Estonia. Hoop; Roops, Lepik, Saar, Laanmae; Trutsi, Ounpuu, Himanen; Vals, Bannikova eta Tammik. Ondoren jokatu zutenak: Rosen, Vilipuu, Pello, Toom, Kallas eta Uleksin.
Euskal Selekzioa. Cornejo; Iturregi, Bergara, Unzue, Ramajo; Lizaso, Gimbert; Encinas, Corres, Eunate; eta Nekane. Ondoren jokatu zutenak: Guarrotxena, Alvarez, M. Diaz, Nahikari, Itxaso, Zelaia eta E. Aizpurua.
Golak. 0-1. Eunatek (2. min.); 0-2. Eunatek (6. min.). 0-3. Nekanek (11. min.); 0-4. Encinasek (35. min.); 0-5. Encinasek (71. min.). Bestelakoak. Oso ikusle gutxi Tallingo TNTK estadioan.
Festa giroa, lagunarteko partida, ilusioa... Horrelakoak aipatzen dira beti euskal selekzioak jokatzen duenean, baina jokalariek atzo erakutsi zuten nazioartean oso maila onean aritzeko moduko taldea dela eurena. Estonia izan zuten parean, FIFAren sailkapenean 77. postuan dagoen selekzioa; Kanadako Munduko Txapelketara bidean bi partida irabazi dituen multzoa. 11. minuturako 0-3 aurretik zen euskal selekzioa. Eunatek sartu zituen lehen bi golak, 2. eta 6. minutuetan, eta Nekanek 0-3koa, Iraiaren erdiraketa jasota burukada onean.
Lehen ordu laurdena jokatuta, argi geratu zen Estoniaren atzealdeak ezin zuela gelditu euskal selekzioaren mugikortasuna eta lerro arteko jokoa. Tarte horretan beste hiruzpalau aukera argi eduki zituelako Jose Alvarezek zuzentzen duen selekzioak. 25. minutuan, gainera, min hartu zuen Laanmaek, Estoniako erdiko atzelariak, eta horrek are gehiago desorekatu zuen etxekoen defentsako lana. Bi pauso atzera emanda, saiatu zen Estonia espazioak ixten, baina 35. minutuan ez zuen huts egin Aintzane Encinasek, beste behin ere pase sakona jaso eta atezainaren aurrean jokaldia ondo amaituta.
0-4koarekin amaitu zen lehen zatia, baina eskandalagarria izan zitekeen lehen 45 minutu horietako emaitza, goleko aukera argi-argiak izan zituztelako Encinasek berak (3. min.), Yulemak (6., 26. eta 34. min.), Lizasok (10. min.), Eunatek (12. min.), Iraiak (16. min.), Gimbertek (40. min.) eta Nekanek (45. min.). Cornejok ez zuen egin behar izan geldiketa bakar bat ere.
Aldaketa festa eta 0-5ekoa
Lagunarteko partidetan normala den bezala, Alvarezek aulkian zeuden jokalari guztiei eman zien gozatzeko aukera. Erritmoak behera egin zuen nabarmen, eta Estoniak asmatu egin zuen aldaketekin. Baina euskal selekzioak argi utzi zuen zer-nolako jokoa egiteko gai den. 0-5ekoa izan zen horren erakusgarririk argiena. Eskuin hegalean jokaldi bikaina egin zuen Iraiak, pase sakona bidali zion Encinasi, eta donostiarrak ez zuen hutsik egin. Ofizialtasun eske ari da kalitatea.
Estonia 0. Euskal selekzioa 5
Ofizialtasunaren zain, kalitatea
Oso joko ona eginda eta gozatuta, euskal selekzioak astindu handia eman dio Estoniari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu