Nortasunari eusten jarraitzeko

Ivanovicek Baskonian jarraituko du beste urtebetez. Erakundeen aitortza jaso du taldeak

Erakundeek harrera egin zioten taldeari atzo, Gasteizen. Ateak itxita egin zuten ekitaldia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2020ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Dusko Ivanovicentzat garrantzitsuagoa izan da Baskoniak berezko duen eta taldearen ezaugarri nagusi den nortasuna berreskuratzea, ACB liga bera irabaztea baino. «Iritsi nintzenean, bi partida galdu genituen 30 punturen aldearekin. Baina min handiagoa eman zidan klubetik gogoratzen nuen espiritu lehiakorra ez ikusteak. Gaur, ezertaz harro banago, taldearen nortasuna berreskuratu izanaz nago harro. Lehiatzen zarenean, baloia sar daiteke edo ez, partida irabaz dezakezu edo ez, baina beti geratu behar zaigu gurea den hori». Hala aitortu zuen entrenatzaileak atzo, garaipena ospatzeko egindako ekitaldian. Haren eskutik suspertu zen taldea urtearen hasieran, eta haren eskutik lortu du laugarrenenez ligako txapeldun izatea. Izaera lehiakorrak gidatu dio Baskoniari loriarako bidean, eta aurrerantzean ere nortasunari eutsi nahi dio. Bada, iparrorratz bera izango du datorren denboraldian ere: Ivanovicek beste urtebetez jarraituko baitu Gasteizen.

Erakundeen aitortza jaso zuen taldeak atzo, eta hura amaitu berritan iritsi zen albistea. ACB liga irabazi aurretik bi aldeen arteko adostasuna gertu zegoen, baina behin titulua lortuta itxi dute akordioa. Ivanovicek hirugarren aroa du Baskonia zuzentzen: iragan abenduaren 24an ailegatu zen azkenengoz, Velimir Perasovicen lekua hartzeko. Taldea ezinean zebilen bai Euroligan bai ACB ligan. Hasiera batean kosta egin zitzaion egoerari neurria hartzea, baina koronabirusaren pandemiak eragindako etena baliatu du taldearen adore eta izaera lehiakorra berreskuratzeko. Eta ligako txapeldun egin du beste behin; hirugarrena du Baskoniarekin.

Duela hamar urte ere haren eskutik lortu zuen ACB liga irabaztea Gasteizko taldeak. Euroliga eta ACB liga artean 613 partidetan zuzendu du Baskonia Ivanovicek, 412 garaipen lortuz. 2001. urtean iritsi zen lehen aldiz Gasteizera, eta bost denboralditan ACB liga bat eta bi Espainiako Kopa irabazi zituen. Bigarren aroa 2008. urtean hasi zuen, eta 2013an amaitu. Tarte horretan, liga bat eta Kopa bat irabazi zituen.

Ez da berritze bakarra, halere. Josean Kerejeta presidenteak iragarri baitzuen Ilimane Diopek eretaldean jarraituko duela datorren sasoian; baita Sedekerskis, Raieste eta Kurucs gazteek ere. Zalantza gehiago ditu Luca Vildozak, ordea. Argentinarra talde handien ahotan dabilela iragarri baitzuen haren ordezkariak. Oraingoz ezer argirik ez badago ere, Baskoniarekin negoziatzeko prest azaldu da. Bestalde, litekeena da Tornike Xengelia kapitainak eta Shavon Shieldesek ere taldea uztea.

«Koronabirusaren liga»

Duela hamar urte 30.000 lagun inguru bildu ziren Andre Maria Zuriaren plazan liga garaipena ospatzeko. Gutxitan ikusten da plaza horrela, eta aurten ere hala beharko luke, baina, koronabirusaren ondorioz, ospakizun xume batekin konformatu behar izan du taldeak. Izurritearen eraginez moldatutako liga txapelketa berezia irabazi baitu taldeak, eta ospakizunak ere halakoxeak izaten ari dira. «Garaipen berezia izan da, oraingo egoera bezalaxekoa», esan zuen Kerejetak. Ateak itxita egin zuten ekitaldia Buesa Arenan, jendea ez pilatzeko. Xumea bezain hotza izan zen.

Erakundeetako ordezkariek harrera egin zieten jokalariei eta ordezkariei. Bertan izan ziren Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakaria, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea. Garaikur bana jaso zuten presidentearen eskutik, eskertza moduan.«Koronabirusaren ligaren txapeldun izango gara betirako, eta hala gogoratuko gaituzte», adierazi zuen Kerejetak. Presidenteak berak aitortu zuen«urte zaila» izan dela taldearentzat. «Ametsa bera baino ederragoa izan daiteke errealitatea, ordea», erantsi zuen.

Naia Najera Iglesias haurrak ordezkatu zituen zaleak. Hark jaso zuen zaleei eskainitako garaikurra. Xengeliak ere haiei eskaini zien garaipena, eta eskerrak eman zizkion entrenatzaileari: «Inoiz ez diogu lehiatzeari utzi. Baina Duskori esker berreskuratu dugu nortasun lehiakorra. Liga irabaztea posible zela sinetsarazi zigun berriz ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.