Euskal Herriko kirolari gutxik ordezkatu dezakete Euskal Herria nazioarteko txapelketetan, kirol gutxitan baitu euskal selekzioak lehiatzeko eskubidea. Gainontzeko kiroletan euskal selekzioaren ofizialtasuna lortzeko jardunari bultzada emateko jaio zen Gu ere bai! egitasmoa, duela lau urte, eta biharko egun osoko egitarau bat antolatu dute Leitzan (Nafarroa), Euskal Herrian Euskaraz-ekin, Gure Esku-rekin eta Tximutxe euskara taldearekin batera.
Kirola, hizkuntza eta lurraldetasuna uztartzea du helburu larunbateko egitarau «xumeak», Patxi Gaztelumendiren hitzetan; Gu ere bai! egitasmoaren kideetako bat da. Euskal selekzioen ofizialtasunaren egungo egoera «egin den borrokaren emaitza» dela azaldu du: «Kirol batzuetan, selekzioak ofizialak dira; esaterako, sokatiran. Gainera, nazioartean lan ona egiten ari dira, eta oso emaitza onak lortzen, adibidez berriki Alemanian egin bezala, edo Euskal Herrian jokatu zen munduko txapelketan».
Sokatira salbuespena da, baina beste kirol batzuetan ofizialtasuna lortzeko «aukerak egon badaudela» uste du Gaztelumendik, «leihoak ireki daitezkeela», eta pilota jarri du adibide. Euskal selekzioa lortzeko urratsak egiten ari direla uste du, baina gehiago falta dela onartu: «Lan egin behar da pasilloetan, bulegoetan eta nazioartean, baita gizarte arloan ere. Eta hor bat egin behar dute herri eragileek, kirolariek, federazioek eta erakundeek. Eta ipar hori hartuta, uste dugu aukera asko daudela kirol oso ezberdinetan ofizialtasuna lortzeko».
«Ofizialtasuna lortzeko, bai mutilek, bai neskek planto egin behar izan zuten nazioarteko froga batzuetako sari banaketetan, Sakanako neskek egin zuten bezala, adibidez»
PATXI GAZTELUMENDI'Gu ere bai!' egitasmoko kidea
Izan ere, futbol selekzioaren ofizialtasun eskaerak zabaldu du gehien gaia, baina pilotaren inguruan daude azkenaldiko tirabira handienak, Nazioarteko Pilota Federazioak ez baitzuen Euskadiko Federazioaren ofizialtasunaz bozkatzen utzi ere. Hala ere, Gaztelumendik gertu ikusten du pilotako euskal selekzio ofiziala: «Lan asko egiten ari da, eta pilotako munduko txapelketak 2030ean Euskal Herrian jokatu aurretik emaitzak ikusi beharko dira. Ez dago ziurtasun osoz esaterik, baina beharbada 2026ko Argentinako munduko txapelketetan ikusi ahal izango dira euskal selekzioaren koloreekin Euskal Herriko kirolariak lehian».
Kirolarien aktibazioa, funtsezkoa
Gaztelumendiren ustez, alor askotan egin behar da lan euskal selekzio ofizialak lortzeko, baina kirolarien aktibazioa gakoetako bat dela uste du. Sokatiraren adibidea jarri du: «Ofizialtasuna lortzeko, bai mutilek, bai neskek planto egin behar izan zuten nazioarteko froga batzuetako sari banaketetan, Sakanako neskek egin zuten bezala, adibidez».
Kirolarien borroka «oso garrantzitsua» bada ere, Gaztelumendirentzat estamentu guztietan egin behar da lan: «Ez dira garrantzitsuagoak kirolariak federazioak baino, edo federazioak instituzioak baino, edo instituzioak kaleko dinamika baino». Pauso gehiago emateko, baina, Gu ere bai!-k «euskal kirol selekzioen mahai bat edo bide orri bat» aldarrikatzen du, instituzioek, kirol estamentuek, kirolariek eta eragileek osatua, indarrak batzeko.
Euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko jaialdia egiteko, «herri kirolari, kirolzale eta euskaldun bat» aukeratu nahi zuten, Gaztelumendiren hitzetan, eta hasieratik ikusi zuten garbi Leitzak baldintza horiek betetzen zituela. «Nafarroako herria, kirolari emana erabat, eta oso herri euskalduna», hala definitu du Leitza.
Ibai Zabala pilotariaren eta Josu Etxaburu Gure Esku-ko bozeramailearen arteko solasaldi batekin ekingo diote egunari, 10:30ean, eta jarraian karate, gimnastika, herri kirol eta txintxurrina erakustaldia egingo dute. Gero, omenaldi bat eta trikipoteoa izango dira, eta eguna bukatzeko, 17:00etan, pilota ikuskizuna izango da.