Norabide bakarrekoa

Athletic Oiartzun baino gehiago izan da, eta 0-5 irabazi du derbian. Realak sasoiko gol festa handiena lortu du Zaragozaren aurka (6-1)

Athleticeko jokalariak atzoko partidan sarturiko goletako bat ospatzen. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2017ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Emaitza argigarria da, eta, bide batez, zelai gainean ikusi zenaren isla. Athletic Oiartzun baino gehiago izan zen atzo Karla Lekuonan, eta ondo merezita irabazi zuen derbia (0-5). Emaitzak kanpokoen merituak saritu zituen, eta etxekoen hutsak zigortu. Izan ere, bigarren zatiko lehen ordu laurdenean, Athleticek hiru gol sartu zituen jarraian hiru kornerretan. Garaipen horri esker, eta gaurko emaitzen zain, Bilboko taldeak Levante pasatu du, eta laugarren postura igo da. Oiartzunek, aldiz, 13. postuan jarraitzen du, eta bi punturen aldea du jaisteko postuekiko.

Denboraldi hasiera gogorraren ostean, Oiartzunek burua altxatu du bigarren itzulian, eta ilusioz iritsi zen derbira. Athletic ere bolada onean zen —atzokoa bosgarren garaipena izan zen jarraian— eta partidaren hasieran kanpotarren sasoia nabarmendu zen. Athleticek baloia eta jokoaren ekimena hartu zituen. Horri esker, 0-1 aurreratu zen (17. min), Yulema Corresen golarekin. Nekane Diezek pase neurtua eman zion eta aurrelariak, Oiartzunen atzelarien artean, ondo gurutzatu zuen jaurtiketa.

Lehen zatia emaitza horrekin amaitu zen. Oiartzun gogotsu ari zen, baina Athleticek partida kontrolpean zuen. Etxekoen atzeko lerroko kalbarioa atsedenaldiaren ondoren hasi zen, Athleticek hiru gol sartu baitzituen jarraian Ane Otxoa atezainaren ezker aldetik ateratako hiru kornerretan. Hirurak toki beretik atereak, eta hirurak buruz sartu zituen. Vanessa Gimbertek lehena (0-2, 52.min), Corresek bigarrena (0-3, 56. min) eta Maite Lizasok hirugarrena (0-4, 0. min). Hiru goletan Oiartzuneko atzelari lerroa eta atezaina oso bigun aritu ziren. Gari Argote entrenatzaileak badauka zer landua aste honetako saioetan. Athleticen azken gola Nekane Diazek sartu zuen jokaldi luze eta landu batean (81. min). Ordurako etxekoak amore emanda zeuden.

Reala, oso sendo

Realak ere atzo jokatu zuen 21. jardunaldiko partida, eta nagusitasunez irabazi zion Zaragozari (6-1). Aurreko hiru partidak galdu ondoren, sasoiko gol festa handienarekin itzuli zen Kopan sartzeko lehiara. Realak atsedenaldiaren aurretik hautsi zuen oreka. Gol aukera asko izan zituen lehen zatian, eta hiru baliatu zituen. Nahikarik lehen biak (1-0, 10. eta 2-1, 25. min), eta Nerea Eizagirrek hirugarrena (3-1, 35. min). Bi golen tartean Sarak penaltiz sartu zuen 2-1ekoa (17. min). Bigarren zatian jokoa orekatu egin zen, baina Realak min handia egin zuen kontraerasoan. 4-1ekoa Manuela Lareok sartu zuen, eta azken bi golak Aintzane Encinasenak izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.