Aritz Elustondo. Realeko jokalaria

«Nortasuna atera beharko dugu, lehia guztiak irabazi eta pazientziaz jokatu»

Partida bakoitzari berebiziko garrantzia ematen dio Aritz Elustondok, eta urteari kalifikazioa sasoi amaieran jartzearen aldekoa da. Reala bide onean doala dio, eta, Athletici irabazita, aurrerapauso bat eman nahi du, goiko postuen bila joateko.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
Donostia
2019ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Azken partidak utzitako zapore garratza alboratzeko irrikan dago Aritz Elustondo (Beasain, Gipuzkoa, 1994). Horretarako aukera ona da Athleticen aurkako derbia; dagoeneko zenbait bider jokatu du zuri-gorrien aurka, eta bere taldeak partida irabazteko dituen aukeretan sinesten du. Europako postuetara gerturatzeko baliatu nahi du garaipena.

Azken partidan berdindu egin zenuten, Huescaren aurka. Nola ikusi zenuen aulkitik?

Zaila da atzean sartzen den talde baten aurka aukerak sortu eta gola sartzea. Horrela jokatzen duten taldeak horretantxe saiatzen dira, haien aukera parea aprobetxatzen, eta, bestela, ahalik eta aukera gutxien uzten. Kosta egin zitzaigula ikusi nuen aulkitik; bai aukerak egitea eta bai baloiari abiadura ematea. Egia esan, presaka ibili ginen batzuetan. Buelta pare bat egin aurretik azken pasea lortzera joan ginen, eta, agian, horrek eragin zuen neurketa azkenean berdinketan amaitzea.

Zelaian gehiago izan arren, ezin izan zenuten aurkariaren horma eraitsi. Horri buruzko hausnarketarik egin duzue?

Bai, egin dugu gure hausnarketa, eta bideoetan ere ikusi dugu Imanolek [Alguacil, entrenatzailea] eskatzen diguna. Logikoki, partida irabaztekoa zen, baina haiek ere beren armak dituzte, eta bagenekin zaila izango zela. Berdintzeagatik triste geratu ginen, baina uste dut taldea saiatu zela une oro aukerak sortu eta gola sartzen, baina ezin izan zen.

Atzealdean ixten diren taldeen aurka arazoak dituzue?

Beti izaten da zaila horrelako taldeen aurka aritzea. Atzean sartzen direnean, aukerak sortzea zaildu egiten da, eta uste dut haiek horretara etorri zirela; atzean eutsi eta haien aukerak aprobetxatzera.

Sailkapeneko goiko postuei begira jartzeko aukera on bat galdu zenutela iruditzen zaizu?

Tira, berdindu egin genuen, ez genuen galdu, eta puntu bat gehiago dugu. Egia da hor goian kokatzeko aukera genuela, gertu gaudelako, eta asteburu honetan ere beste aukera bat dugu gora begira jartzeko, Athletici irabazita.

Partida amaieran Imanolek aipatu zuen kontuan hartzekoa dela etxean nola doan sasoia. Derbia hori iraultzeko aukera egokia izan daiteke?

Bai. Halere, uste dut pazientzia pixka bat ere beharrezkoa dela. Imanolek eskatzen dizkigun gauzak zelaian islatu behar ditugu oraindik. Hilabete bakarra darama, eta gauza horiek sinetsi eta zelaira eramatea falta zaigu. Ondo ari gara, Imanolekin ez dugu partidarik galdu, eta lanean jarraitu behar dugu. Bihar azterketa oso polita daukagu, eta saiatuko gara hiru puntuak lortu eta zaleei poztasun bat ematen.

Zeintzuk dira Imanolek zelaian islatzeko eskatzen dizkizuen gauza horiek?

Asko gustatzen zaio hasieratik bizi ateratzea, baloia atzetik ateratzea, eta hegaletan pertsona bana dagoela, baloiak barrutik kanpora egin eta aukerak sortzen saiatzea. Horrez gain, baliabide gehiago ere baditugu; atzetik baloia gora bota eta espaziora korrika joatea, horretarako jokalariak ere baditugulako. Denetarik pixka bat, eta uste dut jokaldi horiek txandakatu behar ditugula.

Derbiaren atarian gaude. Nabari da aldagelan?

Bai. Beti gaude gogotsu berdindu osteko hurrengo partida iristeko, eta zaleei poztasun bat emateko. Derbi bat bizitzea beti izaten da polita, eta, egia esatera, gogo handiz gaude. Beste partida bat da, eta etxean hiru puntu eskuratu nahi ditugu.

Athleticen aurka jokatu duzuen azken bi aldietan 3-1 irabazi duzue. Neurria hartzen ari zarete?

Tira, egia da sasoi honetan ez geundela bolada on batean, eta Bilbora joan eta partida oso ona egin genuen 1-3 irabazita. Gogo handiz joan ginen; irabazteko aukera genuela mentalizatuta joan ginen, eta lortu genuen. Aste honetan ere berdin. Prest gaude zelaira atera, gauzak ahalik eta ondoen egin eta hiru puntuak lortzeko.

Athleticek gora egin du Gaizka Garitano entrenatzaile denetik. Zein arrisku ikusten dizkiozu?

Athletici ondo etorri zaio entrenatzaile aldaketa, baina uste dut gu gai garela irabazteko. Ez dugu inongo beldurrik; egia da talde ona dela, baina aste barruan prestatu eta saiatuko gara ahalik eta ondoen iristen eta garaipena etxean uzten.

Zein uste duzu dela ezinbesteko osagaia derbia irabazteko?

Nortasuna atera beharko dugu, lehia guztietan irabazle izan, eta, gero, baloiarekin pazientziaz aritu, lasai egon, eta baloiak oinetan ez gaitzala erre. Ahalik eta aukera gehien sortu beharko ditugu aurkariaren arean, eta haiei erraztasun gutxi utzi.

Nortasuna aipatu duzu, eta zuk baduzu hortik. Halako partidetan lagungarria da?

Partida guztietan da lagungarria. Lehendabiziko hiru edo lau jokaldietan irabazle ateratzeak partidan haztea eragiten dizu, eta beharrezkoa da. Uste dut nortasuna garrantzitsua dela, eta talde honek sobera du hori.

Beraz, ezinbestekoa da partidari ondo ekitea?

Bai, bai. Huescaren eta Rayoren aurkako partidak kenduta, gainontzekoetan oso ondo atera gara zelaira. Horrek ahalbidetu digu lehen minutuetan golak sartzea, eta lagundu egiten du. Gola sartzean hazi egiten da taldea; gehiago sinesten dugu, eta garrantzitsua izango da hori. Lehen esan dudan moduan, lehendabiziko jokaldietan irabazle atera behar dugu.

Aurkaria ondo ezagutzeak lana errazten du?

Lana beti izaten da zaila. Nahiz eta derbia izan, besteak ere zailak izaten dira.

Zubietako zigilua duten zenbait jokalari daude Athleticen; han aritzeko aukerarik izan duzu zuk?

Ez, ez. Nik ez dut inoiz aukera hori izan, eta hemen oso gustura nago. Beti esan izan dut: Reala nire bizitzako taldea da, txiki-txikitatik nuen ametsa egia bihurtzea lortu dut, eta oso harro nago Realeko partaide izateaz. Lehen, zalea nintzen, eta, orain, jokalaria eta zalea.

Urtea hasi denetik ez duzue partidarik galdu. Europan sartzea da zuen helburua?

Bai, beti izan da. Uste dut Realak, aspalditik, hori duela denboraldi hasierako helburua, eta gukikusten dugu gai garela. Egia da lehen itzulia ez dela hain ona izan, baina liga oso estu dago. Bai behealdeko postuak eta bai Europakoak gertu daude, eta horretaz jakitun gara: partidaz partida joan, eta ahalik eta puntu gehien eskuratu. Sasoi amaieran ikusiko dugu ea azterketa gainditu dugun.

Erregulartasuna garrantzitsua da horretarako.

Bai, noski. Nik uste dut ezinbestekoa dela hori. Gehienbat Anoetako partidak dira garrantzitsuak horretarako, eta etxetik kanpo ahalik eta gauzarik positiboenak lortzen saiatu behar dugu. Uste dut Anoetak izan behar duela gure erregulartasunaren gakoa, eta horretan saiatu behar dugu. Lehen itzulia ez da batere ona izan Anoetan, eta seguru nago bigarrena hobea izango dela.

Goiko postuetara gerturatzeko mugarri izan daiteke biharko norgehiagoka?

Bai, izan daiteke, baina lehen esan bezala, postuak nahiko estu daude, eta asko geratzen da oraindik. Halere, egia da partida jakin batzuetan bi puntu irabazteari utzi diogula, eta pena da. Azken finean, ikusten duzu Europarako sailkatzeko postuak gertu daudela, eta egia da gako izan daitezkeen momentu batzuetan ez ditugula hiru puntuak eskuratu. Horrek kezkatzen gaitu, baina ez horrenbeste; postu horiek gertu gaude, eta badakigu haiek lortzeko gai garela.

Espainiako Kopatik kaleratu izanak helburuak berriz ezartzera behartu zaituztete?

Ilusio handia genuen. Uste dut azken hamar minutuetan gola sartzea falta izan zitzaigula Sevillan [Espainia]. Haiek nekatuta zeuden, eta guk aukera batzuk izan genituen. Horrek, agian, kalte egin zigun itzulerako partidan: 0-0 eginda, hemen 2-1 jarri ginenean bagenekien gol bat sartzen bazuten haiek igaroko zirela, eta hala izan zen. Taldeak harro egoteko moduko partida bat jokatu zuen arren, pena handia izan zen Kopatik kanporatuta geratu izana.

Sasoi honetan Joseba Zalduarekin duzu lehia. Seinale ona da hori?

Bai, oso garrantzitsua da. Inongo momentuan ez erlaxatzeko, eta ez sentitzeko bestea baino hobeto zaudenik. Ona izaten da gauzak zail jartzea bai elkarri eta bai entrenatzaileei. Nik zorte pixka bat badut, bi postutan joka dezakedalako, baina entrenamendu guztietan saiatzen naiz entrenatzaileari gauzak zail jartzen, eta, behin hori eginda, haren erabakia da nork jokatuko duen.

Atzeko lerroko zein postutan sentitzen zara erosoago, erdian ala eskuin hegalean?

Beti gauza bera galdetzen didate. Niri zelaian egotea iruditzen zait erosoena. Eroso sentitzen naiz bai eskuin hegalean eta bai erdian; eta zelaira gauzak ahalik eta ondoen egitera irteten naiz, taldeari laguntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.