Kauldi Odriozola, Imanol Gartziandia eta Sergei Hernandez eskubaloi jokalariek brontzezko domina irabazi dute Parisko Olinpiar Jokoetan, Espainiak Esloveniari gol baten aldeaz irabazi ostean: 23-22. Azken jokaldian ebatzi da norgehiagoka. Esloveniak aukera izan du aurkariak luzapena jokatzera behartzeko. Baina Gonzalo Perez de Vargasek, Espainiako atezainak, gelditu egin du Borut Makovsenen jaurtiketa. Odriozolak bi gol sartu ditu gaurko neurketan, Gartziandiak ohi baino gutxiago jokatu du, eta Hernandez ez da deialdian sartu, hirugarren atezain gisa aritu baita txapelketan.
Partida osoa izan da parekatua. Lehen zatian, Esloveniak lortu du Espainia erasoan deseroso egotea, eta, deseroso zeudenez, jaurtiketa asko huts egin dituzte. Geldikako erasoan golak sartzea kostatu zaie batez ere. Defentsako lanari esker eutsi dio Jordi Riberak zuzentzen duen selekzioak. Hori bai, izan da Esloveniako jokalari bat erasoan min egitea lortu duena: Blaz Jancek. Lau gol egin ditu lehen 30 minutuetan. Dena den, esloveniarrek gehienez bi golen aldea lortu dute tarte horretan, eta Espainiak partidan sartuta segitzen zuen. Berdinduta amaitu dira lehen 30 minutuak, 12na.
Bigarrenari argitasun eta jarraitutasun handiagoz ekin dio Espainiak, batez ere Abel Sardio pibotearen lanari esker. Dena den, neurketak parekatua jarraitzen zuen. Espainia egon da gehienetan aurretik, baina Eslovenia ez zegoen amore emateko prest, eta lanean jarraitu du: serio, eta aldi berean grinatsu. 15 minutu falta zirenean, 17na zeuden. Eraso eta defentsa bakoitzak are balio handiagoa zuen hortik aurrera, eta nabaritu da. Tentsioa eta emozioa handituz joan dira. Denbora askoan atzetik joan ostean, esloveniarrak aurretik jarri dira: 20-19 (50. min). Horrek min egin ziezaiokeen Espainiari, nekea pilatzen ari zelako, baita presioa ere. Baina ez da hala izan, Aleix Gomezek bi gol sartu eta taldea aurretik jarri baitu berriro. Bataren kolpeari besteak erantzun dio hortik aurrera, eta azken jokaldi horretan argitu da domina norentzat izango zen.
Hala, Euskal Herriko zortzi kirolarik lortu dute dominaren bat Parisko Olinpiar Jokoetan: bakarka batek, piraguismoan; eta, taldekako kiroletan zazpik, futbolean, hiruko saskibaloian eta eskubaloian. Tokioko kopuru bera da hori.