Oasi bat basamortuan

Orain lau urte Realaren lehen taldera iritsi zenetik, Antoine Griezmann orain ari da ondoena jokatzen: zortzi gol sartuak ditu jadanik ligan. Hura ari da talde txuri-urdinean gehien nabarmentzen.

jon eskudero
Donostia
2013ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Iragan sasoian lorturiko zenbakiak hobetzea da denboraldi honetarako nire helburu nagusia». Antoine Griezmannek sasoi-aurrean esandako hitzak dira. Egiari zor, frantziarrak ez zion edonolako erronka jarri bere buruari. Izan ere, baleko sasoia osatu zuen Philippe Montanierren aginduetara: 34 partida jokatu zituen, eta hamar gol sartu. Horrez gain, gorabehera handirik gabe aritu zen. Ordea, ongi zekien Griezmannek zer esaten zuen. Oso ongi ere. Ligan hamahiru jardunaldi igarota, zortzi gol baitaramatza dagoeneko, eta lehia handietan ondo ari den bakarrenetakoa da. Bakarra ez bada. Bikain ari da jokatzen, buruan Reala besterik ez duela dirudi, eta, 22 urte soilik izanagatik, beterano baten rola hartu eta taldearen erantzukizuna bizkar gainean darama.

Realaren ingurua pozik dago frantziarraren jardunarekin. Oso pozik. Ahaztuta daude jada orain dela bi urte egin zituen adierazpenak. Orduan, Atletico Madril taldean aritzeak «ilusioa» egingo ziola aitortu zuen. Horrek sua eragin zuen zuzendaritzaren eta zaleen artean. Anoetan txistu hotsak ere entzun zituen behin baino gehiagotan, eta, ondorioz, barkamen eta damuak azaldu behar izan zituen prentsaurreko batean. Antza denez, ongi ikasi zuen lezioa, eta sasoi honetan sekula baino zentratuago ari da. Jagoba Arrasatek konfiantza osoa du harengan, eta partida batean salbu, beste denetan hasieratik aritu da. Marka guztiak hausteko bidean da, gainera: zortzi gol sartu ditu jada ligan. Soilik Cristiano Ronaldok (hamasei) eta Diego Costak (hamabi) sartu dituzte Griezmannek baino gehiago.

Realak joan den larunbatean Santiago Bernabeun jokatutako partida kaskarrak hauts dezente harrotu ditu: jokalariek jarrera falta erakutsi zutela, behar beste lehiatu gabe aritu zirela... Ordea, Griezmannen lana guztiek goraipatu dute. Bai zaleek, bai taldekideek, bai hedabideek. Eta ez da gutxiagorako. Izan ere, halako norgehiagoka batek eskatzen duen maila eman zuen bakarra frantziarra izan zen. Real Madrileko defentsaren lana oztopatu zuen etengabe, eta gola ere sartu zuen, Diego Lopezen aurrean baloia maisuki loratuta. Hala, aurrelariak bost jardunaldi daramatza jarraian gola sartuz. Darko Kovacevicek 2002an jarritako marka berdindu du, beraz. Realean marka John Aldridge irlandarrak dauka jarria: sei jardunaldiz segidan zulatu zuen aurkarien atea 1989an.

Deschampsek kontuan du

Sasoiko dago Griezmann. Konfiantzaz beterik. Eta abiadura eta ezker hankan daukan magia baliatuta, edozer gauza egiteko gai dela erakutsi du. Datu bat: ligan 36 erremate egin ditu guztira, eta horietatik 28 ezker hankarekin izan dira, zazpi buruz eta soilik bakarra eskuin hankarekin. Zortzi goletatik bost ezker hankarekin sartu ditu, eta gainerako hirurak, buruz. Zenbakiei erreparatzea aski da frantziarraren ezker hankaren balioaz jabetzeko.

Hain zuzen ere, jokalariaren dohainen jabe da Frantziako selekzioko hautatzaile Didier Deschamps baionarrak. Herenegun aitortu zuenez, gertutik aztertzen ari da Griezmann, «joko ikaragarri ona» egiten ari delako. Haren esanetan, Frantziako selekzioarekin aritzeko aukera badu txuri-urdinak. Hori bai, urtarriletik aurrera beharko du izan.2012ko urrian 21 urtez azpiko selekzioarekin zegoela, gauez irten zen Parisen hainbat taldekiderekin batera, eta Frantziako Futbol Federazioak hamalau hilabeteko zigorra jarri zion.

Urtez urte hazten ari den jokalaria da Griezmann, eta Jokin Aperribai Realeko presidenteak ez du erraza izango kate motzean lotzea. 2015eko ekainaren 30ean amaituko zaio kontratua, baina, horrela jarraituz gero, zaila izango da ordura arte Realean aritzea. Talde handi batek baino gehiagok du azpimarratuta haren izena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.