Saskibaloia. Espainiako Kopa. Fabien Causeur. Laboral Kutxako jokalaria

«Normala da gu faboritotzat ez jotzea, baina min egiten digu»

Valentziari irabaziz gero kopan dena posible dela uste du Causeurrek. «Lehen partidan, konfiantza hartzen duzu, eta...»; ez dira baikor plantak, sinetsita dio. Halere, ulertzen du Gasteizen dabilen giro ezkorra. Dena den, haren ustez, horrek ez du eraginik taldean.

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Gasteiz
2014ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Bideoa, goiz eta arratsaldez, eta entrenamendu berezia, gero. Valentzia baino ez du buruan, baina, hala ere, hiztun dago Fabien Causeur (Brest, Frantzia, 1987). Bigarren denboraldia du Gasteizen, eta zaleekin harrituta dago oraindik. «Malagara mila badoaz, beren barnean guregan sinesten dutelako da». Thomas Heurtelek min hartu izanak eragin egin dio, eta tristatu, lagun minak baitira. Baina sinetsita dago hura gabe ere taldea «lehiakorra» dela. Lau egunerako arropa sartu du poltsan, badaezpada ere.

Giro ezkorra dago Gasteizen. Jokalariok sumatzen al duzue?

Orain ezin gara itsutu zaleen iritziarekin. Garrantzitsuena Valentzia da. Ea aurkariak presioa sumatzen duen, sasoiko unerik onenean dagoelako.

Zuek, berriz, aurkako egoeran zaudete: azken partidetako emaitzak ez dira onak izan.

Egia da, baina partida bat 40 minutu dira, eta aurrekoak ez du eragiten. Gainera, Valentziaren aurka puntu bakarragatik galdu genuen ligan, eta azken jabetzan egindako huts larri batengatik. Aukerak izango ditugu, ziur.

Garai txarrean iristeak presioa kentzen al dizue?

Laboral Kutxan beti dago presioa. Profesionalak gara, eta guk irabazi egin nahi dugu. Are gehiago, talde handiei ere irabazteko gai garela erakusteko gogoz gaude sasoi honetan.

Objektiboki, Laboral Kutxak irabaz dezake kopa?

Partidaz partida joan behar dugu. Ezin dugu esan «kopa irabaziko dugu», baina kopa irabazteko gai garela uste dut, Malagara doazen talde guztiak bezala. Titulua lehiatzera goaz, ez oporretara. Hori bai, Heurtelen lesioa arazo larria da, garai oso onean zegoelako, baina azken asteko entrenamenduak onak izan dira, eta sasoi onean iritsiko gara.

Zuk atera duzu gaia. Nola dago Heurtel? Lagun onak zarete.

Bizkarreko handia hartu du. Ilusioz zegoen, eta nabarituko dugu haren hutsunea. Hark gidatzen gaitu, baina taldean jokalari gehiago daude haren lana egiteko gai. Asko hitz egiten dugu elkarrekin, eta hura gozatzen ari da sasoi honetan. Asko ari da jokatzen; ardura hartu behar izan du, eta hark oso gustuko du hori.

Laboral Kutxa talde handia da. Zaleen zalantza eta kritikek min ematen al dizuete?

Gure harrotasunean ematen digute min. Baina normala da gu faboritotzat ez jotzea. Dena den, gu halako iritziei kasurik ez egiten saiatzen gara. Taldea den multzo horretan biltzen gara, eta hortik baikortasuna elikatzen dugu.

Giro ezkorra, bai, baina ia mila pertsona doaz Malagara.

Barnean, fedea dute. Entzun dut Espainiako Kopa Baskonia Kopa dela. Sei aldiz irabazi du, eta hori garrantzitsua da zaleentzat. Lehen partida da gakoa; irabaziz gero, konfiantza hartzen duzu, eta edozer gauza gerta daiteke gero.

Koparako anbizioa poltsan sartzen den arropa kopuruaren arabera neurtzen dela diote...

Nik lau egunerako eramango dut, badaezpada ere! Baina ezin dugu esan txapeldun izango garela.

Azter ezazu Valentziaren jokoa.

Talde oso oldarkorra da, eta kanpoko lerroko jokalariek indar handiz jokatzen dute: Pau Ribasek, Rafa Martinezek... Barrurantz, beti. Erritmo bizia bilatuko dutela uste dut, eta partidaren hasiera garrantzitsua izango da. Haiek ohituta daude puntu asko sartzen, eta hasieran jario hori gelditzea garrantzitsua izango da. Amaiera estua bada, guretzat mesede. Nire ustez, haiek baino jokalari eskarmentudun gehiago ditugu.

Zenbat aldiz ikusi duzue ligan galdutako partida?

Bai, bai... Bi egunez ikusi ditugu irudiak. Ondo eginiko gauzak, gaizki eginikoak... Segundo bat gehiago defendatzea falta izan zitzaigun irabazteko.

Bigarren urtea duzu Laboral Kutxan. Zer aldatu da iragan sasoitik hona?

Euroligan, etxean jokaturiko azken partidan ez zegoen jende askorik pabiloian, eta horrek zer pentsatua eman zidan. Horrek ere min ematen digu, guk zaleek bultza gaitzaten nahi dugulako. Dena den, badakigu babes hori guk sustatu behar dugula. Hobeto jokatu eta irabazten badugu, berreskuratuko dugu anbizioa. Baina Malagara mila pertsona baldin badatoz, guregan sinesten dutelako da. Kritikak egin ditzakete, baina badute konfiantza.

Zer moduz daukazu giltzurruna? Liga hasieran, hilabete egin zenuen jokatu gabe, eta, ordutik, ez da berririk egon.

Ondo nago. Bere garaian asko ikaratu nintzen, baina orain sasoi betean nago. Jokatzea baino ez dut buruan, eta kantxa gainean erakutsi behar dut gogo hori.

Azken lehiatan gehiago ari zara jokatzen, David Jelinek baino gehiago.

Begira; David eta bion artean ez dago barne lehiarik. Entrenatzailea halakoa da, eta partidaren araberakoa da. Partida batzuetan Davidek nik baino hobeto joka dezakeela uste badu, hark gehiago jokatuko du, eta beste batean nik aurkaria hobeto zaindu dezakedala uste badu, ni jarriko nau. Hala da. Nik jokatu nahi dut, argi dago, baina ez dut inolako lehiarik postukideekin.

Zer moduz Sergio Scariolorekin?

Ondo, entrenatzaile ona da. Sasoi honetara arte, inoiz ez nuen harekin lan egin, eta gustura nago. Saskibaloia ondo ezagutzen du. Harekin zailena une oro arreta jartzea da: azalpenetan, entrenamenduetan... Une oro kontzentrazio handia eskatzen duen entrenatzailea da.

Eskoltek puntu gutxi sartzen dituzue. Zuen postuan saskiratzaile peto baten hutsunea al dago?

Joko sistema bat dago, eta horren arabera mugitzen gara. Sasoi honetan, aurrekoan baino defentsa ardura handiagoa dut, eta txikiagoa erasoan. Partida batzuetan, nik lau jaurtiketa bakarrik egiten ditut, eta hala zaila da hogei puntu sartzea... Nik entrenatzaileari jartzen diot arreta, kazetari eta ingurukoei baino gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.