«Indartsu eta baikor». Halaxe begiratu dio etorkizunari Gotzon Enbilek, Euskadiko Pilota Federazioko presidenteak. Aitortu du «ezustea» izan zela Nazioarteko Pilota Federazioko batzorde exekutiboak Euskadikoaren onarpenaren inguruko puntua erretiratu izana. Baina, baiezkoa airean egonda, erabakiak «mesede» egin diela uste du. «Ezezkoa atera balitz, beste bi urte itxaron beharko genuke eskaria berriz egiteko. Kasu honetan, ordea, bere horretan jarraitzen du, ez baita eztabaidatu». Bera eta bere lantaldea «inoiz baino indartsuago» daude lanean jarraitzeko. «Gure argudioek balio behar digute baietz bozkatu behar zutenen babesari eusteko, eta ezezkoa bozkatu behar zutenak konbentzitzeko».
Bi egun pasatu dira Nazioarteko Pilota Federazioko batzorde exekutiboak Euskadiko Federazioaren onarpenaren inguruko puntua erretiratu eta ezohiko batzarrean eztabaidatu ez zenetik. Zer sentipen duzu?
Albistea jakin genuenean, ezustea hartu genuen. Ez genuen ulertzen zergatik erretiratu zen bozketaren inguruko puntua. Baina, gerora, jakin eta konturatu ginen ez zegoela ziurtasunik baiezkoa aterako zenik. Beraz, guretzat onena izan zen erretiratzea. Izan ere, bozketa egin balitz, eta ezezkoa atera izan balitz, ahalegin hau bertan behera geratuko zen, eta estatutuen arabera gutxienez bi urte beharko genituen beste eskari bat egiteko. Hau da, prozesu berri bat martxan jartzeko. Guretzat albiste ona da halakorik gertatu ez izana; hurrengo edozein batzarretan sar daiteke gai zerrendan, eta bozketa egin. Orain, egin behar duguna da lanean jarraitu, ezezkoa bozkatzekoak ziren federazio horiekin hitz egin eta haiek konbentzitzeko. Inoiz baino indartsuago gaude bide horretan jarraitzeko. Ez ni bakarrik, baita federazio guztia ere.
Orain aste batzuk, baikor zineten. Azken asteetan aldatu dira gauzak?
Batzar honetara deitu zenetik, ikusi genuen jada Espainiako Federazioa prozesu honen aurka zegoela, eta ez zuela onartzen eta ulertzen bozketa hauetara nola dei zitekeen. Argi dago beldur zela. Gainera, gu ofizial izanez gero, haien gaitasuna asko murriztuko litzateke, domina gehienak txapelketetan euskal pilotariek lortzen baitituzte. Azken batean, gure lanaz baliatzen dira. Eta egin beharko luketena da gure bidea egiten utzi, eta arreta osoa beren selekzioa indartzean eta hobetzean jarri, gu egiten ari garen moduan.
Nolako eragina izan du gertatutakoan Espainiako Federazioaren presioak?
Haien mezua izan da Euskadiko Federazioa Nazioarteko Federazioan sartzen bazen Nazioarteko Olinpiar Batzordeak kanporatu egingo zuela, gu ez baikara onartutako estatu bat. Mezu horiekin beldurtu egin zituen federazio batzuk. Baina ez da egia. Badira hobeste kasu batzuk beste kirol batzuetan. Gu jakitun gaude ezingo genukeela Olinpiar Joko batzuetan parten hartu Euskadi gisa. Baina, onartuak izanez gero, aukera izango genuke Nazioarteko Pilota Federazioak antolatutako txapelketetan lehiatzeko: adibidez, Munduko Txapelketan.
Nola konbentzitu ditzakezue ezezkoa esan duten federazio horiek?
Gure lana izango da hori argitzea, eta erakustea Euskadiko Federazioa sartzeak zer onura izango lituzkeen Nazioarteko Federazioarentzat eta herrialdeetakoentzat. Azken batean, gure kirola da, eta horrekiko dugun konpromisoa erabatekoa da.
Badakizue zenbatek zuten alde bozkatzeko asmoa?
Guk bagenekien babes batzuk bagenituela. Baina ez genekien zenbat joango ziren bozkatzera, eta guk bi herenen babesa behar genuen. Baina, batzarraren ostean, Nazioarteko Pilota Federazioarekin hitz egin genuen, eta esan ziguten %50ek baino gehiagok alde bozkatzeko asmoa zutela. Gertu ginen, beraz, bi heren horretatik. Espainiako Kirolaren Legea urtarrilean onartu zen, eta zortzi hilabete geroago batzordearen erdiaren babesa izatea aurrerapauso handia da.
Baina ulertzen duzu larunbatekoaren ostean herritar asko ilusioa galduta egotea?
Bai, baina berriro diot: ofizialtasunerako aukera ez da galdu, atzeratu baizik. Saiatu ginen azken bi aldietan, gainera, 1994an eta 2002an, Nazioarteko Batzordea ez zegoen ezta bozkatzeko prest ere. Orain, babes bat ikusten dugu haren partetik, konpromiso bat, bozketa egiteko. Bertako federazio batzuk alde ditu. Federazio indartsuak, gainera: Frantziakoa, Argentinakoa, Mexikokoa... Haiek argi ikusten dituzte gure argudioak, eta lan egingo dugu posizio horri eutsi diezaioten.
Nazioarteko Pilota Federazioak zer esan zizuen batzarraren ostean?
Aipatu bezala, batzarreko %50 alde genuela esan ziguten. Nik uste dut, gainera, haiek ikusten dutela herri honek zenbateko konpromisoa duen pilotarekin, eta kirol ikuspegitik zer maila duen. Gainera, ditugun azpiegiturak puntakoak dira. Ez dago herririk frontoirik ez duenik.Mota guztietakoak dauzkagu: trinketak, frontoi luzeak...Horietako askotan 2.000 ikusletik gora sartzen dira. Gu bertako kide izanez gero, Nazioarteko Pilota Federazioak eskuragarri izango lituzke antolatzen dituen txapelketetan erabiltzeko. Jaurlaritzaren babesa ere badugu. Kirol hau estrategikotzat dauka, eta apustua ere egingo luke, elementu garrantzitsua baita Euskadi munduan ezagun egiteko. Beste federazio indartsu bat sartzea esan nahiko luke Nazioarteko Pilota Federazioarentzat. Sartu ahal izateko, aurreko astean aipatu genituen argudioak erabiliko ditugu aurrerantzean ere: ekonomiari, lehiari, nortasunari eta legeari lotutakoak dira. Indar handiko argudioak dira, errealitate bat, etanik uste dut ez dietela beste federazioei inongo kalterik eragiten. Alderantziz. Guk gogor jarraituko dugu lanean kirol hau munduan ahalik eta gehien zabaldu dadin. Beti egin dugu, eta horretan segituko dugu. Izan ere, esan bezala, gure kirola da. Konpromiso tinko bat dugu beste selekzioei laguntzeko ere.
Eusko Jaurlaritzak zer esan dizue larunbatean gertatu zenaren inguruan?
Eman dugun pauso bakoitzean egon gara Jaurlaritzarekin harremanetan. Guk bezala, hasieran ezustean hartu zuten Nazioarteko Pilota Federazioaren batzorde exekutiboaren erabakia. Baina haiek ere ikusi dute prozesuak bizirik jarraitzen duela, eta lanean jarraitzeko indarra eta babesa helarazi digute.
Pilotariekin hitz egin duzu larunbatekoaren ondoren?
Egia esan, ez dut hitz egin. Baina askotan hitz egin dut, eta askotan plazaratu dute Euskadiko Pilota Federazioa ofizial izateko nahia eta eskaria; horretan daude haiek ere. Lanean jarraitu beharra daukagu.
Duela aste batzuk, Nazioarteko Pilota Federazioko presidenteak, Xavier Cazaubonek, idazkari kargua kendu zion Espainiako Pilota Federazioko presidenteari, Julian Garcia Angulori, Euskadiko Federazioaren kontrako kanpaina egiteagatik. Nola bizi izan zenuen hori?
Argi dago prozesu honetan guztian Cazaubonek bere lana egin duela, legeak eta estatutuek agintzen zutena. Aurrena, gure eskaria federazioaren batzordera eraman zuen. Bertan Espainiako Federazioa zegoen. Baina ez zen aurkako botorik egon, abstentzioak eta aldeko botoak bakarrik. Horrenbestez, bozketa egiteko batzarreradeitu zuen. Orduan hasi ziren larritzen Espainiako Federaziokoak, eta aurkako mezuak ematen. Garcia Angulo mezuak zabaltzen hasi zen bai bere sare sozialen eta Espainiako Federazioarenen bidez, batez ere Cazaubonen kontra. Garcia Angulok 32 urte daramatza karguan, eta denek dakigu zein izan den urte hauetan haren diskurtsoa. Sekula ez du nahi izan Euskadiko Federazioa nazioartekoan egotea. Hori ez da aldatu.
Noiz egon liteke berriro batzarraren gai zerrendan ofizialtasunaren inguruko bozketa? Eperik jarri diozue zeuen buruari beste herrialdeak konbentzitu ahal izateko?
Eperik ez diogu jarri. Baina guk, babes hori ziurtatua, dugunean helarazi egingo diegu. Gero, haren esku dago batzarrera deitzea. Puntua erretiratu bazuten, adostasunik ez zegoelako erretiratu zuten. Ezezkoa ateraz gero liskarrak eragozteko erabaki zuten hori. Ni baikorra naiz, etaziur nago eman diren aurrerapausoekin eta lege aldaketekin lortuko dela. Baliatu egin behar dugu egoera hau. Betiere jakinda duela 30 urte hasi zela lan hau, eta gertuago gaudela.
Gotzon Enbil. Euskadiko PIlota Federazioko burua
«Ofizialtasunerako aukera ez da galdu, atzeratu baizik»
Nazioarteko Pilota Federazioaren batzarrean Euskadikoaren ofizialtasunaz bozkatu behar zutenen erdien babesa zutela azaldu du Enbilek. «Aurrerapauso handia da hori», uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu