Astelehen betea izan du Imanol Ansak (Urnieta, Gipuzkoa, 1995): ospakizunaren ajea, atzeratutako lan kontuak, komunikabideen deiak... Baina dena arintzen zaio txapelari begiratzen dionean.
Imanol Ansa buruz buruko txapelduna. Hasi zara barneratzen?
Jada barneratu dut. Ez da izan sekulako ezustekoa. Hain buru-belarri prestatu nuen buruz burukoa, eta horren sasoiko nengoen, ezen sinetsita nengoen txapela irabaz nezakeela.
Zer sentitzen duzu?
Nik beti irudikatu nuen txapel hau irabazten nuenean muturrerainoko poza sentituko nuela, baita liberazioa ere; aita galdu nuenetik neure buruari agindutakoa beteko nuen: hari txapela eskaintzea. Duela bizpahiru irabazi izan banu, liberazio handiagoa sentituko nuen, baina badira bizpahiru urte neure buruari sinetsarazi niola aitari txapela eskaintzeak indargunea izan behar zuela, eta ez neure buruari presio egiteko arrazoia. Kontrakoa zen lehen, eta kalte egiten zidan. Horregatik landu nuen arlo hori. Oso pozik eta harro nago, batez ere, oso lan ona egin izanaren ondorioa delako txapel hau.
Lasaitua hartu duzu?
Bai, baina obsesioa izateari utzi diolako iritsi da txapela. Lehen, abuztua iritsi, eta gaixotu egiten nintzen; beti nuen zerbait. Aitari txapela eskaini nahi izateak kalte egiten zidan. Iaz, ordea, oso ondo aritu nintzen, baina oinazpiko minarekin jokatu nuen finalerdia, eta galdu egin nuen. Lehen pausoa izan zen. Aurten, pauso erabakigarria eman dut.
Azken egunetan askotan gogoratu zara aitarekin?
Bai, noski. Baina bitxia da, banaka jokatzen dudanean gogoratzen naiz gehien harekin. Abuztua iritsi, eta izugarri gogoratzen naiz harekin. Duela sei urte bertso bat idatzi nion, inoiz txapela irabazi, eta emozioagatik adierazi nahi nuena esaten asmatzen ez banuen. Askotan kantatu diot bertsoa neure buruari. Txapela irabazi ondorengo afarian ere abestu nuen.
Harengatik hasi zinen erremontean.
Bai. Afizio handia zuen, eta izugarrizko konfiantza nigan: «hi ailegatuko haiz!», esaten zidan behin eta berriro. Eta nik sinetsi egiten nion; horrenbeste, ezen 20 urterekin neure burua irudikatzen nuen inoiz buruz buruko txapeldun izanda. Oso zaila zen, baina aitak emandako konfiantzari esker, egingarri ikusten nuen.
Ikusi duzu finala telebistan?
Bai, eta ondo ikusi dut neure burua: oso huts gutxi egin nituen. Urrizak beti dio finaletan garrantzitsuena aurkariari zalantzak eragitea dela, egiten dakiena egin ez dezan. Nik hori egin nuen. Hasteko, Juanenea eta biok oso lagunak izan arren, ez nion mezurik bidali astean zehar, nire babesa senti ez zezan. Gero, kantxan, saiatu nintzen hari argi uzten sasoi hobean nengoela eta kosta egingo zitzaiola irabaztea. Helburua lortu nuen.
Zer pentsatu zenuen azken tantoa egin zenuenean?
Aitarekin gogoratu nintzen. Hala ere, ez nuen sentitu bat-bateko eztanda bat. Emaitza estua izan balitz, halako zerbait sentituko nuen, baina ordurako nahiko bideratua nuen garaipena, eta barneratzen hasia nintzen. Gainera, errespetuz jokatu nahi nuen Juanenearekin. Hura zoriondu nahi nuen lehenbizi; lagun handia dut.
Aitari ez ezik, beste askori ere eskaini zenien txapela.
Amari, anaiari, bikotekideari... beste ordu erdirako zerrenda bat nuen prest! [barrez]. Osabak aurrekoan esan zidan jende guztiak mimoz tratatzen nauela: lankideek, Bixente Artola masajistak... Egia da, baina pentsatu nahi dut zerbaitengatik dela. Ni saiatzen naiz jendearekin ondo portatzen.
Aukeraketan esan zenuen abantaila zenuela zuk aurretik banakako finalak jokatu zenituelako, Masterseko biak. Igarri zen?
Dudarik gabe. Ez dauka zerikusirik buruz buru edo binaka aritzeak. Ni itota iritsi nintzen Masterseko lehen finalera. Bigarrenera, aldiz, askoz hobeto iritsi nintzen, eta irabazi egin nuen. Buruz burukoarena, beraz, hirugarren finala nuen bakarka. Juaneneak, aldiz, lehena zuen. Jokatzen hartzen da esperientzia. Ziur hurrengoan hobeto ariko dela.
Mastersa aipatu duzu. Horretan irabazi zenuen lehen txapela. Mugarri izan zen?
Erabat; sekulako mesedea egin zidan. Galtzen duzunean asko ikasten da, baina nire ustez, gehiago ikasten da irabazten duzunean. Ez duzu ezer ondo ulertzen irabazten duzun arte. Nik neure buruan sinesteko arrazoi eta argudioen falta nuen. Urrizaren aurka lau final galtzeak ez etsitzen lagundu zidan, baina neure buruarenganako konfiantzari erasan zion. Hori gutxi ez, eta inguruan galtzaile ospea hartzen hasia nintzen. Nik banekien ez nintzela galtzailea, baina eragin egiten zidan. Mastersa irabazita neure buruari sinetsarazi nion onenekin aritu nintekeela.
Lehen azpimarratu duzu: sasoi betean iritsi zinen finalera. Zein izan da gakoa?
Gozatu egin dut abuztuan entrenatzen. Erraz eraman dut egunerokoa. Ia egunero entrenatu naiz, baina ez nengoen nekatuta, lanean oporrak nituelako. 09:30ean altxatu, eta, hala ere, egun osoa nuen entrenatzeko edo masajistarena joateko. Lanean ari naizenean, ordea, korrika eta presaka nabil beti. Horregatik, uste dut ezin zaidala eskatu urte osoan buruz burukoan bezain ondo aritzea. Ezin dut. Abuztuan nahieran aritu naiz.
Gainera, zailena ez da iristea, eustea baizik.
Hala da, baina jendea jada hasi zait esaten lehen txapela irabazi eta gero, gehiago etorriko direla. «Buru pixka batekin, hurrengo hamar urteetan ez duzu aurkaririk», bota dit batek. Ez nago ados, inondik inora ere. Urrizak edo Altunak horrenbeste txapel irabazi badituzte, ez da izan aurkariak baino pixka bat hobeak direlako, baizik eta askoz hobeak direlako; alde handia dago batzuen eta besteen artean. Nire kasuan, ez dago horrenbestekoa, inola ere. Buru-belarri aritu naizelako irabazi dut txapela, baina urtean zehar ezin naiz horrela aritu; ez ni, ez beste erremontista ia guztiak. Saiatuko naiz urtero buruz burukoa bete-betean prestatzen, baina ezin didate eskatu urte osoan maila horretan aritzea. Ezinezkoa da.
Hau ere esango zizuten: Mastersa eta buruz burukoa irabazi eta gero, binakakoa, noizko?
Ez didate esan, baina nik neuk pentsatu dut. Oso gustura ari naiz, baita xestoarekin ere. Horregatik, gorde egingo dut, eta binakakoan atera, berriz gogor aritzeko. Ahalegina egingo dut. Ea urtea biribil dezakedan.
Garai ederra bizi duzu orain, baina duela ez horrenbeste uztekotan egon zinen, belauneko lesio larri batengatik. Nola gogoratzen duzu garai hura?
2020an izan zen, lehen konfinamendua amaitu berritan. Anaiarekin joan nintzen mendira, eta sekulako mina nuen belaunean. Bitan egina zidaten ebakuntza, baina alferrik, nahi eta ezin nenbilen. Anaiari esan nion niretzat amaitu zela erremontea. Baina plasma tratamendu bat hasi, eta izugarri hobetu nuen; horrek salbatu ninduen, baita suspertu ere. Ikusgarri aritu nintzen garai horretan; agian, orain baino hobeto. Oraindik mina dut, eta tratamenduari eusten diot; abuztu osoa pasatu dut minez entrenatzen, eta sarritan utzi behar izan diot entrenatzeari. Partidetan, berriz, tentsioak gora egiten duenez, ez dut horrenbeste nabaritu.
Txapelak ahalegin hori guztia konpentsatzen du?
Bai. 2019tik hona asko eskaini diot erremonteari. Ibiltzeagatik ibiltzen bazara, erraz eramaten da. Baina nik banekien Urrizaren eta Barrenetxearen mailara iristeko oso serio hartu behar nuela. Eta etsigarria zen oso serio hartu eta gero ez iristea. Banuen sari baten beharra, haize pixka baten premia. Dirua ere ondo etorriko zait, garestia baita plasmako tratamendua.
Zein da erremontearen egoera?
Ikusgarritasun handiagoa dugu orain; aurrerapauso galanta egin da, bestela, agian ez ginateke hemen egongo. Nik baikor izan nahi dut, baina egoera ez da ona. Oso jende gutxi ari da eskoletan, ez dago dirurik, eta enpresak nahikoa egiten du jartzen duena jarrita. Oso partida gutxi jokatzen ditugu, eta hasiberriek oso zaila dute gure mailara iristea horren gutxi jokatuta. Lehen, jaialdi asko jokatzen ziren, eta bazegoen aukera ondo ari ziren gazteak beteranoekin jartzeko. Orain, aldiz, egutegi osoa txapelketak dira, eta, ez bazara sartzen, ez duzu hobeagoekin jokatzen, eta motibazioa galtzen duzu. Goian gaudenak ondo gaude, baina behean daudenak lehen baino okerrago daude. 2015ean debutatu nuenean 90 partida jokatzen genituen urteko, eta orain 25 jokatzen dituzte. Nola ikasiko dute horrela? Zer motibazio izango dute hor irauteko? Edo nik bezala, sekulako pasioa dute, edo oso zaila da segitzea.
Imanol Ansa. Oriamendi 2010 enpresako erremontista
«Obsesioa izateari utzi diolako iritsi da txapela»
Imanol Ansa aurrelari urnietarrak lehenbiziko aldiz irabazi berri du Erremonteko Buruz Buruko Txapelketa. Aspaldiko nahia bete du hori eginda: haren aita zenari txapela eskaintzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu