Ohikoa bilakatu dute

Endika Barrenetxeak eta Javier Urrizak buruz buruko finala jokatuko dute larunbatean. Laugarren aldia da azkeneko sei urteetan

Endika Barrenetxea eta Javier Urriza, finalerako pilotak aukeratu berritan, atzo, Galarreta pilotalekuan. MAIALEN ANDRES.
Julen Etxeberria.
Hernani
2022ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Argazkia iazkoaren berdina da ia: Endika Barrenetxea (Hernani, Gipuzkoa, 1990) eta Javier Urriza (Iruñea, 1981) larunbateko buruz buruko finalerako pilotak aukeratzen ari dira Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Aldaketa bakarra dago: Barrenetxeak darama elastiko gorria, eta Urrizak urdina. Alderantziz izan zen iaz: txapelduna zen Urriza. Baina Barrenetxeak finala irabazi zion, eta txapela jantzi zuen; bigarrena, biak Urrizari gailenduta —2019an ere irabazi zion—. 2016an ere elkarren aurka aritu ziren, baina Urriza nagusitu zen.

Lau aldiz neurtu dituzte indarrak finalean, lau aldiz azken sei urteetan. Ohikoa bilakatu dute; final klasikoa da. Koteto Ezkurraren eta Iñaki Lizasoren artekoa bakarrik dute aurretik: bi doneztebarrek bost aldiz jokatu zuten elkarren kontra txapela jokoan zela.

Hain zuzen ere, neurketa horri egin dio erreferentzia atzelari hernaniarrak. «Txikitatik bizi izan dut erremontea, eta, 10-12 urte nituenean, Kotetoren eta Lizasoren artekoa zen partidarik ederrena: haren zain geunden denok. Gehien betetzen nauena da orain jendeak sentimendu bera duela Javiren eta bion artekoarekin. Klasikoa bilakatu da, erreferente bat, eta horrek izugarri betetzen nau». Iritzi bera du Urrizak: «Polita da, eta ona erremontearentzat. Askok espero zuten final hau. Ea partida biribila egin dezakegun, eta, edozeinek irabazita ere, erremonteak irabaz dezala».

Ez batak ez besteak ez zuen espero finalean egotea. «Ez nuen espero horren txapelketa ona egitea: ligaxkako hiru partidak irabazita ariko naiz finalean. 11. aldia da jarraian. Ez diet zenbakiei erreparatzen: larunbateko finalak bakarrik axola dit. Irabazi egin nahi dut, noski; zortzigarrena nuke. Baina, galduta, zazpirekin geratuko nintzateke. Ikaragarria da. Ez nuen espero halakorik debuta egin nuenean», dio Urrizak.

Larunbatean, saiatuko da «gozatzen» eta «akitu arte» borrokatzen. «Tarteka min dut [mina izan du iskioan eta eskumuturrean, eta horregatik ez zuen jokatu aurreko asteburuan], baina ez da eragozpena, ezta aitzakia ere. Ondo nago. Ziur Endikak ere baduela min pixka bat. Argi dut: Barrenetxearik onena ariko da finalean».

Barrenetxeak, berriz, «askotan» ikusi du bere burua finaletik kanpo. «Lehen partidan, Aritz [Juanenea] eta biok 29na ginenean, larri ikusi nuen neure burua, baina ondorengo bi partidetan ere bai; ez nengoen sasoi betean. Duda nuen ea buelta emango nion. Baina, azken hamar egunetan, lanaren ekinez, gora egin du. Indartsuago nago, eta konfiantza handiagoarekin. Oso ondo entrenatu nintzen atzo [herenegun], eta oso sendo ikusten dut neure burua. Ziur naiz Urrizari gauzak zail jar diezazkiokedala».

Ados daude biak: «Final gogorra izango da, estua». Barrenetxeak «eskarmentuari» erreparatu dio: «Izan dezakedan aurkaririk gogorrena da Urriza. 11. finala du, eta horrek lasaitasuna ematen du gauzak ondo egiteko. Nik ere sumatu dut hori, lasaiago nagoela. Lehen bi finaletan, dardarka atera nintzen, baina bai iaz, bai aurten, lasaiago nago».

Horrek ere eragina izan du finalerako pilotak aukeratzeko orduan. Biak konforme azaldu dira materialarekin. Urrizaren iritziz, inoiz ez dituzte horren pilota antzekoak aukeratu. «Endikarenek bote handiagoa dute, sakea aprobetxatzeko, baina aurreko urteetakoak baino motelagoak dira. Piloteorako ere balio dute. Biok prest gaude buruz burukorako».

Barrenetxea ados dago Urrizak esandakoarekin. «Lehen, nire jokoak eskatzen zuena baino material gehiago aukeratzen nuen. Batez ere, sakearekin nabarmentzen nintzenez, pilota oso biziak aukeratzen nituen. Orain, ordea, gora egin dut jokoaren beste alor batzuetan. Horregatik aukeratu ditut buruz buru aritzeko pilotarik aproposenak. Ezin dut irabazi sakearekin bakarrik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.