Nor den gogorarazi dio

Aston Villa berreskuratzen ari da behinola izandako handitasuna, Unai Emeryren bidez. Ingalaterrako talderik onenetan hirugarrena da urtea hasi zenetik, eta berriz ere txapeldun izateko ametsa du Europan.

Unai Emery
Unai Emery Aston Villako entrenatzailea, aginduak ematen. ADAM VAUGHAN / EFE
enaut agirrebengoa
2023ko azaroaren 22a
05:10
Entzun

Doan tokira doala, arrastoa uzten du Unai Emeryk. Azkar lortzen du jokalarien konfiantza, eta duten onena ateratzen die. Maisua da talde ikusgarri bezain irabazleak eratzen. Lan horretan dihardu orain Aston Villan. Iazko azaroan iritsi zen Birminghamera (Ingalaterra), eta, urtebeteko epean, guztiz itxuraldatu du taldea. Hamazazpigarren postuan hartu zuen, jaisteko postuetatik puntu bakarrera; bada, salbatu ez ezik, Europan ere sartu zuen iragan sasoian, eta beste koska bat igotzen lagundu nahi dio denboraldi honetan. Oraingoz, ahaltsuenen erritmoari eusten ari zaion talde bakarra da Aston Villa: bosgarren dago sailkapenean, laugarrenak, Tottenhamek baino puntu bat gutxiagorekin, eta hirura du Manchester City, Premier Leagueko liderra.

Onenekin lehiatu daitekeela sinetsarazi dio Emeryk Aston Villari. Finean, Ingalaterrako talderik handienetako bat da, tradizio aldetik nahiz irabazitako garaikur kopuruari dagokionez. 1874an sortu zen, eta 110 denboraldi osatu ditu ordutik Ingalaterrako Lehen Mailan. Soilik Everton du aurretik 121 sasoirekin. Aston auzoko Villa Park estadioan jokatzen du 1897az geroztik, eta, hain justu, talderik indartsuena izan zen Vikotoriar aroan: bost Liga eta hiru Kopa irabazi zituen 1886 eta 1900 bitartean. Gerora, beste bi Liga eta lau Kopa eskuratu ditu, eta Europako txapeldun ere izan da. Guztira 25 tituluk osatzen dute Birminghameko taldearen bilduma. Oparoenetako bat da: Big Six delakoa osatzen duten taldeek bakarrik lortu dute garaikur gehiago, hots, Liverpoolek, Manchester Unitedek, Arsenalek, Chelseak, Manchester Cityk eta Tottenhamek.

Alabaina, iraganeko bristadak miretsiz bizi izan dira Aston Villaren zaleak. Aspaldi ospatu zituzten villans­-ek azken garaipen handiak: Liga 1981ean irabazi zuten azkenekoz, eta hurrengo sasoian izan ziren txapeldun Europako Kopan [gaur egungo Txapeldunen Liga]. 2001ean Intertoton gailendu zirenetik, ez dute beste garaikurrik altxatu. Bigarren Mailara jaitsi ziren 2016an, elitean jarraian 28 urtez aritu eta gero. Diruz larri zegoen kluba, eta 2018an Nassef Sawiris eta Wesley Edens magnateek erosi zuten. Haien inbertsioak goren mailara itzultzen lagundu zion Villari; ez, ordea, onenen artean distira egiten. Hazteko asmoz, kalitatezko taldea osatu, eta Steven Gerrard izendatu zuten entrenatzaile. Liverpooleko mitoak, baina, hamalau partida iraun zuen bakarrik karguan.

Egoera horretan iritsi zen Emery Birminghamera, Pako Aiestaranek lagunduta. Hura fitxatu izanak berehalako eragina izan zuen: 3-1 irabazi zioten Manchester Unitedi gipuzkoarraren debutean. Harrezkero, 37 neurketa zuzendu ditu Ligan, eta horietatik 23 irabazi ditu, hau da, partida guztien %62. Batezbestekoari erreparatuta, klubaren historiako teknikaririk irabazleena da oraingoz. Aston Villak 68 puntu ditu lortuak 2023an, Arsenalek bezainbat. Soilik Manchester City izan da emankorragoa. Hamarkada batez itxaron ondoren, Europan sartu zen iragan denboraldian, eta Konferentzia Liga irabaztea du erronka sasoi honetan. Europan loria dastatzeko, nekez aurkitu daiteke Emery baino entrenatzaile hoberik.

Real Unionekin lankidetzan

Bi astean behin festa handia izaten da Villa Parken. Iragan sasoian, partidako 41.674 lagun hartu zituen bataz beste; klubaren historiako bigarren bertaratze daturik onena da. Sarrerak amsituta daude jada sasoi honetarako, eta 20.000 zaletik gora daude bazkide izateko itxaron zerrendan. Inork ez ditu galdu nahi Aston Villaren partidak, etxean indar betean baitabil: otsailean galdu zuen azkenekoz, eta irabazi egin ditu ordutik Birminghamen jokatu dituen lehia guztiak. Hamahirutik hamahiru. Inoiz izan duen boladarik onena da, 1983-1984ko sasoian izan zuenarekin berdinduta. Zaleek harmarri berria aukeratu zuten sasoi honetarako: biribila da, Europako txapeldun izan zirenean zeukatenaren oso antzekoa. Handi sentitzen dira berriro.

Emaitzez harago, joko ikusgarria ari da egiten Emeryren Villa. Oso talde moldakorra da: trantsizioetan bezala joko estatikoan ere gailendu daiteke. Cityren atzetik, gol gehien sartu dituzten taldeetan bigarrena da (29 gol). Elektrizitatea dario alde guztietatik. Eskuarki 4-4-2 forma hartzen du zelaian, eta hegaleko erdilariek barrura egiteko joera dute. Hala, area zapaltzeko aukera du Mcginnek, eta hegaletatik sakon aritu daitezke Digne eta Cash. Emeryk, halaber, loratzen lagundu dio Ollie Watkinsi. Aurrelariak erruz egiten eta eragiten ditu golak. Aldamenean Moussa Diaby du, edozein talde handitan tokia izango lukeen jokalaria. Douglas Luizek eta Kamarak bikote orekatua osatzen dute zelai erdian, eta defentsan finkoak dira Pau Torres eta Konsa, ate azpian Emi Martinez bezala.

Hazten jarraitu nahi du Aston Villak, eta kluben elkarte bat ari da eratzen. Alde horretan, lau urterako hitzarmena sinatuko du Real Unionekin. Irungo taldearen akziodun nagusia da Emery, eta haren anaia Igor da presidentea. Harrobia garatzea eta jokalari eta teknikariak trebatzea izango da lankidetzaren helburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.