Koronabirusa. Itxialdiaren itzalean (X). Kirolean izan duen eragina.

Normaltasunaren erdibidean

Oraindik ere pandemiaren eragina jasaten ari dira kirolariak eta klubak. Zalerik gabe jokatzeak murriztu egin ditu haien diru sarrerak eta lehian ari direnean jasotzen dituzten animoak. Baina ari dira egokitzen eta pixkanaka aurrera egiten.

Zalerik gabe. San Mameseko harmailak hutsik, Athleticek eta Betisek jokatutako ligako partidan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2021eko martxoaren 24a
00:00
Entzun

Kirolean ere dena eten zuen duela urtebete COVID-19ak. Lehen konfinamendua igarota, tantaka itzuli zen lehia. Baina, noski, pandemiak baldintzatuta. Oraindik ere hala segitzen du. Lehiaketa gehienak zalerik gabe jokatzen ari dira, eta klubek eta kirolariek egokitu egin behar izan dute pandemiak utzitako ondorio ekonomikoetara. Emakumeen kirolaren ikusgarritasunean ere eten txiki bat gertatu da.

«Pandemiak agerian utzi du pilotaren benetako errealitatea»
Iñaki Artola Baikoko pilotaria

Itxialdia, COVID-19a pasatzea, greba, lesioak... Hori dena bizitzea egokitu zaio urtebete honetan Iñaki Artola Baikoko pilotariari. Halere, uste du kirol ikuspegitik «pribilegiatu batzuk» izan direla. «Itxialdia pasatuta, nahiko denbora gutxi eman genuen geldirik. Udan, Mastersa jokatu ahal izan genuen, eta, ondoren, txapelketa ofizialei berrekin zitzaien. Alde horretatik, zortedunak izan gara».

Aldaketa nagusietakoa zalerik gabe jokatzea izan da: «Baina horretara ere egokitu gara». Zein eragin izan du horrek? Bada, Artolak ez daki erantzuten. «Nik uste dut baduela, baina ez dakit zertan. Zaleekin edo ez, gure helburua beti berdina da: irabaztea». Zalerik ez egoteak ekarri duen aldaketaren bat aipatzekotan, ondorengoa izan da: «Beharbada, partidak motzagoak egiten dira. Izan ere, tantoen arteko etenaldiak zaleekin luzeagoak dira. Baina kirolari batek baldintza guztietara egokitu behar du». Moldatu behar izan duten errealitate horren beste parte bat da ezin dituztela elkarrekin nahi beste entrenamendu egin. «Zaildu egin da. Lehen, astean zehar nahi adina egiten genituen; orain, berriz, bakarra egiten dugu enpresarekin astean, eta beti laukote berarekin».

Herrietako jaiei lotuta izaten ziren partidak dira pandemiaren erruz pilotariek galdu duten erakusleihoetako bat. «Egia esan, antzematen da haien falta, jokatzeko oso politak baitira: ez duzu hainbeste presio, giroa ederra da... Beste zerbait ematen digute».

Hortik harago, Artolak uste du pandemiak agerian utzi duela pilotaren egoera. «Askotan esaten da pilota osasuntsu dagoela. Baina barrutik bizi dugunok ez dugu horrela bizi. Oso profesional gutxi gaude, eta harrobikoek ere gero eta bide zailagoa dute gora iristeko. Pandemiaren errealitateak agerian utzi du hori». Telebistari esker pilota profesionalak aurrera egin duela nabarmendu du. «Baina kezka afizionatuen egoerak sortzen du. Gero eta txapelketa gutxiago antolatzen dira, eta maila horretan pilotari asko daude lana eta kirola uztartu dutenak. Egoera ikusita, utzi egin dute askok. Eskoletan ere dezente eten da jarduna».

Enpresen diru sarrerak gutxitu egin dira, eta pilotariek bestelako lan baldintza batzuk negoziatu behar izan dituzte. Hala, testuinguru horretan gertatu zen Baikoko pilotarien greba. «Gaixotasuna pasatzearekin batera, urtebete honetako gauzarik gogorrena izan zen niretzat». Argi du pandemiaren ondorioetatik harago joan zen zerbait izan zela. «Aspalditik zetorren kontua zen. Pandemiak lehertu besterik ez zuen egin. Beharrezkoa ikusten genuen halako zerbait egitea, eta balorazioa eta emaitza positiboak izan ziren, adostutakoa betetzen ari baita. Batuago ere irten gara pilotari multzoa. Baina aste gogorrak izan ziren, haserre eta gorabehera asko izan zirelako; eta gure mundua txikia da». Izan ziren greba hori ulertu ez zutenak. «Soldata jaitsieraren kontrako greba bat zela pentsatu zuten batek baino gehiagok, baina ez zen horrela, gerora ikusi zen bezala. Kontratua berritu ez zieten pilotarien gaia hor zegoen, entrenamenduen baldintzena... Agian, ez genuen hori komunikatzen asmatu».

Pertsonalki urtebete honek izan duen eraginari ere erreparatu dio Artolak. «Belaunaldi bat izan gara dena nahiko erraz izan duguna, eta pentsatu izan dugunak beti horrela izango zela. Honek, berriz, hankak lurrean jartzera eraman gaitu. Erakutsi digu oso hauskorrak garela, eta etorkizunean ere gerta daitezkeela halakoak».

«Zail ikusten dut denboraldi honetan Zubietara bueltatzea»
Iñigo Rodriguez Z7 taldeko kidea

Zale taldeei nabarmen aldatu die pandemiak jarduna, ezin baitira euren talde kutuna ikustera edo animatzera joan. Ez, behintzat, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Hala gertatu zaio Realaren neskei babesa emateko sortutako Z7 taldeari. Iñigo Rodriguez bertako kide da. «Gu zelaian egoteko jaio ginen. Azken batean, pandemiak gure izateko arrazoia, funtsa, lapurtu edo bahitu digu. Une oso garrantzitsu batean, gainera, emakumeen futbolaren ikusgarritasuna nahiz hura ikustera bertaratzen zen zale kopurua hazten ari zenean, eta profesional izateko bidean urratsak egiten ari zirenean. Nabarmenak ziren urratsak, eta gerta liteke eten bat egotea. Hori dela eta, emakumeen futbolaren inguruan gaudenak lanean ari gara ikusgarritasun horri eusteko, beste bide batzuetatik bada ere».

Ez du ulertzen zergatik edukiera mugatuarekin zaleak ezin diren Zubietara bertaratu. Are gehiago kultur jarduerak egiten direla kontuan hartuta. «Oso ondo iruditzen zaigu kultur jarduera horiek egitea. Argi dugu kultura ziurra dela. Hori dela eta, uste dugu baldintza berdinekin posible izan beharko lukeela zaleak harmailetan egotea. Ez dugu ondo ulertzen zergatik ez den posible. Are gehiago Zubietan, leku ireki bat da eta. Kutsatzeko arriskua txikiagoa da». Gainera, gogorarazi du beste leku batzuetan posible dela. Horren adibide jarri du Realak Zubietatik urrun jokatu zuen azken partida. Tenerifen izan zen, Granadillaren kontra, eta zaleak egon ziren. «Realaren aurkari zuzena da Txapeldunen ligarako sailkatzeko borrokan, eta zaleekin jokatzea beti da abantaila bat. Erkidego bakoitzak bere egoera eta neurriak ditu, baina zaila da ulertzen desberdintasun horiek. Ez dira bidezkoak, eta ez diogu zentzurik ikusten». Klubarekin harremana dute, eta azaldu diote beren kezka eta kexa. «Baina haiek esaten digute osasun agintarien neurrien menpe daudela. Beste klub gehienetan ere antzekoa gertatzen da. Alde horretatik, iruditzen zaigu, beharbada, ez dutela nahi beste egiten egoera iraultzeko. Beharrezkoa ikusten dugu klubak zaleon atxikimenduari eusteko lanean segitzea».

Hala, urritik Zubietara joan gabe daude, Levanteren aurkako partidatik. Euren pankarta bat baino ez dago Zubietan. «Orduan erakutsi genuen neurriak hartuta posible zela». Futbola oso modu desberdinean bizi dute orain. «Kontuan izan, gainera, gizonezkoen futbolean ez bezala, emakumeen futboleko partida guztiak ez dituztela zuzenean ematen. Azken unera arte, gainera, sarritan ez dugu jakiten zein neurketa emango dituzten telebistaz. Sare sozialen bidez jarraitu behar izaten dugu horien inguruko informazioa. Arraro egiten da, eta zaila da gauzak planifikatzea. Etsipen edo sumindura puntu bat sortzen digu egoerak. Izan ere, asmo asko genituen. Baina gogotsu gaude egoera hau behingoz gainditu eta horiei berriro ekiteko». Egun 36 kidek osatzen dute zale taldea. «Whatsapp bidez hitz egiten dugu, eta partidak telebistaz ematen dituztenean, segurtasun neurriak betez, batu egiten gara multzo txiki bat. Gutxi gara, eta horrek errazten du».

Emakumeen futbolaren ezaugarrietako bat da zaleek jokalariekin duten gertutasuna, eta hori ere galdu da neurri batean pandemiaren erruz. «Lehen, batez ere partiden ostean, haiekin egoteko aukera genuen. Partidak komentatzen genituen, umeek sinadura lortzen zituzten, argazkiak atera... Guztiontzat oso berezia zen harreman hori, eta haren falta sumatzen da. Jokalariek maiz adierazi digute hori. Adibidez, argazkia atera zuten gure pankartaren aurrean. Ilusio handia egin zigun, Zail ikusten du denboraldi honetan berriro ere Zubietara bueltatzea. «Orain arte aurrerapauso bat eman ez badute, zaila iruditzen zait orain egitea».

«Zuhurtziaz ari gara osatzen datorren denboraldiko taldea»
Tati Garmendia Bera Berako kirol zuzendaria

Duela urtebeteko itxialdia sasoi honetako taldea lotua zuela harrapatu zuen Tati Garmendia Bera Berako kirol zuzendaria. Horrek lasaitasuna ematen zion, baina ezinegon puntu bat ere bazuen, ekonomikoki egindako aurreikuspenak hankaz gora jarri zituelako pandemiak. Aurten merkatua «mantsoago» mugitzen ari dela nabarmendu du. «Geroago hasi gara datorren sasoirako taldea osatzen, eta zuhurtzia handiarekin. Ez gu bakarrik, baita gainerako taldeak ere. Pixkanaka ari gara dena lotzen. Informazio batzuk baditugu jada, eta horren arabera ari gara mugitzen. Baina gauza batzuk oraindik falta zaizkigu. Ez da erraza izango talde osoari eustea». Batez ere hainbat babesleren erantzunaren zain daude. «Haiek ere egoera zailak ari dira pasatzen, eta ikusteke dago ere erakundeen jokabidea zein den. Egoera zailena orain datorkigu. Denen beharra daukagu, diru iturri asko itxi edo mugatu egin zaizkigulako: besteak beste, zaleen faltaren ondorioz: sarrerena, antolatzen genituen zozketena, tabernarena...». Espero ez zituzten gastu batzuk ere sortu zaizkie. «Azkenean Kopako zortziko finala ez denez Donostian jokatuko, kanporaketa aurreko bat jokatu behar dugu, eta, ondo bidean, gero Kanarietan azken fasea jokatu. Bidaia horiek ez zeuden aurrekontuaren barruan, eta guretzat hori ezusteko bat da». Gogorarazi du Kopak, gainera, beraientzat ez ezik, hiriarentzat ere etekin bat ekarriko zuela. «Baina zalerik gabe egitea ez du merezi».

Ez daki zergatik ez dieten ikasleei kirol ikuskizunetara sartzen uzten. «Beste erkidego eta ikuskizun batzuetan egiten da, eta horregatik ez dut ulertzen. Uste dut segurtasun neurriak hartuta eta edukiera mugatuarekin posible dela. Edukiera mugatuarekin zaleak Gaskan edo Bidebietan sartzea «garrantzitsua» izango litzateke haientzat. «Diru sarrera bat izango litzateke. Kontuan izan, gainera, kiroldegira zaleak sartu edo ez sartu gastua berdina dela guretzat. Berdin-berdin ordaindu behar ditugu pistaren alokairua, esataria, epaileak… Alde horretatik, ez da denboraldi erraza izaten ari».

Pandemiak ekarri dien beste aldaketa bat txapelketa ereduarena izan da. Zortzi taldeko bi multzotan jokatu dute lehen fasea, eta asteburu honetatik aurrera bi multzoetako lehen lauak titulua lortzeko borrokatuko dira, eta bi multzoetako azken lauak mailari eusteko. Eredu horren inguruan ondorengo hausnarketa egin du Garmendiak. «Eredurik zentzuzkoena zen ekonomikoki. Kirol ikuspegitik, berriz, liga motz eta lehiatuagoa lortu nahi zen, eta azken hori ez da erabat lortu. Uste dut atzerapauso bat izan dela; izan ere, emaitza askotan ikusi da talde batetik bestera dagoen aldea. Dena den, iruditzen zait joera hori aldatuko dela hurrengo denboraldietan». Orain ekingo diote denboraldiaren zati erabakigarrienari. «Egia da orain izango ditugun aurkarien kontra ez dugula jokatu, eta partida guztiak finalen parekoak izango direla. Baina hori pizgarria da».

Etxealdian egotea ere egokitu zaie. Baina oro har nabarmendu du COVID-19aren inguruan ezarritako protokoloa hobetuz joan dela, batez ere probak egiteko orduan. Antigeno testak egiten dizkiete partiden aurretik. «Hasieran ez ziren derrigorrezkoak. Baina kasuak ugaritzen hasi zirenetik probak ere ugaritu egin ziren, eta orain kontrola handiagoa da. Nahiz eta hori ere gastu erantsi bat izan klubentzat. Baina gasturik zentzuzkoena da». Egoerarekin «bizitzen» ikasi dutela dio. «Ni, adibidez, denboraldi hasieran jokalari batek buruko mina bazuen, kezkatzen hasten nintzen. Baina denborarekin lasaiago hartzen ari naiz gauzak. Jokalariak oso arduratsuak dira. Baina ez gaude salbu, eta kolpea litzateke orain gertatzea, denboraldiaren garai erabakigarrian».

Baina dena ez da lehen taldea, eta pandemiak harrobian izan duen eraginarekin ere kezka azaldu du Garmendiak. «Jokalari batek baino gehiagok utzi dute, kutsatzeko beldurragatik. Gainera, maila askotan lehia etenda dago».

Artikulu bilduma:Itxialdien itzalean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.