Arrauna. San Miguel ligako taldeak: Orio

Ohiko lekutik urrun

Arraunlari askok utzi dute Orio, eta taldea azpi-azpitik osatzen hasi behar izan du Jose Luis Agirre entrenatzaileakHarrobiko arraunlari asko batera igo behar izan dituzte traineru nagusira

Orioko trainerua, iaz, Pasai San Pedron, Kofradien Banderan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2011ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Harrigarria da nola alda daitekeen Orio klub historiko eta handia hilabete gutxian. Joan zen denboraldia pozik bukatu zuten, San Miguel ligan eta Kontxako Banderan bigarren eginez. Ez zuten berehalakoan pentsatuko hurrengo sasoiaren hasieran honelako kontuak izango zituztenik. Iazko kuadrillako arraunlari askok ez segitzea erabaki zuten, beste nonbait aritzeko (Joxan Olaskoaga Aizperro entrenatzailea kasu) edo arrauna uzteko. Ia denak titularra ziren iaz. Ondorioz, taldea osatu beharrean daude Orion, eta harrobitik tiraka egin dute. Entrenatzaile berria ere harrobitik dator: Jose Luis Agirre. Lanean ari da, baina agerikoa da, eta berak ere onartzen du, zaila izango dutela goian ibiltzea. Sekulako iraultza gertatu da Orion.

Arraun munduan ikusmin handia dago ligari ekiteko, lehia ikusi nahi du zaleak, baina Orioren jarduna nolakoa den ikusteko ere irrikaz daude. Orain arteko emaitzei erreparatzen die zaleak, eta baikortasun handirik ez dago. Klubaren barruan, lasaiago daudela ematen du, jakitun baitira orain artekoa baino maila hobea emateko gaia dutela. Denbora eskatzen ari dira, urte hau zaila izango dela zabalduz, baina ez da erraza izango barneratzea goitik aparte ibiltzea. Urte zaila egokitu zaio aurten taldeari, lehiaketarik gogorrenean trebatuko beharko baitute gazteek.

Ligaren hasierak asko baldintzatuko die geroko lana. Arraunlariak zuhurki mintzo dira, lehen estropadak jokatu eta gero ikusiko dela zertan dabiltzan eta zer eman dezaketen. Baina Orion jendea ez dago lasai. Aspaldiko urte zailena izango dela diote.

Zaila izan behar du urtea joan eta urtea etorri puntan dabilenarentzat helburu apalak barneratzea. Baina, Agirrek dioen bezala, dagoena dago, eta horrekin egin behar da aurrera. Hainbeste arraunlari on galtzea zama astuna da, eta gazteekin zer gerta jarri ziren Orion. Joan da negua, etorri da uda, eta zalantzak kolore ilunekoak dira. Neguan eta udaberrian ez da emaitza onik izan, eta zalantzaren laino beltza dago Orioko zeruan. Bistan da Mirotza traineruaren maila jaitsi egin dela, baina zenbateraino?

Agirrek dio bigarren txandan ibiltzeko asmoa dutela, eta hainbeste gazte kolpetik ontzian sartuta jarduteko, ez da helburu makala. Ikusi egin beharko da beste ontziek zer ematen duten, baina bai neguan eta bai udaberrian, borroka horretan sar daitezkeen aurkarien atzetik ibili da Orio ia gehienetan. Jakina da estropada horiek probak egiteko erabiltzen direla, eta Orion arrazoi gehiago dauzkate horretarako erabiltzeko, ia dena berria izanik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.