Onena da. Gaur egun bai behintzat. Novak Djokovic Nole-k definitiboki hautsi du Roger Federer eta Rafa Nadalen arteko dikotomia. Alternatiba zena dominatzaile da orain. Aurkari kutunen mailak behera egin duen honetan, bera hazi da, eta bien markak hobetzea du orain helburu. Adina, ibilbidea eta sasoiari erreparatuta, Nadal harrapatu, eta pasa dezake. Gehiago kostako zaio Federerrekin.
Rod Laver Arenako (Melbourne, Australia) pistari musu eman zion herenegun Djokovicek. Ohiko du, Wimbledonen irabazi duen aldiro belar eskukada bat irentsi izan duen bezala. Badago uste duenik Roland Garrosen ez duela inoiz irabazi lurrik ez irenstearren. Australiako Irekikopista nagusi urdinarekin, baina, harreman berezia du, sei aldiz irabazi baitu han. Seiak azken zazpi urteetan, eta pista hori da, nolabait, Djokovicenagintearen ikurra.
Haren hobekuntza loraldia baino gehiago da, dagoeneko udaberri osoa baita. Zenbakiak argigarriak dira: Grand Slameko azken 22 torneoetatik —2010eko AEBetako irekiaz geroztik— hamazazpitan finalera iritsi da, eta hamar irabazi ditu. Azken zortziak kontuan hartuz gero, aldiz, zazpitan iritsi da finalera eta bost irabazi ditu. Iaz lauak jokatu zituen, Roland Garros ez besteak irabaziz. Mosketarien Kopa altxatu izan balu, 1969az geroztik Grand Slama osatzen duen gizonezko lehen tenislaria litzateke. Bere ibilbide osoan hemeretzi final jokatu ditu, eta 11 torneo irabazi. Azken urteetako uzta, dena den, ez da hor bukatzen, Maisuen azken lau torneoak irabazi baititu.
Djokovic 2003an agertu zen zirkuituan. Serbiarra jaiotzez, berehala zabaldu zen Balkanetako Gerra garaian igerileku huts batean entrenatzen zela bere auzoko zoru lau bakarra zelako. 2010era arte Grand Slam bakarra irabazi zuen, eta une beroetan kale egitearen ospea hartu zuen. Umoretsua da pistatik kanpo, zaleei gertukoa zaie, eta horregatik egozten zioten buru hotzik ez zuela. Bere bolada goxoa 2010ean hasi zuen, zeliakoa zela jakin eta gutxira. Dieta aldatu zuen glutena alboratzeko. Akabo ogia, pasta eta esnekiak. Haren urdailak eskertu zuen, eta haren jokoak ere bai.
Djokovicen ibilbidea ezin da aztertu Federer eta Nadalenarekin alderatu gabe. Hirurak agertuko dira tenisaren historia liburu potoloan. Djokovic Federer baino sei urte gazteagoa da, eta Nadalek baino urte bat gutxiago du. Azken hori baino hobeto zahartzen ari da, dena den, hark ez bezala ez baitu arazo fisiko larririk. Argigarria da behintzat euren arteko azken hamar partidetako estatistika, bederatzi Djokovicek irabazi baititu. 47 aldiz jokatu dute guztira elkarren aurka eta 24 Djokovicek irabazi ditu.
Djokovic egun Bjorn Borg eta Rod Laverrekin berdinduta dago Grand Slamen zerrendan, 11na dituzte. Roy Emersonek hamabi irabazi zituen, eta hurrengoak zerrendan Pete Sampras eta Nadal dira, 14narekin. Nadalek Djokovicek egun duen adinarekin (28 urte eta zortzi hilabete) serbiarrak baino zenbaki hobeak zituen: 20 final eta hamalau Grand Slam irabaziak. Horri olinpiar urrea gehitu beharko litzaioke. Adinean ez dute alde handirik baina Djokovicen sasoia eta inertzia ikusita, kataluniarraren palmaresa berdindu dezakeela pentsatzea ez da erokeria.
Zailago izango du Federer harrapatzen. Izan ere, suitzarrak Grand Slameko hamazazpi torneo irabazi ditu guztira, eta 27 final jokatu. Hura izan zen Djokovicen aurka partida bat irabazi zuen azkenekoa, iazko Masters torneoan. 45 aldiz jokatu dute elkarren aurka, eta Djokovicek 23 irabazi ditu. Zer nolako palmaresa zuen Federerrek Djokovicek egun duen adinarekin? Hobea: hemezortzi final eta hamahiru titulu.
Eta atzetik? Nor ageri da? Gertuen Andy Murray du gaur egun. Hari irabazi zion herenegun Australiako Irekiko finalean. Eskoziarrak Grand Slameko bi titulu eta zazpi final ditu, baita urrezko eta zilarrezko olinpiar domina bana ere. 31 aldiz jokatu dute elkarren aurka eta Djokovicek 22 irabazi ditu. Murrayk serbiarraren titulu bildumara gerturatzea ia ezinezkoa du, dena den, hura baino astebete zaharragoa baita.
Novak Djokovic Mitoen ehizan
Seigarrenez irabazi du Australiako Irekia, eta Grand Slameko 11 titulu ditu guztira. Rod Laverrek baino bat gutxiago du, eta Pete Sampras eta Rafa Nadalek baino hiru gutxiago. Zailagoa dirudi Roger Federer harrapatzea: hamazazpi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu