Ofizioa ikasten ari dira

Athleticek utzita zazpi jokalari ari dira Bigarren Mailan jokatzen, talde zuri-gorrian tokia izan dezaketela erakusteko ahaleginean. Gehienak nabarmentzen ari dira.

Jonas Ramalho, denboraldi honetan Gironarekin sartutako gol bat ospatzen. GIRONA.
haritz gallastegi
Bilbo
2015eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Kanpora joatea ez da erraza. Lezaman hazitako jokalarien gainean itxaropen handia izaten dugu, baina Bigarren Mailan jokatzea ez da erraza izaten. Futbol profesionala da. Gazteek jokatu egin behar dute, baina, era berean, borrokatu egin behar dute astero hamaikakoan egoteko. Hazkunde prozesuaren zati bat da». Ernesto Valverdek esana da. Harrobia sustatzen duten klubetan ezinbestekoa da gazteen alde egitea eta harribitxi horiek gertutik jarraitzea. Baina badago ohitura, halaber, ezer gutxi egin duten itxura oneko futbolariak loratu eta berehala gurutziltzatzeko. Athleticen sarri gertatzen da.

Horregatik, ezinbestekoa da zuhurtziaz jokatzea. Goren mailan lehiakorra izatea ez baita samurra. Ez da nahikoa dohain onak izatea. Futbolean jokatzen jakiteaz gain, beste hainbat gauza behar dira: gorputza zaildu egin behar da, eliteak eskatzen duen erritmoan jokatzeko; presioa kudeatzen jakitea ezinbestekoa da; eta egoera gaitzei aurre egiten ere ikasi egin behar da. Horiek guztiak ikasteko, jokalari askorentzat baliagarria izaten da txikitatik babestu dituen taldea utzi eta beste talde batean ia hutsetik hastea. Batzuetan, gogorra izaten da mundu berri horretako ateak zabaltzen direnean aurkitzen denari aurre egitea. Baina horrek ere balio du hobea izateko. Egun, zazpi jokalari ari dira Athleticek utzita, guztiak Bigarren Mailan.

JONAS RAMALHO (GIRONA)

31 partida, eta bi gol

Jonas Ramalho (Barakaldo, Bizkaia, 1993) bigarren urtez jarraian ari da Gironan. Aukera aprobetxatzen ari da. Utzitakoen artean gehien jokatu duena da. Teknikariaren konfiantza dauka, eta bere taldea Lehen Mailara igotzeko lehian dabil. Beraz, sasoi bikaina ari da izaten beretzat. Erdiko atzelari zein eskuin hegaleko atzelari gisa ari da, baina badirudi defentsaren erdian aritzen dela erosoago. «Hegalean kosta egiten zaio», esan du Valverdek. Azkarra da oso, baina gogorragoa izan behar da onenei aurre egin ahal izateko. Epe labur eta ertainean baliagarria izan daiteke, ez baitago argi zer egingo duten Aymeric Laportek eta Carlos Gurpegik. Frantziarraren kasuan goi mailako talde asko ditu atzetik, eta badirudi luzea izan daitekeela uda. Kapitainak, berriz, oraindik ez du erabaki jokatzen segitu edo erretiroa hartu. Gertatzen dena gertatzen dela, Ramalhok aukera handiak ditu denboraldi-aurreko lehen lan saioan Lezaman izateko.

IÑIGO RUIZ DE GALARRETA (ZARAGOZA)

29 partida, eta gol bat

Athleticen debuta egin zuenetik zorte txarra izan du Iñigo Ruiz de Galarretak (Eibar, Gipuzkoa, 1993). Bi belaunetan lesio larriak izan ditu, eta, hala ere, aurrera egiteko irrikaz dago. Beraz, inork ez dio aurpegiratuko buruz gogorra ez denik. «Jokatzeko premia dauka», esan du behin eta berriz Valverdek hari buruz galdetu diotenean. Bada, Zaragozan orain arte falta izan zaion segida izaten ari da. Euskarri postuan hasi zuen sasoia, baina azkenaldian erdilari aurreratu gisa ari da. Bi postuetan ondo moldatzen da. Halaber, Athleticen beharrak betetzen lagun dezake. Izan ere, denboraldion argi ikusi da Ander Herreraren hutsunea bete ezinik dabilela Valverde. Talentu handiko futbolaria da, baina gorputzez txikia da, eta lesio larriak izan ditu. Ikusteko dago zein erabaki hartuko duten Lezamako teknikariek datorren sasoiari begira, baina Ruiz de Galarreta kate motzean lotu beharreko futbolaria da. Gaia badauka.

UNAI ALBIZUA (TENERIFE)

23 partida

Bere lagun biek adina jokatu ez arren, ia bi mila minutuan aritua Tenerifen Unai Albizua (Laudio, Araba, 1989). Bada zerbait. Ez da hasiberri bat, eta horrek lagundu egin dio taldearen egoera zailari aurre egiten. Jokalari serioa da, eta kontzentratuta jokatzen du. Eskuin hegalean ere joka dezake taldeak premia izanez gero. Ramalhoren antzera, Athleticeko erdiko atzelariekin gertatuko denaren baitan egon daiteke bere etorkizuna.

IKER GUARROTXENA (TENERIFE)

20 partida, eta gol bat

Etxetik kanpoko lehen esperientzia aldrebes samarra izaten ari da Iker Guarrotxenarentzat (Bilbo, 1992). Tenerifen ari da, baina bere ibilbidea gorabeheratsua ari da izaten Albizuarenarekin alderatuz gero. Indartsu hasi zuen sasoia, eta laster nabarmendu zen. Baina denbora gutxian futbolean egoten diren bide aldaketak barrutik bizitzeko zorigaitza izan zuen. Teneriferen emaitzak ez ziren espero izandakoak, eta zale batek eraso zion. Hori gutxi ez, eta lesioek ere ez diote lagundu segida izaten. Futbolean ez dagoela gauza errazik ikasteko baliatuko du esperientzia. Egun, ez dirudi lekurik duenik Athleticen, baina denboraldi-aurre on batek aldarazi egin dezake datorren sasoian Athleticen ardura izango duen entrenatzailearen iritzia.

KEPA ARRIZABALAGA (PONFERRADINA)

Hamalau partida

Athleticeko etorkizuneko atezaina da Kepa Arrizabalaga (Ondarroa, Bizkaia, 1994). Bigarren B Maila txiki geratzen zitzaiola eta, pauso bat aurrera egin eta Ponferradinaren eskaintza onartu zuen neguko merkatuan. Atezainarena postu berezia izan arren, ez du maila aldaketa nabaritu. Ondo ari da, eta beste urrats bat egin du.

ENRIC SABORIT (MALLORCA)

Hamahiru partida

Dohain onak izatea ez dela nahikoa erakusten duen adibiderik garbiena da Enric Saboritena (Bartzelona, 1992). Atzelari dohainsua da. Ezker onekoa eta garaia. Aurrera erraz egiten duen horietakoa. Baina, horrez gain, lehiakorra dago izan beharra. Egunerako lanean egin behar dira merituak. Sendoagoa balitz, Lehen Mailan jokatzeko egongo zen dagoeneko. Kontua da Mallorcan ere ez daukala postua bermatuta. Gaztea da, baina lehenbailehen dauka aurrerapausoa eman beharra. Bestela, gai handiak izan eta bidean geratu den futbolarien zerrendan amaituko du.

ERIK MORAN (LEGANES)

Hamar partida

Denbora larregi pasatu zuen Athleticen jokatu gabe Erik Moranek (Portugalete, Bizkaia, 1991). Valverderen gustukoa da, baina ez zen gai izan eskarmentu gehiago zuten taldekideei lekua kentzeko. Neguko merkatuan joan zen Leganesera. Asier Garitanoren aginduetara dezente ari da jokatzen. Gainera, futbola talde zuri-gorrian amaitzen ez dela erakusten duen taldekidearen esperientziak lagun egin diezaioke. Javier Erasok (Iruñea, 1990) utzi egin behar izan zuen Athletic lehen taldeko ateak itxita zituelako, baina Leganesen egindako lanari esker etxera itzuliko dela dirudi. Eta Athleticen ez bada, Lehen Mailako beste talde batean jokatuko du datorren sasoian. Harrobiko jokalarientzat ispilua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.