Jon Redondo. Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendaria

«Ofizialtasuna eskatzen lagun dezakegu, baina erabakia federazioena da»

Bigarren agintaldia du, eta bi etxeko lan jarri dizkio bere buruari: kirol eredua finkatzea eta beste federazio batzuek sokatirak nazioartean irekitako bideari segitzea.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2017ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu berriak karguan jarraitzeko eskatu, eta baiezkoa eman zion Jon Redondok (Orio, Gipuzkoa, 1979). Lau urteko eskarmentua baliatu nahi du aurrera egiteko. Donostiako bulegoan hartu du BERRIA; handik Kontxako badia ikusten da. Arraunlari familiakoa da, eta bertako bandera bi aldiz irabazitakoa, Oriorekin.

Zein balantze egin duzu aurreko lau urteen inguruan?

Ona. Nik beti esan dut kanpora begira beti onarpen hobea izaten dugula. Askotan, arazoa administrazioaren burokrazia da. Zuk kirol munduko jendeari konponbideak eman nahi dizkiozu, eta burokraziarekin egiten duzu topo. Kirol esparruan gizarte oso aberatsa dugu, maila askotan. Zein arazo du horrek? Egoera ekonomikoari aurre egin behar izatea. Lau urte gogor izan dira, eta espero dugu etorkizunean hobera egitea.

Kultura Sailaren barnean zaudete orain. Sailburuak berak eskatu al zizun jarraitzeko?

Bai. Eginiko lana ikusi, eta ea animatuko nintzen beste lau urterako. Lau urte hauetarako, gainera, aldaketa dugu. Hezkuntza eta Kultura sailak banatu egin dira, eta ona izango da kirolarentzat. Gazteria eta Kirol zuzendaritza ere banatu dira, eta Kirola eta Jarduera Fisiko Zuzendaritza Kultura eta Hizkuntza Politika Sailean dago.

Helbururik ezarri al dizute?

Kirol eredu estrategiko bat finkatzea, kalitatezkoa, erreferentea eta aitzindaria izango dena. Ikusteko dago hori lortzeko zer baliabide ditugun eta nola egingo dugun.

Baliabideez mintzo zara; 2010etik 2016ra, Kirol zuzendaritzako aurrekontua erdira jaitsi zen. Iaz, 7,3 milioi izan zenituzten. Ze espero duzu aurtengo?

Atzera begiratuta, jaitsiera oso handia da. Etorkizunera begira, agian, zerbait gehiago izango dugu, edo antzekoa. Niri galdetzen badidazu, diru gehiago beharko litzateke. Autokritika egitearren, agian ez gara kapazak agintariei edo gizarteari jakinarazteko kirolak eta jarduera fisikoak balio transbertsala duela, arlo askotan eragiten duela.

Jaurlaritza honek kontraesan handia du. Kirol zuzendaritzarako baliabideak asko jaitsi, baina inbertsio handiak egiten ditu eliteko taldeen azpiegituretan: San Mamesen 50 milioi, Anoetan hamar... Eta orain Alaves dator eskean. Talde horiek, gainera, euren aurrekontuekin ordain ditzakete lan horiek. Zein hausnarketa egiten duzu?

Bai, baina azaltzen saiatu behar da. Inbertsio horiek ez ditu Kirol zuzendaritzak ordaintzen. Diru hori ogasunetik ordaintzen da, inbertsio gisa. Egia da San Mames egin zenean beste garai bat zela, eta gobernuak erabaki zuen bertan egotea. Eta egia da, era berean, futbolaren bilakaera asko aldatu dela azken lau urteetan. San Mames egitea adostu zen garaian futbol taldeek zuten aurrekontua edo orain dutena, ia bikoiztu egin da. Nire ustez, erabakiak testuinguruaren arabera hartu behar dira. Kontua da batean dirua jarri duzunean eta gero ondokoa eskean datorrenean, justifika iezaiozu testuinguru jakin batean izan zela. Mila aldiz azalduta ere ez du ulertuko. Egoera horretan gaude. Hasieran, San Mames izan zen; gero, Anoeta, eta badirudi etorkizunean Ipuruako handitze lanak eta Mendizorrotza etorriko direla.

Baina, egun, taldeek ez dute diru laguntza hori behar, aski dute euren diru sarrerekin.

Tira, Anoetaren inguruan hitz egin dugunez, zehaztu nahi dut Anoeta ez dela bakarrik futbol zelaia. Atletismo estadio txikia berrituko da, belar hockeyko zelaiak, federazioen bulego berriak...

Euskal Herrian kirol talde batzuk ia botere faktikoak dira. Reala, Athletic, Baskonia... Nolakoa da haiekin tratatzea?

Normalean, bere kabuz ibiltzen dira. Enpresak dira, indartsuak. Guk xumeagoak diren eta agian arazo eta behar gehiago dituzten taldeekin tratatzen dugu.

Euskal Selekzioa hizpide izan da neguan. San Mamesen inoiz baino jende gutxiago bildu zen. Zer sentitu zenuen?

Tristura. Abertzaleak garenontzat eta nazioaren aldarrikapena egin nahi dugunontzat egoera tamalgarria izan zen. Frustrazioa ere bai, eta normalak dira jokalariek eginiko adierazpenak. 2014anesan genuen hark izan behar zuela Gabonetako partidaren amaiera, eta ofizialtasunaren bidean pauso gehiago eman behar zirela. Garbi ikusten genuen pauso hori FIFA datetan jokatzea dela. Hau behar genuen hori jakiteko? Federazioari hausnarketa eskatu diogu. Emakumezkoekin lortudugu, eta txalotzekoa da azken hiru urteetan egin duen ibilbidea. FIFA datetan jokatu du; bada, gauza bera egin dezagun gizonezkoekin. 2017an pauso hori emateko lanean ari gara.

Espainiak eta Frantziak beti jokatzen dute FIFA datetan. Euskal jokalari batzuek aukeratu egin beharko dute...

Tokatuko da, noski, baina, naturaltasun baten barruan, lagundu egin behar diegu. Gure helburua ez da jokalaria ezpata eta paretaren artean jartzea. Agintaldi honetarako hausnarketa egin nahi dugu; izan ere, badirudi futbola beste kirolik ez dagoela. Lau urteotan sokatiran lortu dugu Basque Country TWIFen sartzea etalehiatzea. Orain beste kirol batzuetan behar da.

Bai, baina, sokatiran ez dago Espainiako federaziorik. Frantziakoa, aldiz, bai, eta Ipar Euskal herriko tiralariek ezin dute Basque Countryrekin tira egin.

Egia da Espainiako federaziorik ez egotea abantaila dela, eta etorkizunean egon daitekeela. Helburua ahalik eta bizkorren sartzea da, eta, behin barruan, onenak izatea, serioenak eta txukunenak. Horregatik eskatu dugu 2020ko Munduko Txapelketa, kide indartsuak garela erakusteko. Horrela, noizbait Espainiako federazioa badator, nazioartekoak esango dio: «Bale, baina hauek hemen geldituko dira, serioak direlako».

Bigarrena, «baina bakarrik hegoaldekoak». Bale, nire ustez, hor apurka joan behar dugu. Lehenbizi, sar gaitezen. Gero, eta gure harridurarako, nazioarteko federazioak eskatu digu ea Ipar Euskal Herriko tiralariak gure federazioan sar ditzakegun. Guk baietz esan genien, gure nazio ikuspegitik zazpi lurraldeak lehiatzea nahi genuela, eta klubek ez dute arazorik jarri. Hurrengo Munduko Txapelketatik aurrera, Ipar eta Hego Euskal Herriko tiralariak ariko dira.

Ofizialtasunaren gaia agenda politikotik erori al da? Asko hoztu da giroa.

Baliteke, gizartean ere bai. Nik beti adibide bera jartzen dut. Euskaltel-Euskadi desagertu zenean, selekzio bat zen de facto. Ez zen ofiziala, baina urte osoan genuen selekzioa hor. Taldea desagertu zen, eta gizartea ez zen aztoratu. Ulertzen dut krisian gaudela, eta jendearen lehentasuna hil bukaerara iristea dela, eta errealistak izan behar dugu. Guri dagokigu gobernu gisa ofizialtasun nazioarteko hori bultzatzea, ez dela erraza jakinda ere.

Ezkortasuna zabaldu da, independentzia lortu ezean kirol handietan selekzioaren ofizialtasuna ezinezkoa dela.

Estatuak izan gabe nazioartean ofizialki lehiatzea lortu dutenen ereduak badaude; 50 daude munduan. Dena den, federazioak erakunde pribatuak dira. Elkarte gastronomikoekin alderatzen ditut: zuk sartzea eskatzen duzu, baina, zure sarrerak kide batzuekin arazoak sortzea baldin badakar, jendea kontuz ibiltzen da. Estatu izatea ez da derrigorrezkoa, baina ezin gara zain egon.

2020ko Eurokopan, sailkatzen bada, Espainiak «etxeko talde» gisa jokatuko du Bilbon. Hala adierazi zuen UEFAk egoitzaren aurkezpenean, eta inork ez zion aurkakorik esan.

UEFAren etxeko taldea izango da. Nik ez dut etxeko talde gisa kontsideratuko. Aukera bat kirol ekitaldi handi bat antolatzea da, eta bestea, ez antolatzea Espainia eta Frantzia daudelako. Niretzat, Espainia eta Frantzia atzerriko nazioak dira. Nire nazioa Euskadi da. Eta horrelako ekitaldi baten alde apustu egin behar da, inpaktu ekonomiko handia duelako.

Bere garaian, babes juridikoa eskaini zenieten federazioei ofizialtasunaren bidean hasteko. Zenbatek jo dute atea?

Sokatira izan da bakarra. Beste federazioek ez dute bide hori jorratu. Hori hor dago. Ez dakit esanguratsua den, edo jendea eroso sentitzen den egun dagoen egoeran eta aldaketa horrek dakarren arazorik ez duen nahi.

Jaurlaritzari egozten zaio dena, baina federazioek ere badute ardura ofizialtasunaren auzian.

Esan daiteke: «Jaurlaritzak gehiago egin behar du», eta agian gehiago egin behar dugu. Baina zuk ezin duzu jendea mehatxatu; federazioak erakunde pribatuak dira. Nire ustez, hau da jendearen hausnarketa: eroso nago nagoen tokian, eta ez zaitez orain zu etorri. Ofizialtasun eskaera lagun dezakegu: erremintak jarri, laguntza juridikoa eskaini... baina erabakia federazioek hartu behar dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.