Tourraren euskal hiriburua. Baiona da, argi eta garbi, Tourrak Euskal Herrian izan duen gune nagusia. Laugarren ekitaldian (1906) hasi zen etapa bat eta bukatu zen beste bat han lehenbizikoz, eta 1927ra arteko aldietan urtero ailegatu zen. 2003an izan zuen azkenekoz helmuga bat. Euskal ziklistek Euskal Herrian irabazitako bortz etapetan lehenbizikoa ere Baionan lortu zuten: Marcel Queheille zalgiztarrak, 1959an.
Bigarren udalerria. Baionaren ondotik, Hendaia izan zen Tourreko helmuga bat eta irteera bat hartu zituen Euskal Herriko bigarren udalerria, 1928an. 1930ean itzuli zen, eta, azkenekoz, 1996an. Azken horretan, Iruñetik ailegatuta, euskal errepideetan 154 kilometro eginda.
Lehen irteera. Tourrak Euskal Herrian Lapurditik kanpo izan zuen lehenbiziko helmuga izan zen Donostiakoa, 1949an. 1992an itzuli zen, eta ez edozein moduz: irteera antolatu zuen. Zortzi kilometroko aitzin etapa batekin hasi zen, eta hurrengo egunean Gipuzkoako hiriburuan hasi eta bukatu zen 194,5 kilometroko bertze bat. Faborito nagusiak jantzi zuen maillot horia sarrerakoan: Miguel Indurain atarrabiarrak. Hurrengo egunean erantzi zuen Alex Zulle suitzarraren mesedetan, baina, hiru aste geroago, Indurainek podiumeko lehen tokia bete zuen Parisen. Ez zen euskal ziklismoaren poz bakarra izan: Donostiatik Pauerako etapa Javier Murgialdaik irabazi zuen.
Bertze etapa bat etxekoentzat. II. Mundu Gerraren ondotik Tourrak izan zuen lehenbiziko euskal geltokia Miarritze izan zen, 1948an. Louison Bobetek irabazi zuen. Handik 30 urtera itzuli zen, eta, orduan, etxean gelditu zen garaipena: Miguel Mari Lasa oiartzuarrak irabazi zuen.
Bizkaiko irteera handia. Bi sektoretan banatutako etapa batekin hasi zen 2001eko Grande Boucle Feminine, emakumezkoetan Frantziako Tourraren baliokide zen lasterketa. Goizean, Bilboko karriketan jokatu zuten 9,9 kilometroko erlojupeko bat, eta, arratsaldean, Bilbotik Gernikarako zatia egin zuten. Euskal ziklismoaren egun historikoetako bat izan zen: etxeko izarrak, Joane Somarribak, erlojupekoa irabazi, eta maillot horia jantzita utzi zuen Euskal Herria. Parisko podiumean ere hark jantzi zuen.
Etxeko taldea garaile. Gasteizek aurtengo ekitaldira arte Tourra hartu duen urte bakarra 1977a izan da, eta besta ezin biribilagoa atera zitzaion Kas taldeari: Jose Nazabal zaldibiarrak irabazi zuen Oloroe-Donamariatik (Biarno) atera zen etapa, freskagarri enpresaren lantoki ondoan zegoen helmugan. Hurrengo egunean, Arabako hiriburutik Landetara joan zen tropela, Seignosse-le Penonera.
Omenaldi gazia Induraini. Miguel Indurainek seigarren Tourra jarraian irabazteko helburua zuen 1996an. Omenaldi gisa, antolakuntzak etapa bukaera bat antolatu zuen Iruñean, Zuberoan barna Nafarroan sartuta. Atarrabiakoak ez zuen nahi bezala ospatu ahal izan, ordea. Ordurako hamasei etapa eginak zituen Tourrak, eta maillot horitik hagitz urruti zegoen Indurain. Iruñera bidean are denbora gehiago galdu zuen. Ez zuen seigarrenik irabazi, baina zaleek omenaldia egin zioten etxean.
Irteera bakartu bat. 2006an, Kanbotik Pauerantz atera zen hamargarren etapa. Euskal Herriak etapa irteera bat bakarrik izan zuen hirugarren aldia izan zen (1986ko eta 1987ko Baiona-Paue etapak dira bertzeak), eta 2018ra arte ez zuen ez bertze irteerarik, ez bertze helmugarik hartu; hamalau urteko tartea, orain arteko hutsunerik luzeena.
Aro baten bukaera. Emakumezkoen Tourra 2009an lau etapatako itzuli txiki batera murriztuta gelditu zen, eta hurrengo urterako desagertu egin zen. Euskal Herrian egin zuen azken etapa, Irun eta Angelu lotuta. Izar gazte batek irabazi zuen azken etapa hori: Marianne Vosek.
Azken erlojupekoa. Tourrak Euskal Herrian jokatu duen azken etapa 2018koa da, Senpere eta Ezpeleta arteko 31 kilometrokoa. Euskal Herrian lehiatu diren gizonen erlojupekoetan hirugarrena izan zen, baita herrialdean hasi eta buka osorik egin diren etapetan laugarrena ere. Tom Dumoulinek irabazi zuen, eta Geraint Thomasek erabakita utzi zuen sailkapena.