzeko, eta Galiziako lehen estropadan ere bigarren txandan ginen. Han, ohorezko txandan askoz ere baldintza hobeak izan zituzten, baina guk ere ez genuen lan ona egin. Orain arteko estropadarik txarrena izan zen gurea, antsietate handiz ibili ginelako. Igandean, bigarren txandan ginen berriz ere, baina lehen aldiz Santurtzi izan genuen alboan, eta kasualitatea edo ez, gu hamahiru segundo azkarragoak izan ginen. Baina ligako sailkapenean santurtziarren atzetik gaude, txanda ezberdinetan joanda haiek aurretik izan direlako orain arte.

Sailkapena ez da ari islatzen Orio egiten ari den lana?

Gure ustez, ez du azaltzen uretan ematen ari garen maila. Baina praktikoak izan behar dugu, eta onartzen dugu gure balorazioetan badela subjektibotasun pixka bat, eta balio duena bestea dela, puntuen zehaztasuna. Onartu egin behar dugu oraindik ere bigarren txandan gaudela, eta gure onena ematen segitu behar dugula, eta hori ari zaigu kostatzen. Alde horretatik gaude lanez gainezka, baina ez gaude non garen ez dakigula, eta ez dut motiborik plangintza aldatzeko.

Zer dela eta aldatu dituzu arraunak azken estropadetan?

Gure arraun jokoaren erdiak, gure gustuko arraunak, hautsi egin ditugulako berrikuntza batzuk egiten ari ginela. Arkotek eta Castrok utzitako arraunekin gabiltza, eta eskerrak eman nahi dizkiet bi elkarteei arraunak uzteagatik.

Arraunlariak animoz ilun samar daude?

Disgustuarekin ari dira bueltatzen etxera. Normala da, kirolariak direlako eta betetzen ari ez garen aurreikuspen batzuk geneuzkalako. Amorrazioa sortzen die horrek, baina ondo ari dira eguneroko lanean. Bi estropada on egin, eta muturra azaltzea falta zaigu.

Bandera bat irabaztea?

Galizian, igandean, haizeak mesede egin zigun, eta bigarren izan ginen. Egun horretan haizeagatik bandera irabazi izatea baino nahiago dut larunbat honetan lan ona eginez igandeko ohorezko txandan aritzeko aukera lortzea. Bandera batek ez luke dena konponduko; zer daukagu, bada, konpontzeko? Guk behar duguna da ohorezko txandan sartzea, eta parez pare lehiatu, hor garbi ikusten delako nor den nor.

Herenegun alboan zenuten Hondarribia Gipuzkoako Txapelketan, eta oso atzean geratu zineten.

Hala da, baina ez genuen propio prestatu estropada hori. Gainera, Mutrikun zebilen haizearekin, uste dut oso ona ez zela gure kalea, laugarrena. Hondarribiak berea egin zuen oso talde onarekin, eta merezimenduz irabazi zuen.

Iaz esan zenuen taldea ligaren estresetik kanpo bezala utzi nahi izan zenuela gero Kontxako Banderan bete-betean egoteko. Iazko gauza bera egiteko moduan zaude orain, ligako jarduna ikusita?

Ez naiz horretan sartuko. Alferrik da irailera begira jartzea. Estropadaz estropada joan behar dugu, eta ez da betiko esaldi bat. Liga irabazi nahi izango bagenu ere, zazpigarren edo zortzigarren estropadan atera behar izaten dira kontuak, non zauden eta zertarako. Uztailean estropada asko jokatzen dira, eta naizen bezalakoa naizelako, badakit lehen estropadetan sufritzea tokatzen zaigula. Eta agian hori ere arazoa izan da ligan beste dinamika batean ez egoteko orain. Baina Urdaibain 2016an ere gauza bera egin nuen, eta uztailean Hondarribiak astinduak eman zizkigun, hamabost segundoren aldearekin eta. Zein da ezberdintasuna orain? Orduan beti bigarren izaten ginela, eta orain atzerago gabiltzala. lehen azaldu ditudan gauzengatik.

Non dago orain Orio?

Liga hasieran geunden leku berean aurretik datorkigunari begira jartzen bagara. Bihar Donostian txanda irabazi nahi dugu, eta igandean ohorezko txandan egon, eta, hor bagaude eta maila emanez gero, bandera irabazten saiatu.

Epe motzeko helburuak jarri behar dituzue ezinbestean?

Hori da. Irailerako bi hilabete daude, eta, hasiko bagina esaten oraingoak ez duela ezer balio eta irailean gurea egingo dugula, hilabetera hilda geundeke. Ez duguna egingo da erotu hainbeste nahi dugun emaitza on horren bila. Nahikoa argumentu badugu taldean gure bideari segitzeko. Ez da ezkutatzea eta gordetzea, eta beti esan dudan bezala, kontuak irailean: onak badira, denok txalo, eta txarrak badira, lepoa moztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.