Athleticek eta Alavesek Espainiako Kopako final-laurdenetan aritzea izango dute jokoan San Mamesen gaur (21:00, Movistar). Txapelketako zortzi onenen artean egotea sari ona da. Beraz, bi taldeak garaipenaren bila zelairatuko dira. Goi mailako kirolean, irabaztea da helburua nagusia; gainerako kontu guztiak bigarren mailan geratzen dira. Baina partida guztiei ez zaie era berean aurre egiten; talde guztiek dituzte lehentasunak.
Oso helburu ezberdinekin lehiatzen ari dira Kopan bizkaitarrak eta arabarrak. Zuri-gorrientzat, denboraldiko helburu nagusietako bat da. Gabarra uretaratzeko ikusten duten aukera bakarra da. Azken hamabost urteetan gertu izan dute, baina pauso batera geratu dira; bost final galdu dituzte. Hala ere, egunen batean 25. Kopa altxatzeko ametsari eusten diote. Ez dute etsitzeko asmorik. Besteak beste, inguruak ez dielako utziko. Athleticek lehentasuna du Kopa. Dena eman beharra du. «Kopa jokatzen dugun guztiok pentsa dezakegu aukera bat dela finala jokatzeko. Doakoa da pentsatzea finala joka dezakegula. Baina finala bihar da [gaur]. Ea aurrera egin dezakegun, eta oraindik ere pentsatu finala joka dezakegula. Gero eta gutxiagok pentsatuko dute hori. Ea gu garen horietako bat».
Alavesen, ordea, bestelakoak dira kontuak. Talde gisa hazi eta nabarmentzeko aukeratzat hartzen dute Kopa. Ondo lehiatu eta aurrera egiteko aukera badago, oso ondo; bidean kale eginez gero, erregulartasunaren txapelketan arreta guztia jarri, eta kito. Ez da ezer gertatzen. Taldeak jada irabaziak ditu irabazi beharreko kanporaketa guztiak, eta gaurtik aurrera lortutako guztia sari gisa hartuko du. Hori berretsi zuen atzo Luis Garcia Plaza Alaveseko entrenatzaileak.
Beraz, Athleticek dauka presioa, onerako zein txarrerako. Izan ere, irabazteko beharra ondo kudeatuz gero, lagungarria izan daiteke oso. Baina kontrakoa gerta daiteke: garaipena lortzeko premiak gainezka egitea, eta oinak lotuta jokatzea.
Bi taldeak konfiantzaz gainezka
Bi taldeak konfiantzaz gainezka zelairatuko dira. Athletic inoizko joko eta bolada onenetako baten murgilduta dabil. Lau hamarkada egin behar da atzera antzeko emaitzen berri izateko. Liga eta Kopa batuta, hamahiru partida daramatza galdu barik; ia lau hilabete dira. Tarte horretan hamar partida irabazi ditu, eta hiru berdindu. Erasoan eraginkortasun handia dauka, zelai erdian lana eta sormena, eta defentsan sekulako aurrerapausoa eman du azken partidetan. Sendotu egin da. Gainera, San Mamesen hazi egiten da. Inork ez daki noiz arte iraungo dion erregaiak, baina, gaur egun, oso talde arriskutsua da edozeinentzat. Hamar egunean jokatuko duen hirugarren derbia izango da.
Athletic sasoian dago, baina baita Alaves ere. Denboraldi honetan itzuli da gorengo mailara, baina horrek ez du kikildu. Sasoia hasi zenetik oso ondo ari da lehiatzen. Irabaztea kostatu egiten zaio, baina etxean zein kanpoan lehiakor ari da: urte hasieran jokatu dituen hiru partidak dira horren isla. Anoetan puntu bat lortu zuen, baina hirurak eskuratzear egon zen. Ondoren, Betis eta Sevilla menderatu ditu, hurrenez hurren: Betis, Kopan, eta Sevilla, Ligan. Meritu handia du horrek. Taldea bizi-bizirik dagoela erakusten duten lorpenak dira. Garcia Plazak izenen gainetik dagoen talde bat osatu du, eta gaur ere estu hartu nahiko du Athletic.
«Orain arte, ilusioa, lehiatzea eta barruan dugun guztia ematea izan da gure kopa. Ez dugu inolako ardurarik partida irabazteko, baina ilusio eta konpromiso handia dugu. Haiek dira faborito, baina Alaves bete-betean ariko da. Orain arte jokatzen ari garen nortasun berarekin jokatu behar dugu», esan zuen Alaveseko teknikariak.
Hamaikakoei dagokienez, hasieratik jokatzen dutenen eta gutxiago jokatzen ari diren futbolarien arteko nahasketa espero da bi taldeetan. Alaveseko entrenatzaileak azaldu zuen gutxiago jokatzen dutenen alde egingo duela. Valverdek, berriz, azpimarratu zuen zelairatzen duen taldea zelairatzen duela, «lehiakorra» izango dela.
Harmailetan ere giro ona egongo da. Athleticeko jarraitzaileak ez dio inoiz Kopari bizkarra ematen.