Sara Alonso (Donostia, 1999) San Esteve de Palautorderan (Herrialde Katalanak) bizi da. Bideodeiz izan da elkarrizketa. Ez dira egun asko igaro Chamonixtik itzuli zenetik (Frantzia), eta lasai hitz egiteko gogoz dago. Gozatu egiten du mendi lasterketez hitz egiten. Hitz errazekoa da.
Egun batzuk igaro dira Chamonixko OCC lasterketan laugarren izan zinenetik. Hausnartu duzu lortutakoaz?
Bai. Espero nuen baino askoz hobeto joan zen. Irten aurretik, lehen bosten artean sailkatzea zen nire ametsa. Zorionez, laugarren postuan iritsi nintzen. Oso pozik amaitu nuen.
Zerbaiten falta sumatu zenuen?
Kilometro gehiago entrenatzearena, gehienbat. Oso denbora gutxi izan dut ondo entrenatzeko. Pneumonia izan berri nuen, apiriletik lehiatu gabe nengoen, eta, gainera, lehenbizikoz nindoan horrelako lasterketa luze batean lehiatzera. Ezin nuen gehiago eskatu. Distantzia, oro har, gustatu zitzaidan. Lasterketa laburragoetan beti dena emanda joan behar izaten dugu, eta honetan, berriz, lasaixeago ibiltzeko aukera izan dut. Indarrak gordetzea eskatzen du, erritmoa ere kontrolatu egin behar da… Maratoi distantzian ondo moldatzen naizela erakutsi dut. Honetara ere ondo moldatu naitekeela iruditzen zait.
Aurreko bi hilabeteak oso gogorrak egin zitzaizkizun?
Pneumonia pasatu eta gero, ekainaren 17an eman zidaten baimena berriro ere korrika hasteko. Hasi eta gutxira, OCC lasterketan aritzeko sailkatu behar izan nuen, tibialean izandako arazoak ere bistaratu ziren, eta beste zazpi egunez geldirik egon behar izan nuen. Bost aste eta erdi nituen lasterketa egunerako. Egunero errezatzen egon nintzen, baina, zorionez, aste hauek bikain joan ziren. Hasieran, ez neukan lasterketa hau egiteko asmorik: aurreragorako utzi nahi nuen. Halere, ikusita ez nintzela Zegama-Aizkorrin aterako, lasterketa hau jarri nuen helburu nagusi gisa. Ezustean, motibazioz gainezka ikusi nuen neure burua.
«Ospitalean nengoela, benetan arduratzen hasi nintzen. Oso larria zela esan zidaten, eta organoetara zabal zitekeela»
Zein ziren aurtengo helburuak?
Nire lehen asmoa Golden Trail Serieseko zirkuitua osatzea zen. Zegama-Aizkorri, Montblanceko maratoia eta Asian jokatu nituen bi lasterketak osatzea zen helburu nagusia. Zegaman ezin izan nuenez korri egin, eta Montblancekora ere ezin izango nintzenez iritsi, OCCn lehiatzea pentsatu nuen. Gainera, nire babesle Asics markak ere garrantzi handiena ematen zion lasterketa zen. Gelditzen zen egutegitik gehien motibatzen ninduen lasterketa zen. Onenak dauden lekuan lehiatzea gustatzen zait. Aurretik, Japonian bigarren amaitu nuen lasterketa batean, baina oso oihartzun txikia zuen proba hark.
Urtea ez zenuen gaizki hasi.
Calamorron [Benalmadena, Espainia] hasi nuen urtea. Irabazi egin nuen, eta probako marka hobetu. Ondoren, Japonian, bigarren sailkatu nintzen Golden Trail Seriesko lehen lasterketan. Oso gustura nenbilen aurreko urte kaskarraren ostean. Berriro onenen artean ikusten nuen neure burua. Handik gutxira, Txinara joan nintzen, eta han izugarri sufritu nuen altueragatik. Halere, motibazioz gainezka nengoen Zegama-Aizkorrirako. 2023an ezin izan nuen parte hartu, eta irrikaz nengoen. Baina dena pikutara joan zen lasterketa bezperan.
Azken bi urteetan ezin izan duzu Zegama-Aizkorrin parte hartu.
Iaz, lesio batengatik izan zen, eta, aurten, aurreko egunetan hoztu eta ospitalean amaitu nuelako. Iazkoa edonori gerta dakioke: estres haustura bat izan zen. Baina aurtengoa… Ezohikoa da lasterketa aurreko egunean pneumonia harrapatzea. Ez nuen inoiz pentsatuko niri gerta zitzaidakeenik.
Kolpe handia izan zen?
Bai. Negarra besterik ez nuen egin nahi. Ez nuen ezer ikusi nahi. Gainera, lasterketan parte hartu behar zuten emakumeen zerrenda ikusita, banekien aurrean ibil nintekeela. 2022an, banekien nire bizitzako lasterketa eginda ere ezingo niela Nienke Brinkmani eta Maude Mathysi irabazi. Aurtengorako, berriz, gogotsu nengoen. Han entrenatzen aritu nintzen Kataluniatik etorrita, eguraldi bikaina espero zen, nire ahizpa ere Kataluniatik etorria zen, jendeak esperantza handia zuen nigan… Eta ondoren hori gertatzea… Gustu txarreko txantxa bat zirudien. Bi egun lehenago termometroa jarri, eta ia 40 graduko tenperatura neukan. Mundua erori zitzaidan. Ospitalean nengoela, benetan arduratzen hasi nintzen. Oso larria zela esan zidaten, eta organoetara zabal zitekeela. Izan nitzazkeen albo kalteak bakarrik arduratzen ninduten. Gauza oso arraroa izan zen. Inoizko entrenamendurik onenak egin berri nituen.
«Edonoren aurka lehiatuta ere berriro podiumean egon naitekeela erakutsi diot neure buruari»
Buelta asko eman al dizkiozu?
Bai, baina, zorionez, OCC lasterketarekin berriro motibatzea lortu nuen. Ospitaleratu nindutenean, ez zekiten astebete edo hilabete pasatuko nuen bertan. Halere, orduan, ez neukan oraindik dortsalik OCC lasterketarako. Hara joan aurretik, UTMB zirkuituko beste lasterketa batean irten eta lehen hiruetan sailkatu beharra neukan. Dortsala lortzeko gelditzen ziren lasterketa gehienak luzeak ziren, baina Korsikan bazegoen 33 kilometroko lasterketa motzago bat uztailaren 6an. Arazoa zera zen: pneumonia bat izan berri nuela, hiru aste bakarrik nituela lasterketaren aurretik, eta gainera lehen hiru postuetan amaitu behar nuela. Azkenean, bigarren amaitu nuen, eta dortsala lortu.
Psikologikoki nola eman zenion buelta egoerari?
Azkar eman nion buelta; gehienbat, ondo osatu nintzelako. Ondo osatzea zen helburu nagusia. Oso pozik atera nintzen ospitaletik, eta, behin ondo osatuta eta korrika hasita, OCC lasterketa zen buruan neukan gauza bakarra.
OCC lasterketako emaitzak lagundu al dizu Zegama-Aizkorrikoa ahazten?
Bai, arantza ateratzeko balio izan dit. Egia da, halere, nik Zegama korritu nahi nuela. Aurrean ikusten nuen neure burua, baina, zoritxarrez, ezin izan nuen parte hartu. Badakit berriro itzuliko naizela. Aitortu behar dut, halere, Chamonixen lortutako emaitzarekin pisu bat kendu dudala gainetik. Bi urte nahiko justu neramatzan, nahiz eta iazko Golden Trail Serieseko finaletan eta Limone Extreme lasterketan emaitza onak lortu. Aurten emaitza onak lortu nituen denboraldi hasieran, Calamorron eta Japonian, baina balio handiagoko emaitza bat nahi nuen lasterketa handi batean. Berriro onenekin lehian sentitzeko beharra neukan. Edonoren aurka lehiatuta ere berriro podiumean egon naitekeela erakutsi diot neure buruari.
Asko aldatu al duzu egutegia gelditzen diren lau hilabeteetarako?
Hasieran, Golden Trail Seriesko lasterketak jokatzea zen asmoa, baina Zegamako eta Chamonixko lasterketetan aritu ezin izan nuenez, bertan behera utzi dut asmo hori, eta datorren urtera begira jarrita nago gehiago. Datorren urtean berriro OCC lasterketan aritu nahi badut. Agian, azaroan Mexikora, edo urtea amaitzeko beste lasterketaren batera joan beharko dut lehiatzera eta podiumera igotzera. Gogo handia daukat Latinoamerikara joateko. Jarraitzaile asko ditut han, eta beti hara joatea dut buruan. Ziurrenik hara joango naiz sailkapenaren bila.
«Honetatik bizitzea jada zorte handia da. Nire ametsa kiroletik bizitzea zen, eta gaur-gaurkoz, behintzat, lortu dut»
Iaz, Salomon taldea utzi eta Asics taldera joan zinen. Nola doa aldaketa?
Ez da asko aldatu nire egunerokoa. Jende askok galdetu zidan bere garaian zergatik joan nintzen Asicsera. Salomonen nengoenean ez neukan aukerarik honetaz bizitzeko, eta taldez aldatzeko eskaintza iritsi zitzaidan. Oso gustura nago aldaketarekin eta taldearekin. Une txarretan taldekoen babesa izan dut, eta hori asko estimatzen dut.
Lau urte bakarrik daramatzazu mendi lasterketetan, baina dagoeneko oso ezaguna zara. Asko aldatu zaizu bizitza?
Bai. Unibertsitatean nengoenean, korrika egiteari uztekotan egon nintzen. COVIDaren garaian mendi lasterketen mundua ezagutu nuen, eta hasieratik motibazio handia sentitu nuen. Orduan sasoiko egoteko egiten nuen korrika, eta gaur egun, nire bizitza da. Une oro mendi lasterketetan pentsatzen ari naiz, eta orain honetatik bizi naiz. Honetatik bizitzea jada zorte handia da niretzat. Nire ametsa kiroletik bizitzea zen, eta gaur-gaurkoz, behintzat, lortu dut.