Euskal selekzioa 1-1 Uruguai

Ofizialtasun eske, erarik onenean

Euskal selekzioak eta Uruguaik 1-1 berdindu dute. Etxekoak aurreratu dira, Djaloren golarekin, baina bigarren zatiko lehen jokaldian berdindu egin dute kanpotarrek. 34.500 lagun bildu dira San Mamesen.

Euskal selekzioa
jon eskudero
2024ko martxoaren 23a
22:15
Entzun

Euskal selekzioak ofizialtasunaren bidean neurtu ditu indarrak Uruguairen aurka San Mamesen, eta partida ofizial bat balitz bezala lehiatu dira bi selekzioak. Besteak beste, ohiko lagunarteko batetik gutxi izan baitu neurketak. Hasieratik erritmo bizia, intentsitatea, gogortasuna eta kalitatea nagusitu dira, eta bi taldeetako bat bera ere ez da arratsalde pasa zelairatu. Zelaian ez ezik, aulkian ere ika-mika bizian ibili dira bi selekzioetako hautatzaileak: Jagoba Arrasate eta Marcelo Bielsa. Serio demonio hartu dute konpromisoa, eta erakutsi dute irabaztea zutela helburu. Halere, berdinketarekin konformatu behar izan dute. Lehen zatian euskal selekzioak agindu du, eta azken jokaldian biribildu ditu lanak, Alvaro Djaloren gol bati esker. Bigarren zatiaren hasieran, hori bai, banakoa lortu du Uruguaik, Matias Vecinoren eskutik, eta ez da gol gehiagorik izan. Ikusgarri lehiatu dute bi selekzioek, eta etxekoek erarik onenean aldarrikatu dute ofizialtasuna, goi mailan lehiatuz. Harmailetan ere giro aparta nagusitu da, 34.500 zale bildu baitira San Mamesen.

Deialdia osatzeko arazoak izan arren, talde duina zelairatu du hasieratik Arrasatek, eta jokalariek ez diote hutsik egin. Bi taldeek intentsitatea eta presioa izan dituzte ardatz, eta arazoak eduki dituzte baloia jokatuta ateratzeko. Lehen hogei minutuak ikusteko aski politak izan dira, baina apenas izan den gol aukerarik. Euskal selekzioak eman du lehen abisu garbia, 24.ean. Alex Solak gola sartu du, baina epaileak bertan behera utzi dio, jokoz kanpokoagatik. Arrazoi zuen. Minutuek aurrera egin ahala, nagusitzen hasi dira euskaldunak, eta ezinari ostikoka aurre egin diote uruguaitarrek. Joko itsusi samarra erakutsi dute une batzuetan. Euskal selekzioaren presioa gainditu ezinik ibili dira.

Jokoan ezin zuenez, geldikako jokaldietan min egitea izan du xede Bielsaren selekzioak, eta gola ere sartu du partidako lehen ordu erdia bete denean. Kornerra atera, baloia bigarren zutoinera orraztu eta hantxe azaldu da Uruguaiko jokalari bat, baloia sareetara bidaltzeko. Ordea, epaileak txistua jo du, ustez jokoz kanpo zegoelako. Bazirudien husna hartuko zutela aldageletarako bidea bi taldeek, baina lanaren fruituak 45. minutuan jaso ditu etxeko taldeak. Gorosabalen erdiraketa baliatuta, jokaldi aparta osatu du Djalok, eta ez du barkatu ate aurrean. Aurkezpen gutun bikaina plazaratu du bizkaitarrak, hura izan baita partidako jokalari onena.

Aulkietan, gorabeherak

Bigarren zatiari begira, bost aldaketa egin ditu Arrasatek hamaikakoan, baina haiek partidari neurria hartzeko betarik ere ez dute izan, hamalau segundo bete direnean banakoa sartu baitute uruguaitarrek. Erdiraketa bat urruntzen ez du asmatu Aritz Elustondok, eta aldaratzean berdinketaren gola sartu du Matias Vecinok. Kolpe handia izan da euskal selekzioarentzat, eta urduri aritu dira jokalariak hurrengo minutuetan. Joera aldatu zaio lehiari, gero eta erosoago sentitu baita Bielsaren taldea. Moncayolak izan du aukera on bat beste arean, baina soilik salbuespena izan da.

Zelaiko ezina gutxi ez, eta aulkian ere gorabeherak izan dituzte Arrasatek eta Bielsak. Aldaketekin ezadostasunen bat izan dute nonbait, eta haserre bizian ipini da Uruguaiko hautatzailea. Kontuak bere onera etorri direnean, hobera egin dute etxekoek, baina bigarren gola sartzerik ez dute izan. Uruguaik gertuago izan du bigarrena, zutoinera bidali baitu burukada bat partida amaieran, baina azkenean banakoarekin amaitu da lehia. Kasik lau urteren ondoren, duintasunez lehiatu da euskal selekzioa, baina garbi hitz egin du Aritz Elustondok amaieran. «Gozamen hutsa da partida hau jokatzea, eta bide egokian goaz, baina maizago aritu nahiko genuke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.