Hogeita bost urteko beteranoa da Nerea Pena (Iruñea, 1990). Zortzi urte daramatza punta-puntan, 17 urterekin Itxakorekin debuta egin zuenetik. Bete-betea du garaipen zerrenda: Itxakorekin, Espainiako lau liga, hiru kopa, bi superkopa eta EHF kopa bat irabazi zituen; Ferencvarosirekin, Hungariako liga bat; eta Espainiarekin, zilarrezko domina bat Europako Txapelketan, eta brontzezko beste bat Mundukoan. Beste bat gehitu nahi du Danimarkan.
Gaur hasiko duzue lehia. Prest zaudete?
Bai. Prestaketa ona egin dugu, eta uste dut garai onean gatozela.
Norvegia, Errusia, Errumania, Kazakhstan, Puerto Rico izango dituzue aurkari ligaxkan. Lehen lauak sailkatuko dira final-zortzirenetarako. Oso-oso gaizki egin beharko zenukete ez sailkatzeko.
Oso-oso gaizki ez, zeharo desastre aritu beharko genuke final-zortzirenetarako ez sailkatzeko. Ustez, Kazakhstan eta Puerto Rico aurkari apalak dira. Ez genuke arazorik izan beharko haiei irabazteko.
Zailagoa izango da beste aurkariei irabaztea.
Bai. Norvegia egungo Europako txapelduna da, Errusiak inoizko talderik indartsuena du, eta Errumania beti da aurkari deserosoa. Oso partida zailak izango dira hirurak. Oso ondo jokatu beharko dugu puntuak ateratzeko.
Puntuak ateratzea aipatu duzu. Funtsezkoa izango da hori, multzoko sailkapenaren arabera egokituko zaizuelako final-zortzirenetarako aurkaria.
Bai, eta egoki dakizkigukeen aurkari guztiak oso indartsuak dira: Brasil egungo munduko txapelduna, Frantzia, Hego Korea eta Alemania.
Zaila da horietako baten bat aukeratzea.
Bai, egoera benetan bitxia da. Izan ere, lasai-lasai egin dezakegu guk oso lan ona gure multzoan, baina beste multzoan ustez faborito nagusia denak kale egin, eta, azkenean, hura egokitu final-zortzirenetan. Ezin gara erotu kontu horiekin. Guk gurea egin behar dugu, partida guztiak irabazi, eta etorri behar duena etorriko da.
Kazakhstanen aurka jokatuko duzue gaur. Ona izan daiteke arerio apal baten aurka hastea, eta ez Norvegiaren aurka.
Bai, eta ez. Guri, adibidez, kontrakoa pasatu izan zaigu. Norvegiari hasieran irabazi izan diogu, inoiz ez azken txanpan. Inoiz ezin duzu jakin zein den estreinarako aurkari aproposena, talde apala bat edo talde indartsu bat.
Europakoa izan da azken txapelketa, eta txapeldunorde izan zineten. Horrek, behintzat, balioko du zerbaiterako, ezta?
Jakina, konfiantza handiagoadugu geure buruarengan, erakutsi dugulako gure onena emanez gero, oso urruti irits gaitezkeela.
Europako txapeldunorde izan zen selekzioarekin alderatuta, lau aldaketa besterik ez daude.
Eta oso garrantzitsua da, erakusten baitu oinarri sendo eta on bat dagoela.
Borrokalariak; hala deitzen dizuete. Borroka eginez bakarrik ez da irabazten.
Hori oso argi dugu. Zertarako balio du borroka egiteak kalitaterik ez baduzu? Zorionez, borrokalariak gara, baina kalitatea ere badugu.
Zein da taldearen makulua?
Taktikoki oso onak garela.
Helburua, zein da? Urrea?
Bai. Txapeldun izan nahi dugu, ezinbestean. Tituluak, gainera, bi sari izango ditu batean: batetik, txapela; eta, bestetik, Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetarako sailkatzea. Eta, nik, Rio de Janeiron egon nahi dut kosta ahala kosta. Obsesioa da niretzat.
Lesio batek utzi zintuen Londresko Olinpiar Jokorik gabe.
Bai, eta kolpe itzela izan zen niretzat. Oso gaizki pasatu nuen; are gehiago, osatu eta berriro lesio larri bera izan nuenean. Zorionez, iragana da hori guztia.
Txapeldun izan gabe ere sailka zaitezkete, betiere Norvegia txapeldun bada, edo haren aurka jokatzen baduzue finala.
Bai. Gure artean diogu, zoritxarrez, bidean geratzen baldin bagara Norvegiako selekzioaren zale sutsuenak bilakatuko garela.
Eta zuk, zein helburu duzu txapelketa honetan?
Selekzio hau txapeldun izan dadin nahi dut. Hori lortuta, bost axola nik zein helburu ditudan.
Pistatik lagundu nahiko duzu, ezta?
Bai, noski, baina oso argi dut nire helburuak oso atzean daudela.
Konfiantzaz gainezka egongo zara. Ez duzu galdu oraindik sasoi honetan, ez zure taldearekin, Hungariako Ferencvarosirekin,ez Espainiako selekzioarekin.
Harrituta nago, jada makina bat partida jokatu ditudalako. Espero dut ez dadila eten bolada hori. Seinale bikaina litzateke.
Hirugarren urtea duzu Hungarian. Noiz arte etxetik urrun?
Uste dut urte dezente egingo ditudala. Toki asko ditut oraindik ezagutzeko.
Nerea Pena. Ferencvarosi Rail Cargo taldeko jokalaria
«Obsesio bat dut: txapeldun izan eta Rio de Janeiron egon»
Gaur hasiko da Munduko Txapelketa, Danimarkan. Sei euskal jokalari ariko dira Espainiarekin. Nerea Pena da horietako bat, Hungariako Ferencvarosi taldeko iruindarra. Txapeldun izan nahi du, «ezinbestean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu